euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: Lucía Martínez Odriozola

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/24

Lucía Martínez Odriozola
Lucía Martínez Odriozola. Argazkia: El Correo.

Irakasle maitatuena

Eskola bat emateko tarima batera igotzen den pertsonaren balioa ikasleengan uzten duen oroitzapenean neurtzen bada, Lucía Martínez Odriozolaren puntuazioa oso altua zen. Hilaren 15ean hil zen irakasle eta kazetariaren azalpenak egunez egun jaso zituztenek goraipamenez eta maitasunez jositako hitzak dituzte berarentzat ikasgeletatik igaro eta urte askotara. Izan ere, era horretako pertsonek osatzen duten talde pribilegiatukoa zen Lucía.

Martínez Odrioloza (Getxo, 1958) orain Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea deitzen den ikastegiko lehen promozioko ikaslea izan zen. Gero, El Correok eta UPV/EHUk antolatutako Kazetaritza masterra egin zuen eta, denbora batez Administrazioan eta El Correon lan egin ostean, Kazetaritzarekin eta Erreporterismoarekin lotutako irakasgaien eskolak ematen hasi zen.

Aldi berean, kazetarien gremio erakundeen buru izan zen, eta argitalpen ekimen ugari bultzatu zituen. Hori zen, hain zuzen ere, bere beste bertuteetako bat: dinamizatzeko gaitasuna, ingurukoei ez gelditzera animatzekoa, etsipenean edo gogogabezian ez erortzekoa. Lanbidean genero ikuspegiari buruzko gaiez interesatu ziren lehen kazetarietako bat ere izan zen, jausi gabe hizkuntzaren erabilera zentzugabeetan edo azaleko makillajeetan, jendaurrean ondo geratzeko asmoz nahiz eta eragin txikiena ere ez izan.

Bere ibilbidearen balantzea egitean, ezin dira utzi aipatu gabe Manu Leguineche bisitatzeko Brihuegara egindako bidaiak. Hara joaten zen lankide batzuekin, batez ere Leguineche ia mugitu ezinik geratu zenetik, asko eskertzen baitzituen kazetaritzari, bidaiei eta bizitzari buruzko solasaldi haiek. Bada beste izen garrantzitsu bat lotua dagoena bere jardunarekin: Ramiro Pinilla. Lucía izan zen haren ondarearen defendatzaile handienetako bat. Imajina daitezkeen modu guztietan egin zuen: sare sozialen bidez, ibilbideak antolatuz ‘Verdes valles, colinas rojas’ trilogiaren egilearen lanetan agertzen diren Getxoko lekuetatik, idazlearen bizitzaren eta obraren alderdiei buruzko erreportajeak sustatuz.

Zuzena, zintzoa (batzuetan, gehiegi ere bai), dibertigarria, baikorra, artatsua, ironikoa, bizitasun handikoa, zorte txarreko hainbat gertakari bizi izan zituen azken urteetan osasunari dagokionez. Baina ez zuen utzi inoiz horrek bere bizitza baldintzatu zezala. Bere ikasleek miresten zuten irakasleak epitafio gisa utzi ahal izan zuen Pablo Nerudaren memorien titulua: Bizi izan naizela aitortzen dut.

 

César Coca

Kazetaritza Saileko irakaslea