In memoriam: Francisco Gómez Sainz
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2020/01/24
Joan den urtarrilaren 17an zendu zitzaigun Francisco Gómez Sainz Pako, Estomatologia II Saileko irakasle agregatua, 62 urte zituela. Hutsik eta triste gelditu gara maite genuen eta harez disfrutatzen genuen guztiak. Pertsona aparta zen: gaixotasuna dotoreziaz eraman zuen, beti baikor eta pozik, lanak alde batera utzi gabe; umorez bizi zuen bere egoera, eta animoa eta lasaitasuna transmititu zizkigun. Era berean, indarrak ateratzen zituen lagun eta senideen aurrean, ez gintezen bere gaitzarekin kezkatu.
1987an hasi zuen unibertsitate bidea Pakok, gure Unibertsitateko Estomatologia Eskolan, ikasturteko irakasle arduradun gisa. Han bertan egin zituen espezialitate mediko horretako ikasketak. Harrezkero, estomatologo eta odontologo askok ikasi dute harengandik. Beti prest zegoen ikasteko, lan egiteko eta ahalegintzeko, eta bizitza osoan izan zuen jarrera horri esker, bikaintasuna erdietsi zuen lanbidean eta irakaskuntzan.
Hamar urtez (1989tik 1999ra), aho eta aurpegiko mina eta disfuntzio kraneomandibularra zuten pazienteen diagnostikoko eta tratamenduko espezialista aritu zen Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Aurpegi-masailetako Kirurgiako Zerbitzuan. Horrek bruxismoa aztertu eta ikertzeko grina piztu zion, bai eta doktorego tesia UPV/EHUko Farmakologia Sailean, 1994an, egiteak ere –Nerbio sistema zentralak ahoko mugimendu parafuntzionalen etiopatogenian nola parte hartzen duen ikertu zuen doktorego tesian–. Ikertzaile lanetan, neurotransmisore zentralak eta horiek ahoaren parafuntzioaren genesian duten eragina ikertu zituen nagusiki. Hainbat argitalpen egin zituen, nazio mailan nahiz nazioartean, bai eta liburuetako kapituluak idatzi ere, horiek denek bruxismoa eta aparatu mastekatzailearen neurofisiologia zutela hizpide. Patologia horretan, izen on eta prestigio handia zuen kideen artean. Espezialitate horretako zientzia elkarte batzuek zenbait sari eman zizkioten argitalpen horiengatik. Ekoizpen zientifikorako balio izan zion aldi horrek, bai eta Basurtun eta Farmakologia Sailean lagun minak egiteko ere. Ez dute ahaztuko Pako: gizon argia, lan egiteko eta ahalegintzeko beti prest, eta, batik bat, atsegina, umore onekoa eta soila. Borrokalaria eta saiatua zen, enpatia zuen sufritzen duten pertsonekin, eskuzabala zen eta laguntzeko prest zegoen. Bada, azken urteetan, irakaskuntzan aritzeaz gain, lan sindikaletan ere aritu zen.
Utzi egin gaitu Pakok, gizon zuzen, formal, zintzo eta justuak, eta zinez sumatuko dugu haren falta. Pako, laguna, har ezazu atsedena hainbeste maite zenuen Guriezon. Ez ditugu inoiz ahaztuko mahai inguruko elkarrizketa erlaxatuak, garaiko abestiz, umore onez eta barre algarez beteak, zure sukaldaritzako gustu eta aholkuak, zure gisatuak, Athletici zenion maitasuna, txirrindularitzari buruzko tertuliak, hainbeste atsegin zenuen landa bizitza, musikarekiko zaletasuna, familiarekiko maitasuna, zure sen ona, eta pertsona arrunta eta laguna izatea.
Hainbeste maite zituen Begoña emaztea eta Fran eta Sara seme-alabak harekin benetan harro egon daitezke.
Goian bego.
Pascual Garcia eta Joseba Pineda
Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea