euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUko eta ACHUCARROko bi ikertzailek parte hartzen duten partzuergo batek 11 milioi dolar jaso ditu Parkinson-en gaixotasuna ikertzeko

Egoitza AEBen duen ASAP (AligningScienceAcrossParkinson) ekimenak mundu osoko sareek aurkeztutako ekimen berritzaileenak eta potentzial handiena dutenak soilik finantzatzen ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/27

Jan Tønnesen eta Federico N. Soria Achucarro zentroko ikertzaileak. ARGAZKIA: Achucarro. UPV/EHU
Jan Tønnesen eta Federico N. Soria doktoreak. ARGAZKIA: Achucarro. UPV/EHU

Parkinson-en gaixotasuna nahasmendu neurologiko bat da, sistema motorrari eragiten dio nagusiki eta dardara, zurruntasuna eta mugimendu geldoak izatea du ezaugarri. Bigarren gaixotasun neurodegeneratibo ohikoena da Alzheimer-en gaixotasunaren atzetik. Nahasmenduaren kausak ezezagunak izan arren, hura garatzen laguntzen duten arrisku faktore genetikoak identifikatu dira, baita ingurumen arriskuak ere.

ASAP (AligningScienceacrossParkinson's) ekimenak AEBen du egoitza eta nazioarteko proiektuak finantzatzen ditu, Parkinson‑en gaixotasunaren kausak ulertzeko asmoz. Horretarako, Michael J. Fox Fundazioarekin elkarlanean aritzen da, azken hori baita munduan Parkinson-en gaixotasunari buruzko ikerketak finantzatzen dituen erakunde pribatu nagusia. ASAP programak gaixotasun hori argitzen lagundu dezaketen proiektu aitzindariak aukeratzen ditu, erasanaren kausak ezezagunak baitira oraindik. ASAPen urteroko deialdiek mundu mailan oso indartsuak diren ikerketa partzuergoak biltzen dituzte urtero, eta proiektu berritzaileenak eta potentzial handiena dutenak soilik finantzatzen ditu. UPV/EHUko Neurozientziak Saileko eta ACHUCARRO zentroko Federico N. Soria eta Jan Tønnesen doktoreek parte hartzen duten lantaldea izan da horietako bat eta 11 milioi dolar jasoko ditu proiektua aurrera eramateko. Taldearen burua Miquel Vila (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) da.

Finantzatutako proiektuak Parkinson-en gaixotasuna eragiten duen patologia nola eta non sortzen den ikertuko du, eta gaixotasuna nola garatzen den garunaren zati desberdinetan. Soria doktoreak zelulaz kanpoko matrizea ikertuko du, eta Tønnesen doktoreak, berriz, garunaren zelulak inguratzen dituen zelulaz kanpoko espazioa izango du aztergai. Federico Soria doktorearen hitzetan, "matrizea zein zelulaz kanpoko espazioa garatzen ari diren ikerketa arloak dira, eta azkenaldian arreta handiagoa jartzen ari gara horietan; horiek aztertzea erabakigarria izan daiteke Parkinson-en gaixotasunaren testuinguruan”. Bi ikertzaileek Achucarron eskuragarri dauden azken belaunaldiko mikroskopia teknikak erabiliko dituzte; hain zuzen, horiek funtsezko faktorea izan dira partzuergoan sartzeko.

Laguntza entzutetsu hori ekarpen handia izango da bi ikertzaile gazte horien laborategiak garatzeko. Tønnesen doktorearen arabera “oso lorpen garrantzitsua da, gure nazioarteko kolaboratzaileen sarea zabaltzeko aukera ematen digulako eta zeharo lehiakorra den lan arlo batean posizionatzea ahalbidetzen digulako".

Proiektuari aste gutxi batzuk barru ekingo diote ofizialki, eta hiru urte iraungo du.

Informazio gehiago:

https://parkinsonsroadmap.org/

https://www.achucarro.org

https://sites.google.com/site/tonnesenlab

https://www.neurobiologylab.org/people/federico-soria