In memoriam: Ricardo Miralles Palencia
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2022/11/15
Joan den azaroaren 12an zendu zen gure lankide eta lagun Ricardo Miralles Palencia, UPV/EHUko Historia Garaikidea Saileko katedraduna. Donostian jaio zen 1954. urtean eta, Deustuko Unibertsitatean Historia ikasketak egin ondoren, egun Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultate gisa ezagutzen dugun ikastegian hasi zen lanean 1978. urtean, artean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren menpeko irakasgune sortu berria zela. Bigarren Errepublika garaiko euskal sozialismoa sakon aztertu zuen, eta gai horren ingurukoa izan zen, hain zuzen ere, UPV/EHUn Historia Garaikideari buruz defendatu eta argitaratu zuen lehen lana (1987).
Euskal Sozialismoaren historian XX. mendeko espezialista onenetakoa izatera iritsi zen berehala. Arreta berezia eman zion garai hartako lider nagusiari, Indalecio Prietori, eta haren inguruan idatzi zuen azken liburua, iaz argitaratu zuena. Baina beste gai batzuk ere aztertu zituen tarteka, hala nola Juan Negrín Gobernu Errepublikanoko presidentearen figura, 1870. eta 1945. urte bitarteko nazioarteko harremanak eta, batik bat, harreman horiek Espainiako Gerra Zibilean izan zuten eragina.
Lankide ona eta irakasle bikaina izan zen; beti zegoen behar zuenari laguntzeko prest. Ikasleen hitzetan, argazkidun fitxak zeudenean guztien izenak ikasi egiten zituen, haiengana beren izenez zuzentzeko, zerrenda bateko elementu anonimo sentitu ez zitezen. Gauza bera egiten zuen doktoregaiekin ere, eta zuzendari huts izatetik harago, maisua zen haientzat –hitzaren zentzurik puruenean–.
Irakaskuntzarekiko zuen pasioa are nabarmenagoa izan da azken bi urteetan, gaixotasun sendaezina diagnostikatu ziotenenik. Edonork baja eskatuko zukeen egoera horretan, baina eskolak ematen jarraitzeko hautua egin zuen berak; eta ikasleek esker onez jaso zuten keinua, zenbat kostatzen zitzaion jakitun. Gaixotasunaren eraginez hitz egiteko gai ez zenean ere, master ikastaroa online ematen jarraitu zuen. UPV/EHUn berrogeita lau urte eman ondoren, joan den urrian hartu zuen erretiroa, bere burua lanean jarraitzeko ezgai ikusi zuenean, eta apenas hilabete geroago zendu zen.
Errioxako arte erromanikoaren azterketa ere izan zuen bokazio handi, eta, historia garaikidetik urrun egon arren, pasio handiz jorratu zuen gaia. Horretarako, erdi aroko arte mota hori berreskuratzeko eta haren balioa azpimarratzeko elkarte bat sustatu zuen autonomia-erkidego horretan, eta, lan haren fruitu gisa, Arte Erromanikoaren Zentroa zabaldu zuen emaztearen jaioterrian, Trevianan (Errioxa). Ricardok eta emazteak, Marianak, hiru alaba izan zituzten.
Goian bego.
José Luis de la Granja, Santiago de Pablo eta Ludger Mees