In memoriam: Pedro Arriola
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2024/05/20
Joan den maiatzaren 7an Pedro Arriola Aguirre kidearen heriotzaren berri jaso genuen, ustekabean. 66 urte zituen. Ez genuen albistea espero, eta kolpe gogorra eman zigun hura ezagutzeko eta harengandik ikasteko ohorea izan genuen guztioi. Goiz joan zen, nabarmendu gabe, abisurik eman gabe. Eta hura miresten genuenok triste geratu gara, ezin izan genuelako merezi zuen moduan agurtu.
Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia ikasketen sortzailea izan zen Pedro. Lehendabizi Eugenio Ruiz Urrestarazu eta Rosario Galdósen ikaslea izan zen, Arabako Unibertsitate Eskolan. Gero Valladolidera joan zen, Geografiako espezialitatea ikastera, eta Jesús García Fernándezen eskola ahaztezinak jaso zituen. Pisuergaren hirira itzuli zenean, aipatutako irakasleekin batera, Euskal Herrian Geografiako lizentzia ezartzeko lehenengo irakasle taldea osatu zuen; aurrerago, Geografiako eta Lurralde Antolakuntzako Gradua izena hartu zuten ikasketa haiek.
Hiri geografoa eta UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Giza Geografiako irakasle titularra zen Pedro, eta kontraste handiko pertsona. Zintzoa eta jatorra zen, eta umore berezia zuen, batzuetan lotsagabea, haren argitasuna erakusten zuena. Bikaina zen, itxurakeriarik gabea, eta sentsibilitate eta konpromiso handiko pertsona; bereziki, ikasleekin. Mª José Ainz eta Joseba Juaristi irakasleekin partekatzen zuen bulegoko apaletan lagunen batek oparitutako San Pankrazioren irudi bat jarri zuen gure irakasle lanetan laguntzeko, ohiturari jarraituz. Bulego hartan, gogotik prestatzen zituen eskolak. Zorrotza eta ordenatua zen hitz egitean, baina gai zen bat-batean pasadizoak eta anekdotak botatzeko ere. Bazekien entzuleei egokitzen, eta hitzen bidez liluratzen.
Jaioterri zuen hiriburu honetako kronista ezin hobea zen. Hari esker, Gasteizi beste begi batzuekin begiratzen ikasi genuen eta hiriarekiko zuen grina kutsatu zigun; beti eskertuko diogu hori. Kaleetan gora eta behera ibiltzearen eta udal agiritegietan orduak eta orduak pasatzearen poderioz, inork ez bezala zekien auzoak irakurtzen eta horiei pultsua hartzen. Gasteiz laborategi izan zuen haren bizitza akademiko osoan, eta, irakasle etapa amaitu zuenean, harekiko jakin min amaiezina eta harreman estua mantentzen jarraitu zuen. Hari eskaini zion egin zuen lehenengo ikerketetako bat: ‘Aspectos del crecimiento periférico de Vitoria-Gasteiz’. Bertan, hiriko lau toki marjinal aztertu zituen, eta oinarriak finkatu zituen aurrerago egin zuen doktorego ikerketarako; industrializazio prozesuan zeharreko hiri lurraren ekoizpenari buruzkoa izan zen.
Ikertzaile gisa, landa laneko zein agiritegiko geografoa izan zela esan daiteke. Ordu asko igaro zituen hiriko agiritegietako funtsetan eta, era berean, ordu asko igaro zituen hiriko auzoetan ere. Anekdota gisa, argazki kamera bat zuen norbait turistatzat hartu ezin zen garai batean–eta are gutxiago Abetxuko auzoan– Guardia Zibilak argazki filma konfiskatu zion hainbat aldiz, haien kuarteletik gertu zebilela eta.
Ortega Valcárcel irakasleak, Kantabriako Unibertsitateko katedradunak, zuzendu zuen haren tesia eta, hartan oinarrituta, bere libururik luzeena idatzi zuen: ‘La producción de una ciudad-máquina del capital: Vitoria-Gasteiz 1956-1980’. Erreferentziazko lana bilakatu da hori, Gasteizko hiri espaziora gerturatu nahi izan duten guztientzat. Behatzaile zorrotza zen, eta gai izan zen haren ikuspegi kritikoa azaldu eta argudio zehatzetan oinarritzeko. Hirigintza kapitalistaren teoriaren gaineko ulermen sakona eskaini zuen, baina soziologiaren eta historiaren arteko ikuspegia inoiz ere galdu gabe; eta ikuspegi hori ezin hobeto konbinatu zuen analisi geografikoarekin. Gainera, modu aktiboan parte hartu zuen Gasteizko Udaleko Kartografia Historikoko Katalogoa egiten eta Mehici Proiektua (hiriko memoria historikoari buruzkoa) zuzentzen, Letren Fakultateko lankide askorekin batera. Aditutzat ezagutzen zuten hirian eta, ondorioz, Alde Zaharraren Birgaitze Proiektuko Kontsultarako Batzordeko kide izendatu zuten, UPV/EHUren ordezkari gisa, eta hainbat hirigintza lehiaketatako epaimahaikide ere izendatu zuten; esaterako, Andatarren Etxadiarekin lotutako lehiaketan.
Ikertzaile lanaz gain, Pedrok dibulgazioa ere egin zuen. Hala, hitzaldiak egin zituen, eskolak eman zituen Hirugarren Adinekoen Geletan, Jane paseoak gidatu zituen hirian zehar eta hainbat hedabiderekin kolaboratu zuen. Etorri handikoa zenez, irratia menderatzen zuen, eta sarri gonbidatzen zuten Radio Vitoriara. Ez zegoen hiri honen kaleei eta txokoei forma eta nortasuna eman zieten prozesuak hark baino hobetu ulertzen zituen solaskiderik. Lankide eskuzabala zen, eta beti prest egoten zen beste unibertsitate batzuetatik hiri hazkundearen eredu goratuaz ikastera hirira etortzen ziren kideei harrera egiteko.
Haren azken liburuan, ‘Así creció Judimendi’ izenekoan, izaera dibulgatzailea eta Judimendi auzoko hiri garapenaren gaineko analisi zorrotza uztartu zituen. Txikitatik, lotura handia izan zuen auzo harekin. Ahalegin handia egin zuen lan horretan, eta hiriko espazio berezi horretako biztanleen istorioak eta egunerokotasuna bere ikuspegi geografiko eta pertsonalarekin ehuntzen jakin zuen. Auzoak denboran zehar izandako bilakaera idatziz jasotzen du aipatutako argitalpenak. Bizilagunen oroitzapenak, bizipenak eta anekdotak biltzen ditu, eta hilerri judutar gisa sortu zenetik auzoari forma eman dioten dinamika eta hiri prozesuekin lotzen ditu. Liburu horretan alde batera utzi zituen eskakizun akademikoak, eta auzo horrekiko zuen maitasun sakonaren lekuko da. Izan ere, ez zuen hirigintza elementu soil gisa ulertzen, gorputza eta arina zituen entitate gisa baizik. Auzoaren esentzia atzemateko zuen gaitasuna eta Judimendiren nortasun paregabea transmititzeko trebetasuna ondare ahaztezina izango da haren auzokide guztientzat. Horiek, aste gutxitan agortu zituzten liburuaren bi argitaraldiak.
Goian bego, lagun. Eskertuta gaude zure bidean gurutzatu izanagatik.
Itziar Aguado eta Joseba Juaristi