euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: Pedro Bilbao Zulaica

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/03

Pedro Bilbao Zulaica Erradiologiako katedraduna zen, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa sailean. Horrez gainera, Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuaren burua zen, Gurutzetako (Bizkaia) Unibertsitate Ospitalean, 1999. urteaz geroztik.

Medikuntzan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean, 1973an, eta doktoregoa eskuratu zuen, Euskal Herriko Unibertsitate sortu berrian, 1978an. Mediku espezialistako prestakuntza Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean amaitu zuen, 1977an. Hainbat lanpostu bete zituen mediku atxiki gisa, ataleko buru gisa eta, azkenean, onkologia erradioterapikoko zerbitzuaren buru gisa Donostia, Txagorritxu eta Gurutzetako unibertsitate ospitaleetan. Azken horretan egin zituen amaierako lan urteak. Euskal Herriko Unibertsitatean, Pedro Bilbao errektoreordea izan zen, Emilio Barberá errektore ohiaren taldean, eta erantzukizuneko postuak bete zituen hainbat unibertsitate batzordetan. Eskolak ematen zituen Gurutzetako irakasgunean. Inork ez bezala gorpuzten zituen alderdi akademiko unibertsitarioa eta alderdi profesional klinikoa, eta batak nahiz besteak euskal unibertsitate eta osasun arloak sakontasunez ezagutzeko aukera eman zioten, ibilbide eta lurralde guztietan.

90eko hamarkadan egin nuen topo Pedro Bilbaorekin lehenengoz, unibertsitatean. Egia da lehendik haren aita Pedro Bilbao Encera doktorearen figura enblematikoa ezagutzen nuela, oso mediku maitatua, Getxon, eta Medikuntza Prebentiboko katedraren sortzailea, Euskadin.

Pedro Bilbaorekin soinez soin lan egiteko zortea izan nuen, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen dekanotzaren gidaritza hartzeko proiektu batean, 2017an. Dekanoaren abentura honetan sartu nintzen, hain justu, Pedro behin eta berriro tematu zelako eta haren postulatuekin bat nentorrelako. Orduz geroztik, gure arteko harremana ia egunerokoa zen, eta horrela, haren balio handia eta nortasun sendoa ezagutzeko parada izan nuen. Pedro Bilbao buru belarri aritu zen lanean taldean, eta lan horren emaitza Fakultatearen alderdi klinikoaren kudeaketari egindako ekarpen zabal bat izan zen. Primeran ezagutzen zuen osasun eta unibertsitate araudi guztia, eta haren ondoan asko ikasteko zortea izan nuen. Haren ezagutza lagungarria izan zen ingurune klinikoak gure graduen prestakuntzan zer-nolako garrantzia duen fakultateari eta errektore taldeari ikusarazteko, transmititzeko eta horren gainean sentsibilizatzeko.

Pedro Bilbao tematia zen, bizia, umore finekoa eta memoria apartakoa, gardena eta zuzena, are ausarkeriaren mugara iritsi arte. Alabaina, oroz gain, pertsona on bat zen, leiala lankide eta lagunekiko, argudiaketa dialektiko aparta bat eta antzezpen bat erraztasunez konbinatzeko gai. Ez zuen aurrean jartzen zitzaion abagunerik txikiena uzten bere balioak eztabaidaren erdigunean jartzeko: integrazioaren garrantzia, ingurune klinikoa unibertsitatearen errutinetara eramatearena.

Gure errektore ohi maitea Pello Salaburuk Juanjo Goiriena de Gandariasen galeraren ondoren esan zuen moduan, gure bizitza hari batetik dago zintzilik. Urteak hari hura pixkanaka mehetzen doazela onartzen dugu, baina sekula hautsiko ez balitz bezala bizi gara. Orain dela bi urte baino zertxobait gehiago Pedrori eusten zion haria hausten hasi zen. Gaitz batek abisatu zion, iragarri zigun, prozesuaren amaiera edozein unetan irits daitekeela. Orain haren haria hautsi da. Gizon on bat galdu dugu, pertsona oso bat, bizitza bokazio bikoitz bati eskaini ziona: UPV/EHU eta Osakidetza. Akademiko, mediku, pertsona eta lagun modura aitortzeko eta ohoratzeko unea iritsi da, hura agurtzeko ordua iritsi zaigu. Pedro, edonon zaudela ere, gure bihotzean egongo zara beti.

Joseba Pineda
Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa