euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: Elena García

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/04

Gure adiskide Elena hil da apirilaren 21ean, 64 urte zituela, eta, atzera begira jarrita, Leioako campuseko kafetegian hamaiketako kafea hartzen ikusten dut, egunero legez, unibertsitate kirolean egiten genuen lanaz lagunkiro hizketan (hala gogoratuko dute askok). «Bai astunak!», esango du baten batek, bada ez. Halaber, harreman aparta datorkit gogora, hala arlo profesionalean, nola pertsonalean.

Ezagutu, eta elkarrekin aritu ginen lanean, zehazki nire bizi profesional osoan, 1978ko irailetik 2016ko otsailera arte, alegia, erretiroa hartu nuen arte. Gorputz Hezkuntzako lizentziatua zen, eta gure unibertsitatean Kirol Zerbitzua martxan jartzen eta sendotzen lagundu zuen.

Urte horietan guztietan ez genuen errietarik izan, ez galdetu niri nola lortu genuen, harena baita meritua; izan ere, unibertsitate arloko eta kirol arloko askok dioten eran, ez zen sekula ezeren kexu.

Askok esango dute edonon hitz egin dietela berari buruz, ondo hitz egin ere; pertsona adeitsua, maitekorra, neska aparta, pertsona bikaina... Ederki islatzen du horrek kirolariekin eta kudeatzaileekin zuen konpromisoa. Guztioi zigun maitasunarengatik izango dugu gogoan, eta guk berari genionarengatik (aurrena, hark guztiei ematen zien maitasuna, eta batzuek itzuli egiten zioten).

Unibertsitate kirola izan da haren amodioa, eta eskubaloia haren pasioa. Batez ere, maila eta arlo guztietako lehia zuen langai eta gozagarri. Emakumezkoen goi mailako eskubaloi jokalaria izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Kantabrian, Gipuzkoan eta Bizkaian; jokalari bikainenetako bat izan zen, baiki.

Milaka kilometro autobusean; bidaia gau amaiezinak; mota guztietako ikasleak, talde kiroletakoak eta banakako kiroletakoak, emakumeak zein gizonak. Haiek zaintzea, babestea eta etxera onik eramatea zuen eginkizun, eginbeharrak eginda eta poltsa dominez eta garaikurrez beteta. Lehenik, abentura laguna izan zen; gerora, guztien ama onbera.

Gogoan dut beti zegoela laguntzeko prest.  Esaterako, Arrasaten, Mondragon Unibertsitatearen ardurapean egin zen unibertsitate mailako Euskadiko txapelketa batean, eskubaloiko epailerik ez zen agertu, eta berak hartu zuen txilibitua, ohiko naturaltasun eta graziarekin. Guztiak geratu ziren kontent bere lanarekin, eta ez zen arazorik egon.

Edo, parte hartzaile eta antolatzaile guztiak gogoratuko dira, unibertsitate mailako Espainiako Eski Txapelketa hartan, Sierra Nevadan, bidaia neketsu baten ondoren eta eguraldi ezin eskasagoa zela, nola jarri zuten kontrol epaile lanetan ezerezaren erdian, eta nola jaso behar izan zuten elurra kentzeko makina batekin hotzak hiltzen zegoela.

Kiroldegietan oraindik ere atera ohi den gaia da, eta unibertsitate kirolaren istorio ezaguna, nola Iruñean, emakumezkoen eskubaloi partida batean, unibertsitate komunitateko kide guztiek jokatzeko baimena zuten garaian, UPV/EHUk eta NUPek azken faserako sailkapena jokoan zutela, lehia estua zihoala ikusita, Elena hautatzaile, entrenatzaile eta jokalaria azken minutuetan pistara atera zela, eta partida berak irabazi zuela (Nafarroako kirol zerbitzuko kideek ondo gogoan dute pasadizoa oraindik orain).

Kirol sari asko, askotarikoak eta garrantzitsuak lortzen lagundu zuen (azpimarragarrienak, Kirolaren Sari Nazionala, Espainiako erregeak emana Errege Jauregian, eta Kirol Merezimenduaren domina, Elena infanta buru zen ekitaldi batean; batean zein bestean gona eraman behar izan zuen protokoloak hala aginduta, nahiz eta beti prakak jantzi. Gainera, birritan jaso zuen Kiroletako Euskadi Saria). Berdintasunaren eta emakumezkoen kirolaren sustapenaren alde egin zuen borroka beti.

UPV/EHUren Kirol Zerbitzuari kirol merezimenduarengatik emandako dominaren harira idatzitako zorion gutunean, errektoreak zioen bera ere pozarren zegoela, oso pozik egon ere, unibertsitateko langileen bikaintasuna frogatuta geratu zelako.

Ezin izan du gozatu merezi zuen erretiroaz, baina ziur orain ere kirol kontuetan zer edo zer antolatzen ariko dela.

José Luis González

UPV/EHUko Kirol Zerbitzua