Gipuzkoako hamar azoketan egindako ikerketa baten arabera, Gipuzkoako azoken urteko eragin ekonomikoa 76,5 milioi eurokoa, Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren % 0,35 gutxi gorabehera, dela ondorioztatu du UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaile-talde batek. Journal of Rural Studies aldizkariak berriki eman ditu ikerketa horren emaitzak.
Baserritarren azoken eragin ekonomiko eta soziala aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek
Baserritarren azokek hirietako merkataritzari bizia ematen diotela eta gainbehera doazela ohartarazi du Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikerketa-talde baten lanak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/08/16
“Baserritarren azokak ez dira soilik nekazaritza munduaren eta herri nahiz hirien arteko lotura bermatzen duten guneak, herriko merkataritzari bizia ematen dioten espazioak ere badira”, adierazi du Mirene Begiristain UPV/EHUko ikerketa-taldeko kideak. Horrenbestez, “etorkizunari begira azokak espazio bizi moduan mantendu nahi baldin baditugu, herri eta hirietako elikadura sisteman duten eta izan behar duten garrantzia hori aztertu behar dugu. Izan ere, gainbehera doaz azken urteotan merkaturatze bide berriagoek aurrea hartu dietelako”, gehitu du.
Lan honetan Gipuzkoako hamar herritako asteroko edo eguneroko azokak aztertu dituzte, gaur egun azokek bizi duten errealitate askotarikoaren isla direlako. Azoka hauek baliatu dituzte azterketarako: Donostiako Bretxa eta azoka ibiltaria, Tolosako azoka, Ordiziako azoka, Arrasateko azoka, Azpeitiko azoka, Eibarko azoka, Bergarako azoka, Zumarragako azoka eta Zarauzko azoka.
Bertara egunero edo astero hurbiltzen diren baserritarrei eta kontsumitzaileei galdetegi bat egin zaie. Galdetegi horren arabera, “astero Gipuzkoako azoketara hurbiltzen diren 26.000 hiritarrek azoka egun bakoitzean egiten duten batez besteko gastua 19,5 eurokoa da”, jakitera eman du Eduardo Malagón, UPV/EHUko ikertzaileak. Gainera, “azoken eragin ekonomikoa —dio Malagónek— ez da soilik mugatzen bertan emandako salmentetara. Herri askotan, azokak dinamizazio komertzialerako eta sozialerako eremu bat dira, eta egiten diren egunetan bere inguruko dendek eta tabernek ere onura ekonomiko esanguratsuak lortzen dituzte”. Bi datu horiek kontuan hartuta, “urte batean azoketan egindako salmentak estimatu ditugu eta esan dezakegu azoken eragin ekonomiko totala 76,5 milioi eurokoa dela (BPGaren % 0,35a)”, azaldu du.
Bestalde, baserritarrek eta kontsumitzaileek azoketara hurbiltzeko dituzten motibazio nagusienak identifikatu eta multzokatu dituzte. Baserritarren artean, motibazio ekonomikoak (produktuak saltzea), sozialak (kontsumitzaileekin edota beste baserritarrekin harremanak izatea) edo kulturalak (azoketara hurbiltzeko ohitura) daudela ikusi dute. Kontsumitzaileen artean, berriz, motibazio indibidualak (produktuen kalitatea, kalitate/prezio erlazioa), kolektiboak (tokiko nekazaritza eta jakiak sustatzea, produktu ekologikoak eskuratzea), sozialak (azokako giro eta harremanak) edo kulturalak (ohitura kontuak) izango lirateke.
Datu horiek guztiak eskuartean, Aintzira Oñederrarenen iritziz, “ez dago azokak arautzeko gobernantza eredurik eta azoken dinamika mantentzeko ezinbestekoa ikusten dugu kudeaketa ereduak errepasatzea eta azoken errealitatera egokitutako estrategiak garatzea”. Halaber, “garrantzitsua deritzogu eragile desberdinek azoken eragin ekonomiko eta soziala aintzat hartzea, noizbehinka produktuak erosteko gune izatetik, egunero elikagaiak eskuratzeko salmenta eta topagune izatera pasatzeko”, erantsi du Oñederrak.
Erreferentzia bibliografikoa
- Who is feeding embeddedness in farmers´ markets? A cluster study of farmers´markets in Gipuzkoa
- Journal of Rural Studies (2018)
- DOI: 10.1016/j.jrurstud.2018.05.008