euskaraespañol

Eguneko irudia

Iñigo Garcíak, arkitektura irakasleak, Espainiako Errege Akademian, Erroman, egonaldia egiteko beketako bat eskuratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/12/19

Iñigo García Arkitektura Goi Eskola Teknikoan bere lana erakusten | Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Iñigo García Odiagak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko irakasleak, Erromako Espainiako Errege Akademiak emandako 17 beketako bat eskuratu du. Guztira, 965 hautagaitza aurkeztu ziren. Erakunde horrek "sortzaile eta ikertzaileen prestakuntza artistikoa eta humanistikoa sustatzen du, Espainiak Italian presentzia handiagoa izan dezan eta bi herrialdeetako kulturak hobeto uler daitezen". Iñigo Garcíak egonaldia egingo du Espainiako Errege Akademian, Erroman.

“Beka ikerketan buru-belarri aritzeko gune bikaina izango da eta, aldi berean, egonaldia beste artista eta ikertzaile batzuekin partekatzeko aukera izango dut, eta, horren bidez, lana zeharkako begiradarekin aberastu. Egonaldia gaur egun Espainiako Akademia den San Pietro in Montorioko garai bateko konbentuan egingo dut. Gainera, bekak lasaitasunerako tartea izateko aukera ere eskainiko dit, Erroma hirian bertan, bertako funtsezko elementuetako bati buruzko azterketa amaitzeko: eskailera. Hain zuzen ere, arkitektura klasikoan funtsezkoa da hiri hau, baina baita errenazentistan, barrokoan, neoklasikoan eta baita modernoan ere".

Iñigo Garcia Odiaga (Bilbao, 1977) Proiektu Arkitektonikoetan irakaslea da Euskal herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan, VAUMM estudioko bazkidea. Erakunde berean doktorea da eta ikerketako artikuluak eta liburuak argitaratu ditu. Horien artean, hauek: “La Vivienda Productiva’ edo ‘La Piel Mediadora’. Gainera, VAUMM estudioak egindako lanak erakusketa kolektiboetan egon dira ikusgai. Jasotako sarien artean, 2013an eta 2022an Mies van der Rohe sarietarako lortutako izendapenak azpimarratu behar dira. Bestalde, Cerámica ASCER XXI. Sarietan finalista izan da. 2013 eta 2015ean, Arkitekturako eta Hirigintzako Espainiako XII. eta XIII. Bienalean aukeratu zuten.

Espainiako Errege Akademiak Erroman egindako deialdira aurkeztutako ikerketa proiektuak, Iñigo Garcíaren hitzetan, "‘Erromako eskailerak’ taxonomia egitea proposatzen du, ez soilik maila dokumentalistan, baizik eta jarrera proaktiboa hartuta, atzean utzi denaren etorkizuneko potentzialari adi. Ikuspegi garaikide batetik, eskailera problema matematiko batera baztertuta geratu da eta araudi zorrotzek arkitekturaren historia osatzen duten diseinu posibleak itotzen edo oztopatzen dituzte. Hain zuzen ere, diseinu horiek omenduak izan dira artearen, ikusizko arteen eta zinemaren esparruan duten ahalmen ikonografiko, adierazkor eta sinbolikoa direla eta. Arkitektura elementu hori etorkizuneko proiektuetarako berreskuratzea da ikerketa horren erronketako bat. Antzinatetik hasi eta mugimendu modernora arte Erromako kaleetan, plazetan eta eraikinetan barrena hedatzen diren eskailerek etorkizuneko eskailerak birpentsatzeko azterketa esparru gisa balio dute".

Iñigo García irakasleak sei hilabeteko egonaldia egingo du, 2025eko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte. Erromako Espainiako Errege Akademiak Gianicoloko muinoaren gainean dagoen San Pietro in Montorio garai bateko komentu zaharreko gune monumentalaren barruan, estudioa, lanerako espazio-tailerra eta apartamentua eskaintzen dizkie bekadunei pentsio osoko erregimenean. Historiografia arkitektonikoaren ezinbesteko lekua da eta Bramanteren Tempiettoa (tenplutxoa) dago gune horren baitan, San Pedroren gurutziltzatze lekua oroitzeko eraiki zutena.

Proiektua bi fasetan garatuko da; lehenengoa, 8 familiatan antolatutako 28 eskaileren maketak aztertu, marraztu eta eraikiko dituzte (hiriko eskaileretatik hasi eta prozesio-piezak edo geometriako bitxiak arte). Bigarren zatia Erromako Akademian bertan egindako elkarrizketa batzuekin hasiko da. Bertan, lau gonbidatuk eskailerek kulturan eta arkitektura garaikidean betetzen duten rolari buruzko ikuspegiak partekatuko dituzte.