euskaraespañol

Eguneko irudia

Iñaki Martín irakasleak Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak ematen duen Familia Medikuaren 2021eko Saria irabazi du

Erakunde sanitario prestigiotsuak irakasleak klinika asistentzialean, ikerketan eta irakaskuntzan egin duen ibilbide polifazetikoa aintzatetsi du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/28

Iñaki Martín Lesende doktorea Medikuntza Fakultateko ikasgegela batean ikasle batzuekin. ARGAZKIA. Egoi Markaida. UPV/EHU
Iñaki Martín Lesende doktorea, Familia Medikuntzako praktiketarako ikasgelan, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. ARGAZKIA. Egoi Markaida. UPV/EHU

Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak (RANME) Medikuntza Orokorraren/Familia Medikuntzaren 2021eko saria eman dio Iñaki Martín Lesende doktoreari. Zera dio doktoreak sari prestigiotsuaren inguruan: “nire bizitza profesionaleko eremu guztietan –eremu asistentzialean, ikerketan eta irakaskuntzan– egin dudan ibilbideari egindako aitorpen garrantzitsua da”.

RANMEk 23 sari ematen ditu bere fundazioaren bitartez, “Espainiako medikuen lana, dedikazioa, ahalegina eta ibilbidea jendaurrean aintzatesteko”. Guztira 23 sari dira, eta 8 kategoriatan banatzen dira: RANME, Ibilbide Profesionala, Medikuntza Orokorreko Medikua, Irakaskuntzako Ibilbidea, Komunikazioa, Ikerketa, Medikuntzako Lizentziatua eta Doktoregoa. Martín Lesende doktoreak Madrilen jasoko du saria, 2022ko urtarrilaren 11n egingo den ekitaldi batean. 

Orekaren saria

Iñaki Martín Lesenderentzat (Erandio, 1962), “orekaren saria” da aintzatespena, bere bizitza profesionaleko 34 urteetan zehar, hainbat lan eremutan, ikerketan eta irakaskuntzan uztartu baitu lan kliniko asistentziala; irakasle izan da UPV/EHUko Medikuntza Sailean, eta Basurtuko Irakaskuntza Unitatea aritu da; Lehen Mailako Arretako mediku izan da Indautxuko osasun zentroan (Bilbo-Basurtuko ESIa), eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako zainketa integralen ikertaldeko kide Biocruces Bizkaiko Ikerketa Sanitarioko Institutuan.

Etengabeko prestakuntza sakona izateaz gain, elkarlanerako konpromisoa izan du erakunde sanitarioarekin (Osakidetza, Kantabriako Osasun Zerbitzua eta Osasun Ministerioa), elkarte zientifikoekin (Familia eta Komunitateko Medikuntzako Espainiako Elkartea –semFYC–), eremu soziosanitarioarekin eta komunitatearekin.

Martín Lesendek praktika asistentzialaren arloko hainbat ikerketa proiektu zuzendu ditu. Hori horrela, hiru eremutan nabarmendu da bere irakasle eta ikertzaile lana. Alde batetik, adinekoentzako Lehen Mailako Arretan, osasunean eragina duten lehentasunezko eremu klinikoetan: ahultasuna, balorazio geriatrikoa, eskalak (VIDA galdetegia) eta informatizazioa (VALINTAN tresna); IKTen erabilera –telemonitorizazioa– (TELBIL proiektua: Europako Batzordeak pazienteak etxean artatzeko gomendatzen dituen mundu mailako bost praktiketako bat da, eta Txilen, Argentinan eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan ere inplementatu dute). Horrez gain, komunikazioaren eta elkarrizketa klinikoaren arloan nabarmendu da saritua, batez ere bere ibilbide profesionalaren lehen hamar urteetan egindako lanagatik; eta, azken urteetan, ekografiaren arloan.

Bere espezializazioa dela eta, izen handia lortu du nazioartean: MOEren “Lehen Mailako Arreta atsegina adinekoentzat” izeneko proiektuaren diseinuan parte hartu du; hitzaldiak eman ditu Familia eta Komunitateko Medikuntzako Europako Elkartearen biltzarretan –WONCA Europa–, baita Europako Batzordean ere; Argentinako eta Txileko profesionalekin aritu da elkarlanean (gaur egun ere jarraitzen du), eta ahultasunari buruzko ADVANTAGE Joint Action ekintzako aditu taldeko kide izan da oraintsu.

Azkenik, irakaskuntzarekin duen konpromisoa agerian geratu da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza Sailean irakasle aritu ondoren. Hain zuzen ere, Familia eta Komunitateko Medikuntzako irakasle izan da egoiliar aldia bukatu zuenetik (1991) gaur egunera arte.

Espainiako Medikuntzako Errege Akademiaz (RANME)

Espainiako Medikuntzako Errege Akademia zuzenbide publikoko erakunde zientifiko bat da; 1861. urtean sortu zen, eta Espainiako Institutuaren barruan dago.

Honako hauek daude akademiaren helburuen artean: Espainiako Gobernuari eta gainerako instituzioei aholkularitza ematea medikuntzarekin, osasunarekin eta osasungintzarekin zerikusia duten gaietan; zientzia medikoari ekarpena egitea eta haren dibulgazioa sustatzea Anales aldizkaria argitaratuz, bere saioak zabalduz eta lan zientifikoei sariak emanez; funts bibliografikoak digitalizatzea bere Liburutegi birtualean; termino medikoen hiztegia, egitea eta eguneratzea, eta Medikuntzaren Espainako Museoa prestatzea eta sustatzea.