euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: Oier Echaniz

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/20

Oier Echaniz. Argazkia: Europhyton

Joan den apirilaren 17an Oier Echaniz gure lankidearen heriotzaren berri tristea jaso genuen.

Oier (Elgoibar, 1988) Informatika Ingeniaritzan graduatu zen 2012an, eta enpresako karrera amaierako proiektu onenaren Entreprenari saria lortu zuen. Egun, Adimen Konputazionala Taldean ari zen bere tesia egiten irudi medikoaren gainean, eta irailean defendatu behar zuen Manuel Grañaren zuzendaritzapean. Doktorego aurreko aldian dozena bat argitalpen egin ditu eta bi liburu koeditatu. Bestalde, hainbat biltzarretan parte hartu du, bere lanak aurkezturik edo antolakuntzako kide gisa, azpimarratzekoak dira EuroPython eta PySS (Phyton San Sebastian) kongresuak, azken horretako sortzaileetako bat izan da, baita presidentea ere.

Oierrek bere jarduera akademikoa egiteaz gainera, ASPANOGIn ere laguntzen zuen, eta elkarte horrekiko konpromiso handia zuenez, hainbat jarduera burutu zituen ('Itsasoan barrena' liburuaren argitalpena edo dibulgazio robotikoko jardunaldiak, adibide batzuk aipatzearren). Bestalde, musika zuen bere pasioetako bat. Oierrek saxofoia jotzen zuen eta Elgoibarko Musika Bandako eta Mauxitxa txarangako kidea zen.

Baina Oier bere ekintzak baino askoz gehiago zen, baina azpimarratu nahi ditugu bere poza, bere dinamismoa, prestutasuna, beti indartsu eta aurrera begira egotea, eta, batez ere, bere ontasun aparta eta jarrera ona. Hark erakutsitako irakaspen horri helduko diogu: aurrera begiratuko dugu, bizitzako zoritxarrak gorabehera!

Egoerak uzten digunean, zure gogokoenen bat entzutera bilduko gara, 'zure oroimenez' esanda.

David Núñez, Julián Estévez, Manuel Graña eta Euskal Herriko Unibertsitateko informatika Fakultateko Adimen Konputazionala Taldeko beste kideak