Sendagaien ingurumen inpaktua arazo handia da, eta giza osasunari zein ekosistemei eragiten die. Mundu osoan sendagaien kontsumoa handitzen ari denez –bai gizakientzako bai abereentzako sendagaiena–, sendagaien hondakinen bolumena ere handitu egingo dela aurreikusten da. UPV/EHUko tesi batek arazo hori ebaluatu du eta irtenbide posibleak planteatu ditu.
Sendagaiek ingurumenean duten eragina
UPV/EHUren tesi batek farmakontaminazioa aztertu du SARS-CoV-2aren pandemiaren lehen olatuan
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2022/07/08
Farmakokutsadura arazo konplexua da eta diziplinartekotasunez landu behar da, sendagaiaren bizi zikloan parte hartzen duten eragile guztiak barne hartuta. Farmakokutsadura kudeatzeko erronka asko daude, eta, horregatik, erronka horietako batzuk modu esperimentalean jorratu behar dira, osasun arloko profesionalen ikuspuntua kontuan hartuta.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, Saioa Domingo Echaburuk defendatu eta Gorka Orive doktoreak zuzendutako tesi batean –Unax Lertxundiren laguntza izan dute–, lehenik eta behin, SARS-CoV-2ak eragindako pandemiaren lehen olatuan (2020ko apiril-uztaila) Gasteizko ospitaleetan COVID-19a tratatzeko erabilitako farmakoak aztertu dira. Gainera, farmako horiek ingurumenean (hondakin uretan) duten presentzia aztertu eta haien arrisku ekotoxikologikoa ebaluatu da. Bestalde, ingurune sanitarioetan, farmako arriskutsuek (NIOSH zerrendaren arabera, 1. multzoa: kartzinogenoak) ingurumenean duten presentzia aztertu da, eta haien arrisku ekotoxikologikoa ebaluatu da, literaturan eskuragarri dauden datuetan oinarrituta. Azkenik, farmakokutsadurak Garapen Jasangarriko Helburuetan (GJH) duen eragina aztertu da.
SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren lehen olatuan, Gasteizko ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateen edukiera % 216 handitu zen. Ospitaleetako farmako antibiralen eta sedoanalgesikoen kontsumoa izugarri handitu zen; batez ere, zisatrakurioarena (25 bider handitu zen) eta lopinabir-erritonabirrarena (20 bider handitu zen).
Mundu mailan aitzindaria
Garai horretan, COVID-19a zuten pazienteekin erabilitako farmako batzuek Krispiñako hondakin uren araztegian zuten kontzentrazioa neurtu zen –araztegi horretan, besteak beste, Gasteiz udalerriko hondakin urak biltzen dira, ospitaleko hondakin urak barne–. Nabarmentzekoa da, mundu mailan lehen aldiz, ingurumeneko hidroxiklorokina maila neurtu zela. Gainera, mundu mailan bigarren aldiz, ingurumeneko lopinabir maila neurtu zen.
“Gasteizen SARS-CoV-2ak eragindako pandemiaren lehen olatuan erabilitako farmako aipagarri gehienen kasuan, ingurumenean izan zitzaketen ondorio kaltegarriei buruzko informazioa urria da (azitromizinaren kasuan izan ezik). Azterlanean neurtutako ingurumen kontzentrazioak kontuan hartuta, azitromizinak arrisku ekotoxikologiko moderatua zuela eta hidroxiklorokina eta lopinabir-errritonabirrek arrisku txikia zutela ondorioztatu zen”, adierazi du Saioa Domingo Echaburuk, tesiaren egileak.
AEBko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak (NIOSH) aldian-aldian argitaratzen duen ingurune sanitarioetako ‘farmako arriskutsuen’ zerrenda erreferentziazkoa da osasunaren arloan eta 1. multzoan farmako kantzerigenoak sailkatzen dira. Ikerketa egiteko, farmako horiek ingurumenean zuten presentzia aztertu zen, baina konposatu horietako gehienen kasuan ezin izan zen arrisku ekotoxikologikoaren ebaluaziorik egin.
“Ikusi denez, NIOSH zerrendako 1. multzoko farmako arriskutsuek ingurumenean duten inpaktua ez da behar adina aztertu. Horregatik, farmakoek ingurumenean duten inpaktua (presentzia eta ondorioak) aztertzerakoan, farmako arriskutsuak lehenestea azter liteke”, nabarmendu du ikertzaileak.
Nahiz eta osasunarekin eta ingurumenarekin lotutako erakunde jakin batzuentzat sendagaiek ingurumenean duten inpaktua aztertzea lehentasunezko ikerketa-ildo bat izan, farmakokutsadurak Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) duen harremana ez da behar bezala landu. Farmakokutsadurak 17 GJHetatik gutxienez 12ri eragin diezaieke. Horregatik, farmakokutsaduraren aurkako borroka funtsezkoa izan liteke GJHak lortzeko.
Informazio gehiago
‘Famakokutsadura. Medikamentuen ingurumen-inpaktua osasun profesionalen ikuspuntutik’ tesia ‘Basque Sustainable Pharmacy’ ekimenaren parte da –farmakokutsaduraren-sendagaien ingurumen inpaktuaren arloko berrikuntza programa bat barne hartzen du– eta programa horren barruan garatu den lehen tesia da.
Saioa Domingo Echaburuk egin du eta Gorka Orive Arroyo irakasleak zuzendu, ‘Medikamenduen Ikerkuntza eta Ebaluazioa. Teknologia Farmazeutikoaren Aplikazioa Terapia Aurreratuen Garapenerako’ doktorego programaren barruan.
Farmakokutsaduraren esparrua osasunaren mundutik kanpoko profesionalek aztertu izan dute. Tesi honen ideia nagusietako bat honako hau da: osasun arloko profesionalek sendagaien ingurumen inpaktuaren ikerketan eta inpaktu horrek dakarren erronkari irtenbideak bilatzeko lanean parte hartu behar dutela.
Erreferentzia bibliografikoa
- Environmental pollution with psychiatric drugs
- World J. Psychiatry. 2021; 11(10): 791–804
- DOI: 10.5498/wjp.v11.i10.791
- Environmental contamination by pet pharmaceuticals: A hidden problema
- Sci Total Environ. 2021. 147827
- DOI: 10.1016/j.scitotenv.2021.147827
- Redefining the “rational use of medicines”
- Sustainable Chemistry and Pharmacy. 2021. 100381
- DOI: 10.1016/j.scp.2021.100381
- Pharmaceutical Simplification: Killing Two Birds With One Stone
- Environmental Science & Technology 2022 56 (1), 3-3
- DOI: 10.1021/acs.est.1c07178
- It´s about time healthcare professionals and academics start thinking about drug pollution.
- Sustainable Chemistry and Pharmacy. 2020. 16(1):100278
- DOI: 10.1016/j.scp.2020.100278
- Drugs used during the COVID-19 first wave in Vitoria-Gasteiz (Spain) and their presence in the environment.
- Sci Total Environ. 2022; 820:153122.
- DOI: 10.1016/j.scitotenv.2022.153122
- Hazardous drugs (NIOSH´s list- group 1) in healthcare settings: also a hazard for the environment?
- Sci Total Environ. 2022; 817:152954
- DOI: 10.1016/j.scitotenv.2022.152954
- Drug pollution & Sustainable Development Goals.
- Sci Total Environ. 2021; 800:149412
- DOI: 10.1016/j.scitotenv.2021.149412