euskaraespañol

Eguneko irudia

Zientzia neutronikoen inguruko nazioarteko biltzarra

Noiz eta non

Noiztik: 2022/06/20 Noiz arte: 2022/06/22

Kokapena

Leioa-Erandio (Bizkaia)

Deskribapena

Ekainaren 20tik 22ra, BCMaterials ikerketa zentroan, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaiako Campusean kokatuta, 1st International Meeting on Opportunities and Challenges for HICANS (IMoH2022) izeneko nazioarteko biltzarra egingo da. Estatuan HICANSei monografikoki eskainitako lehen topaketa da. Instalazio zientifiko trinkoak dira, eta zientzialariei neutroiekin esperimentatzeko aukera ematen diete.

Hitzorduan neutroien zientzian Europako aditu handienetako batzuk bilduko dira, artearen egoera eta intentsitate handiko neutroien iturri trinkoen (HICANS) garapena aztertzeko. BCMaterials, ESS Bilbao, Materialen Fisika Zentroak (CFM, CSICen eta UPV/EHUren zentro mistoa) eta Ineustarrek antolatzen dute topaketa.

Adolfo Morais, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, Estíbaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, eta Inmaculada Aróstegui, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea, nazioarteko topaketa honen inaugurazio-saioan izango dira, astelehenean, ekainak 20ean, 9:00etan.

Neutroien zientzia, estrategikoa politika zientifikoan

Zientzia neutronikoak ardatz estrategikoa dira gobernuen zientzia- eta teknologia-planetan, oso potentzial berritzaile handia dutelako eta hainbat arlotan (bizi-zientziak, medikuntza, energia, ingurumena, telekomunikazioak, etab.) aplikazio ugari eskaintzen dituztelako. Zentzu horretan, IMoH2022ren helburuetako bat Euskadiren lana neutronika garatzeko estrategian proiektatzen laguntzea da.

Unibertsitate handiek eta ikerketa-zentroek beren teknologia trinko iraultzailearekin har ditzakete instalazio horiek. Teknologia horrek zientzialari eta zientzialariei zein ikasleei errazten die neutroiekin ikertzea. Horri esker, materia karakterizatzeko aurretiazko esperimentuak egin ditzakete, gero instalazio handietan garatuko direnak, hala nola espalazio-iturrietan edo erreaktore nuklearretan.

Europako aditu handiak

Topaketak iraungo duen hiru egunetan zehar, neutroien eta materialen zientzietan espezializazio handia duten unibertsitate eta ikerketa-zentroetako ikertzaileek eta irakasleek hitzaldiak emango dituzte arlo horretan izan diren azken aurrerapen zientifikoak aurkeztuz. Zientziaren industriako enpresek ere parte-hartze aktiboa izango dute instalazio horiek eskain ditzaketen aukerak ezagutzeko.

IMoH2022k neutroien zientzian Europako lehen lerroko hizlariak izango ditu, hala nola Thomas Brückel, Alemaniako Jülich Centre for Neutron Science-ko zuzendaria, Robert McGreevy, Erresuma Batuko ISIS facility at STFC-koa eta Juan Rodríguez Carvajal, Frantziako ILL- Institut Laue-Langevin-ekoa, besteak beste.

Biltzarraren barruan, parte-hartzaileek ESS Bilbaok Zamudioko Parke Teknologikoan eta BCMaterialsek Leioako campusean dituen instalazioak bisitatzeko aukera izango dute ere. Bertan, bi zentroetan garatzen diren aurrerapen zientifiko-teknologikoak bertatik bertara ezagutuko dituzte.

Informazio gehiago: https://www.imoh.eu/