euskaraespañol

Eguneko irudia

Teresa Fuertes Mendizabal eta Maddi Malatsetxebarria

Intsektuen gorotzak miniaturako altxorra dira nekazaritzarentzat

Landare Fisiologiako irakaslea eta Ingurumen Agrobiologiako doktoratu aurreko ikaslea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/07

(Beste leiho bat zabalduko du)
Frassetatik isolatutako onddoak, irin-harra hazteko prozesuaren azpiproduktu bat, nekazaritzan ongarri gisa erabil daitekeena | Argazkia: Teresa Fuertes, CC BY-SA.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Giza dietan intsektuak sartzea exotikoa irudituko zaigu, urrunera egindako bidaia batetik aterea. Alabaina, gure mahaietatik geroz eta gertuagoa dago. 2030erako aurreikuspena da intsektu jangarrien mundu mailako merkatuak 3.000 milioi euroak gainditzea Europan.

Elikatzeko proteina alternatiboen eskari handia dela eta, bai gizakiena, bai animaliena, irin-harren hazkuntza asko igo da azken urteotan. Hala ere, nekazaritzan ere erabil daiteke animalia hori. Zehazki, bere gorotzak.

Elikagaien Segurtasunerako Europako Autoritateak irin-harren kontsumoa baimendu du gizakion elikadurarako. Espainian oraindik helburu horretarako komertzializatzen ez den arren, Salamancan dago munduko ekoizpen instalaziorik handienetako bat.

Oharra beldurtienentzat: kirisi ekosozialaren garaian gaude eta klima aldaketa murriztea da benetako erronka. Animalien proteina metanorik eta amoniakorik isuri gabe ekoiztea, animalien ekoizpenerako beste sistema batzuk baino ur gutxiago kontsumitzea eta karbono aztarna negatiboa izatea agertoki positiboa da.

Baina, zer animaliari buruz ari gara eta zergatik da hain interesgarria? Irin-harra ‘Tenebrio molitor’ intsektuaren larbaren fasea da. Koleoptero txiki hori proteina iturri aberatsa izateaz gain, beste esparru batzuk iraultzeko hautagai egokia da, besteak beste, nekazaritza. Hori guztia ekonomia zirkularraren barruan. Nola? Ongarri organiko gisa balio handia duten gorotzak sortuz.

Gorotz bikainaren sekretuak

‘T. Molitor’ intsektuaren harra hazteko prozesuaren azpi produktua larben gorotzen, digeritu gabeko elikagai arrastoen eta exoeskeletoaren zatien nahasketa da finean. Multzo horrek ‘frass’ du izena eta miniaturako altxorra da nekazaritzarentzat, duen osaera fisiokimiko eta mikrobiologikoarengatik.

Makromantenugaien eduki altua du, beste ongarri organiko batzuen antzekoa edo altuagoa, esaterako, mindena eta simaurrarena. Horregatik, eraginkorra da laborantzarako nitrogenoa, fosforo eta potasio hornitzaile gisa eta ongarri mineral konbentzionala partzialki edo erabat ordezkatzeko potentzial bikaina du.

Nitrogenoan, fosforoan eta potasioan oinarritutako ongarri mineral askok ez bezala, ‘frassak’ landareentzako ezinbestekoak diren mikromantenugai asko ere baditu. Besteak beste, manganesoa, burdina, zinka, kobrea eta boroa ditu. Hezetasun txikia du, % 10 ingurukoa, eta, horregatik, beste hondakin organiko batzuk baino maneiagarriagoa, aplikatzeko erraza eta gordetzeko egonkorragoa da.

Hala ere, perfume garesti baten modukoa da: eraginkorra da dosi txikitan. Azterketek frogatu dute dosi handietan kaltegarriak izan daitezkeela landareen hazkunderako.

‘Frass’ ongarriaren bereizgarrietako bat deskonposizio azkarra da. Izan ere, lurzoruan aplikatzean, mineralizazio tasa edozein ongarri organikorena baino azkarragoa da. Karbono labil asko duenez, erraza da lurzoruko mikrobiotarentzat eskuratzea eta mikrobioen jarduera estimulatzen du. Hala, lurzoruko materia organiko natiboa deskonposatzen laguntzen du. Hau da, mikrobioen biomasaren mineralizazioa eta hazkundea sustatzen du eta ezinbestekoa da hori lurzoru osasuntsu eta emankorra izateko.

‘Frassaren’ mikrobiota

‘Frassa’ oso interesgarria da baita ere ikuspegi mikrobiologikotik, bakterio eta onddo onuragarriak baititu eta laborantzen hazkundea eta osasun egoera hobetzeko gai baitira.

Landareen hazkundea sustatzen duten mikroorganismo horiek gai dira lurzoruko fosfatoa edo potasioa disolbatzeko eta nitrogenoaren finkapen biologikoa egiteko. Horrek handitu egiten du laborantzarako mantenugai horiek eskuragarri izatea.

Beste batzuk gai dira landareen garapena hobetzeko hormonak sortzeko. Mikroorganismo horiek nekazaritzako lurzoruan aplikatzean, laborantzen hazkundea eta egoera fisiologikoa hobetzen da eta, hala, erresistenteagoak dira estres abiotikoen aurrean, hala nola lehorteen eta gazitasunen aurrean.

Gainera, ‘frassean’ dauden mikroorganismo batzuk landareen defentsa erantzunak aktibatzen dituzte. Horrek patogenoak ezabatzea sustatzen du.

Animalien gorotzak aplikatu ahal izateko, higienizazio tratamendu bat egin behar da legez, giza osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen balizko mikroorganismoak hiltzeko. Hala ere, ‘frassaren’ kasuan, tenperatura altuak aplikatuz gero, balizko patogenoez gain, laborantzen hazkunderako onuragarriak diren mikroorganisko asko ere hil daitezke.

Bestalde, ‘frassaren’ mikrobiotaren konposizioan eragina du ‘T. Molitor’  intsektuaren larbek hazteko unean izan duten dietak.

Hori guztia dela eta, ‘frassak’ ongarri modura duen etorkizuna oso esperantzagarria den arren, alderdi batzuk sakondu behar dira oraindik. Esaterako, ekoizpen baldintzak eta higiene tratamendu alternatiboak bilatu behar dira potentzial guztia aprobetxatu ahal izateko.

Hala ere, ‘T. Molitor’ intsektuaren gorotza ez da “gorotz bikaina” soilik, lurzoruaren emankortasuna hobetzeko eta nekazaritza jasangarria, efizientea eta klima-aldaketaren aurrean erresilientea sustatzeko gai den soluzio berritzailea da.

The Conversation