In memoriam: Juan José del Val Altuna (1957-2019)
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2019/09/10
Juan José del Val Altuna (lagunek Juanjo esaten zioten) 2019ko uztailaren 24an zendu zen, gaixotasun anker baten ondorioz. Unibertsitate irakasle bat ez ezik, lagun handi bat ere galdu dugu berarekin esperientzia profesional eta pertsonal ugari partekatzeko suertea izan genuenok. Bere gertukoenek gertaera hau espero bazuten ere, baliteke komunitate zientifikoko lankide askorentzat albiste harrigarria izatea, gaixotasuna oso azkarra izan baita. Bereziki nabarmendu nahi dut Juanjok, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisika Departamentuko Fisika Aplikatuko irakasle titular gisa egin zuen ibilbide profesionalean, irakasletza eta ikerkuntza lanetan grinatsu parte hartzeko zuen bokazio izugarria. Irakasle aritu zen Kimika Fakultatean graduko irakasgaietan (eskola teorikoak, aztergaiak, laborategiko praktikak…) eta graduondokoan (Nanozientziako masterra, doktoregoa…). Ikerkuntza zientifikoaren arloan, aipagarriak dira egitura amorfoko material polimerikoen eta metalikoen gainean (nanokristalinoak, nanogranularrak) egin zituen azterlan eta argitalpenak, autoritate zientifiko bat zen X izpien difrakzio teknikaren bidezko mikroegituren karakterizazioaren arloan; teknika horren arduraduna zen UPV/EHUko Zerbitzu Orokorretan (SGIker). Gure oroimenean betiko geratuko zaigu Juanjok, ikasleekin zuen elkarreragina haiengan zientziaren eta ezagutzaren aldeko motibazioa eta grina sortzeko.
Julián González
UPV/EHUko Nanomagnetismo eta Espintronika Taldeko zuzendaria