euskaraespañol

Monike Gezuraga Amundarain

Mundu komuna: irakasleen erantzukizun eta konpromiso sozialaren garrantzia

Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakaslea eta ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/09/16

(Beste leiho bat zabalduko du)
Argazkia: RDNE Stock project

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Irakaskuntza, orokorrean, eta irakasteko eta ikasteko prozesua, zehazki, inoiz ez dira neutralak. Eduki akademikoez gain, mundua ikusteko, ulertzeko eta bertan parte hartzeko moduak partekatzen ditugu irakasleok gure ikasleekin. Nahita edo nahi gabe, gure ikasleekin, haien senitartekoekin eta gainerako hezkuntza komunitatearekin erlazionatzean egiten dugu hori.

Gure eguneroko jardunari eragiten diote irakaskuntza ulertzeko dugun moduak, irakasgaietara hurbiltzeko dugun moduak eta gure irakaskuntza jardueraren xedeak. Hori dela eta, gero eta ikerketa eta hezkuntza-programa gehiagok jartzen dute fokua irakasleen nortasunean eta jarreran.

Zertarako eta zergatik gara irakasleak?

Gure lanbidearen gainean pentsatzen dugun guztiak osatzen du irakaslearen nortasuna. Gela batean ikasle gisa sartzen garen lehen aldian hasten da eraikitzen, eta eraldatzen joaten da erretiroa hartu arte. Ez da prozesu indibiduala: beste batzuekin batera ikasten eta pentsatzen dugu gure lanbidearen gainean.

Azken hamarkadetan, ikastetxea etorkizuneko lanbideak ikasteko espazio gisa ulertzea bultzatu dute pentsamendu korronte neoliberalek; hezkuntza politikak enpresen ‘lobbiek’ sortutako azterketa estandarizatuen (adibidez, PISA) emaitzen presiopean diseinatzen dira; eta hezkuntza eskaintza pribatua merkantilizatu egin da, eta bezero bilakatu dira ikasleak eta familiak. Horrek bereziki eragiten die irakasleei: bai haien bizi baldintzei, bai haien sinesmen, nortasun eta jarrerari.

Batetik, hezkuntza politikek aldatu egin dute irakaslearen lana (handitu egin dira digitalizazioarekin, eraginkortasunarekin, berrikuntzarekin eta gaitasunekin lotutako eskakizunak). Bestetik, gizartearen indibidualizazioa eta despolitizazioa gero eta handiagoak dira, eta horrek aldatu egin du irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren esanahia, baita egitekoa bera ere.

Etorkizun ziurgabera egokitzetik, eraikitzera

Ikastetxeetan iraganari, gure egungo munduari eta etorkizunari buruz irakasten eta ikasten da. Eta hiru kontzeptuetako bakar bat ere ez da neutrala. Azken urteetako hezkuntza arloko berrikuntzek etorkizun aldakorraren erronketara egokitzeko beharra dute oinarrian: zehaztu gabeko etorkizuneko agertokietara egokitu behar dugula esaten digute.

Aldiz, gure ikerketak erakusten duenez, egokitu beharrean, interesgarriagoa izango litzateke denen artean gaur egun zer ezagutza, jakintza eta pedagogia behar ditugun pentsatzea, etorkizun bizigarriak, jasangarriak eta komunak eraikitzeko.

Denona zaintzea

Ikastetxea espazio pribilegiatua da denona den hori eraikitzeko eta zaintzeko: zerbitzuak, ondasun eta espazio publikoak, giza eskubideak, demokrazia, kulturak... Denona den hori denon artean eraiki behar da, bidezkoa eta inklusiboa izan dadin, eta denon ongizatea kontuan izan dezan.

Hain zuzen ere, irakaslearen nortasunak zehazten du irakasleak nola ulertzen duen komuna den hori, eta haren funtzioa. Zer da irakasleentzat justizia soziala? Zer jarrera hartzen dute ikasgelako, ikastetxeko edo komunitate hurbileko bidegabekeriei aurre egiteko orduan? Zer estrategia pedagogiko erabiltzen dituzte horretarako? Galdera horiei erantzun nahi izan diegu, irakasleen nortasunari buruzko mundu mailako azterlanen metaanalisia eginda.

Azken hamar urteetan munduan zehar irakasleen erantzukizun eta konpromiso sozialari buruz egindako 32 ikerlan aztertu ondoren, hiru ekintza lerro nagusi topatu ditugu: irakasleen prestakuntza birpentsatzea, aktibista gisa posizionatzea eta ekintza kolektiboetan parte hartzea.

Justizia sozialera bideratutako pedagogiak

Mundu mailako irakasleen prestakuntzan, justizia sozialaren ikuspegia ez da lehentasuna, baina hainbat unibertsitatek proposamenak dituzte.

Justizia sozialera bideratutako irakaskuntzak funtsezkoa izan beharko luke irakasleen prestakuntza programetan. Sinesmenak deseraikitzea eta besteekin hitz egitea giltzarriak izan daitezke hori lortzeko. Prestatzen ari diren irakasleek ikastetxeetan egiten dituzten praktikak oso baliagarriak izan daitezke horretarako.

Irakasleen aktibismoa

Justizia sozialera bideratutako irakaskuntza lotuta dago irakasleen aktibismoarekin. Erantzukizun sozial handia duten irakasleek modu parte hartzailean irakasten dute bidegabekeriak salatzeko orduan. Era berean, parte hartze komunitariora bideratzen dute haien jarduna, gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa lortzeko. Hori modu naturalean gertatzen da irakasleek mugimendu sozialetan parte hartzen duten testuinguruetan.

Lehen pauso gisa, giltzarria da irakasleak haien sinesmenez jabetzea. Horretarako, estereotipoak deseraiki ditzakete, curriculuma modu kritikoan aztertu dezakete eta hezkuntza komunitatearekin hitz egin dezakete arazo sozialei buruz. Hortik abiatuta, posible da ikasleek gizartearen onerako proiektu komunitarioetan parte hartzea.

Nortasun indibidualetik posizionatze kolektibora

Unibertsitateen, mugimendu sozialen, ikastetxeen eta komunitatearen arteko lankidetza solidarioa denean, nortasun kritiko arduratsua eta kontzientea eraikitzen dituzte irakasleek zein ikasleek. Jendea hitz egiteko biltzen denean sortzen da konpromiso soziala.

Elkarlanean, irakasleek aukera gehiago dituzte ongizatea lortzeko, errealitatea elkarrizketan oinarrituta eta modu konplexuagoan ulertzeko, eta justizia sozialera bideratutako eraldaketa sortzeko. Irakasleek erantzukizun eta konpromiso soziala ulertzeko duten modua aztertuta, irakasleen kolektiboak guztion ongizatearen alde antolatzeko dituen arrazoiak eta jarrerak uler ditzakegu.

Irakasteko prestatzea, erantzukizun sozialaren parte

Garapen politikorako espazio gisa ulertu behar da irakasleen prestakuntza. Erantzukizun eta konpromiso soziala modu politikoan eta kolektiboan ulertuz gero, gizarte justuagoak eta berdinzaleagoak lortzeko elkarlana handiagoa da hezkuntza komunitateetan. Gainera, handitu egiten dira antolaketa, zerbaiten parte izatearen sentimendua, ongizatea eta denen artean etorkizun hobea sortzeko esperantza kolektiboa.

The Conversation