Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk ingurumen-zuzenbidearen erronkei aurre egiteko lehen Jasangarritasun Gela aurkeztu dute
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/12/12
Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekano Alberto Emparanzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok aipatutako ikastegiko Jasangarritasun Gelaren aurkezpenean parte hartu dute. Ekitaldian parte hartu du, halaber, Irune Suberbiola Zuzenbide Fakultateko graduondoko dekanordeak.
Jasangarritasun Gela honek ingurumen-zuzenbidearen eta jasangarritasunaren inguruan hausnartzeko, prestatzeko eta ezagutza transferitzeko gune dinamiko bihurtzeko helburua du; baita, ikuspegi juridikotik heltzea gure garaiko ingurumen-erronka handiei, hala nola klima-aldaketari, biodibertsitatearen galerari eta natura-baliabideen kudeaketa jasangarriari ere.
Ikasgela adituen, ikasleen, akademikoen, profesionalen eta elkarte-mugimenduaren bidez antolatutako gizarte zibilaren arteko topagune gisa planteatzen da, ingurumen-arazoei konponbide berritzaileak ematea sustatzeko ikuspegi juridikotik. Proiektu honek indartu egiten du UPV/EHUren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren arteko lankidetza historikoa, 1990ean Estatuko Ingurumen Zuzenbideko lehen graduondoa abiarazi baitzuten.
Jardunaldi bat, goi-mailako eztabaidekin
Jasangarritasun Gelaren aurkezpenak jardunaldi akademiko bat izan du, ingurumen-zuzenbidean eta jasangarritasunean adituak diren pertsonak bildu dituena, arlo juridiko-ingurumeneko gai larri eta konplexuenetako batzuk jorratu dituztenak.
Goizean, jasangarritasuneko politika publikoei buruzko hausnarketarekin hasi da, Europako Itun Berdeak Europako trantsizio ekologikorako esparru estrategiko gisa duen zeregina aztertu duen mahai batean. Blanca Sorok, Murtziako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak eta Biozuzenbideko, Etikako eta Osasuneko Ikasketa Zentroko zuzendariak, asmo handiko plan hau aztertu du politika publikoen ikuspegitik. Bestalde, Sara Garcíak, Salamancako Unibertsitateko Administrazio eta Ingurumen Zuzenbideko Saileko doktoratu ondoko ikertzaileak, garapen berrienetako batean sakondu du: Natura Lehengoratzeko Erregelamenduan, kontinentean funtsezko ekosistemak babesteko eta berreskuratzeko diseinatua.
Ondoren, jardunaldiak jasangarritasunaren dimentsio sozialean jarri du arreta, gizarteko sektore guztien ahotsak eta ikuspegiak integratzearen garrantzia azpimarratuz. Marcos de Armenteras irakasle laguntzaile doktorea eta ikertzailea da Balear Uharteetako Unibertsitatean, eta azpimarratu du gazteak funtsezko rola betetzen ari direla justizia klimatikoaren eta klimaren aldeko ekintza globalaren aldeko borrokan. Maria Estrella Sánchezek, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Harmony with Nature (NBE) programako ekonomia ekologikoan aditua denak, Naturaren Eskubideei buruzko ikuspegi sozioekonomikoa eman du, ekosistemak zuzenbideko subjektu gisa aitortzea bilatzen duen goraka doan korronte bat.
Jardunaldiaren amaiera jasangarritasunaren enpresa-ikuspegiari eskaini zaio, eta bertan eztabaidatu da enpresek nola lagun dezaketen trantsizio ekologikoan berrikuntzaren eta gizarte-erantzukizunaren bidez. Pedro Portellanok, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Merkataritza Zuzenbideko katedradunak, eta Garrigueseko Of Counsel-ak, jasangarritasun korporatiboaren eragin positiboari buruzko ikuspegi integrala aurkeztu du. Azkenik, Bartzelonako Universitat Pompeu Fabra unibertsitateko Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakasle agregatu Rodolfo Salassak ingurumen-fiskalitateak itsas garraioaren sektorean duen zeregina aztertu du, kaltetutako ekosistemak lehengoratzeko duen potentzialari begira.