In memoriam: Eduardo Angulo
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2024/12/16
Irakurle amorratua, ezagutzaren esploratzailea eta ideien bildumagilea (eta zigiluena, maskorrena, diskoena, liburuena eta pelikulena, besteak beste), hiztuna, hiztun aparta, etorri handikoa eta nekaezina, biologiako oinarri zientifikoez eztabaidatzeko aukera ematen zioten gauza “txirene” guztiei buruzko hizketaldietan gozatzen zuen Eduardok. Maisu eskuzabala eta bokazioen eragilea, “egiten uztea” izan zen bere estrategia eskuliburua, beti alboan, badaezpada, “zentzuzko” aholku bat emateko prest, eta bere dizipulu moduan hasi ginenon ekimenak informazio interesgarriaz oinarritzeko prest.
Unibertsitate gestioarekin konprometitua, erantzukizunak hartu zituen bere gain Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailean eta, batez ere, Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian. Ikastetxe horretako zuzendaria izan zen hamabi urte emankorretan ikastetxea dinamizatu zuen eta ikasleentzako topagune intelektual eta kulturalak sortu. Irribarrea beti ezpainetan, hitz goxo bat beti prest, “hau ez da amaitzen gaur, urte askoan elkar ulertzera behartuta gaude” esaera jarraibide, Eduardorekin hartu-emana izan zuten pertsona guztiek bihotzean daramate eta estimu handiz gogoratzen dute.
Komunikatzaile kuttuna, gastronomiaren, txorien, zientzia fikzioaren eta zinearen zale (eta, Errekaldeko bilbotar peto-petoa izanik, Athletic taldearen jarraitzaile), zaletasun horiek guztiak baliatu zituen askori urrun eta arrotza egiten zaien ezagutza zientifikoa ulergarri eta interesgarri egiteko, ohore eginez “eman ta zabal zazu” leloari. Liburu berezien egile (besteak beste, Julio Verne y la cocina, El animal que cocina - Gastronomía para homínidos), eta kriptozoologiari buruzko Monstruos saiakerarena, blogari aitzindaria eta ohiko kolaboratzailea Radio Euskadin, El Correo egunkarian eta Circulo Escéptico elkartean, bi hamarkadatan gozatu zuen, eta gozarazi zigun, herritarrengana hurbiltzen zientzia, oro har, eta biologia, bereziki.
Jantzia, Eduardok bideratu zuen bere interes akademikoa eta ikerketakoa ulertzera animalia zelulen eta ehunen forma eta funtzioaren arteko erlazioa, anatomia mikroskopiko konparatua edo animala histologia konparatua deitzen dugun horretara. Eguneratuta egon zen beti zelulen biologiaren alorrean, bai ideia eta kontzeptu sortuberriei dagokienez bai azterketa metodologia aurreratuei dagokienez. Espezializazioa 70eko hamarkadan egin zuen Gulbenkian institutuan (Oeiras, Portual), orduan suspertzen ari zen mikroskopia elektroniko biologikoaren arloan. 80ko eta 90eko hamarkadetan ekarpen garrantzitsuak egin zituen zitokimikan eta irudiaren analisian, Sociedad Española de Biologia Celular elkarteko zuzendarietako bat izan zen, eta elkarte horrek ohorezko kide izendatu zuen 1995ean. Erreferentzia mundu akademikoan eta ikerketakoan, Eduardo funtsezko oinarria izan zen ingurugiroaren aldaketei emandako erantzun zelularren gaineko puntako ikerketa garatu eta aurrera eramateko, horrexegatik izanik ezaguna nazioartean gure ikertalde finkatua, Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian taldea. Eduardok gogotsu zuzendu zituen taldearen bi lehenengo doktorego tesiak 80ko hamarkadan. Bere karrera akademikoaren helduaroan, zientziaren zabaltzaile izateko bokazioa are indartzeko, eta erabat alde batera utzi gabe bere ikertzaile jarduna, bizidunen mirariei buruzko aurkikuntzak oparitu dizkio gizarteari bi hamarkadatan. Erretiroak ere ez zuen erretiratu; bere solasaldiez, aholkuez, zentzunaz eta adiskidetasunaz gozatzen jarraitu ahal izan genuelako, bai eta ozeanoei eta ingurugiroari lotutako zientziaren inguruan antolatzen zituen zineforum saio bikainez ere, UPV/EHUko PiEn irakasten diren Erasmus Mundus masterrak egiten dituzten mundu osoko ikasleak liluratu zituzten saioak.
Arrastoa utzi du herritarrengan, unibertsitatean eta zientzian, baina, batez ere, bere dizipulu moduan hasi ginenongan, orain gure ikertaldeko "beterano" garenongan.
Goian bego.
Ionan Marigómez, Miren P Cajaraville, Manu Soto, Ibon Cancio, Amaia Orbea…