euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikertzaileen Europako Gauak zientziarekiko interesa piztuko du berriro

UPV/EHUk antolatutako dibulgazio zientifikoko ekitaldi hau ostiral honetan itzuliko da Bilboko Areatzara, publiko guztientzako jarduerekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/27

Ikasiz eta disfrutatuz. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du aurten ere Ikertzaileen Europako Gauarekin; izan ere, Europako zientzia-dibulgazioko ekitaldi handienetako bat izango da, eta aurten ere irailaren 29an (ostirala) izango da, gainerako kontinentean bezala. Laugarren aldia da UPV/EHUk Ikertzaileen Gauean parte hartzen duela G-9ko unibertsitateek osatutako partzuergoarekin.

100 ikertzaile inguruk hartuko dute parte Gauean 

Jarduera nagusia Bilboko Areatzan ospatuko da. Kaia Zientziaz beteko da, arratsaldeko 17:00etatik 21:30era, Ikertzaileen Europako Gaueko Azokan: 20 txoko zientziaz gozatzeko hainbat arlotako adituen eskutik. Era atseginean, urpeko robot baten jarduera edo zelula kantzerigenoak aurkitzeko laborategiko aparatuen funtzionamendua erakutsiko dute. Era berean, itsas espedizioetan (TARA eta TREC) ozeanoak nola zaintzen eta aztertzen diren azalduko da, baita sateliteek Lurreko lekurik urrunenetan informazioa nola lor dezaketen ere. Gure dietak, hiri-inguruneak eta naturak osasunean duten eragina nabarmena izango da, eta haurrek jolastuz ikasteko aukera izango dute egun batez zoologo bihurtuz, kasurako. 

Halaber, musika ere izango da 18:00etatik 19:30era, Confluence taldearen eskutik (blues, rock amerikarra). 

Amaitzeko, ostiraleko gauean, 20:00etatik aurrera, Bizkaia Aretoan urruneko Behaketa astronomikoa egingo da Calar Altotik (Almeria). Behaketa hori UPV/EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileek gidatuko dute, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da. 

 

Nazioarteko proiektua 

Ikertzaileen Europako Gaua kontinenteko 370 hiritan baino gehiagotan ospatzen da, eta Europako Batzordeak finantzatzen du Marie Sklodowska-Curie (MSCA) ekintzen bidez —Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena—. Ekintza hori Europako Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzarako Horizon Europa programaren barruan dago. Helburu nagusiak hauek dira: ikertzaileen irudia herritarrei hurbiltzea, haien lana eta gizarteari dakarzkioten onurak ezagut ditzaten; halaber, ikerlarien artean karrera zientifikoa egitea sustatzea, genero-oztopoak ezabatuz. 

UPV/EHUk Go for the Missions! Europako proiektuaren testuinguruan antolatu du ekimen hau. (G9Missions), Unibertsitateen 9. taldeak (G-9) sustatua. G9Missions Europako Batasunak abian jarri dituen bost ikerketa- eta berrikuntza-misioetan oinarritzen da, mundu osoko gizarte-arazo handiei irtenbideak planteatzeko helburuarekin. Helburu hauek dituzte: Minbizia, Klima-aldaketara egokitzea, Gizarte-eraldaketa, Ura eta ozeanoak, Hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta Lurzoruaren osasuna eta elikagaiak. Horiek guztiek Europako Itun Berdearen, Minbiziaren aurkako Europako Planaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GJH) helburuak lortzen lagunduko dute. 

#NIGHTG9 #NIGHTspain #EuropeanResearchersNight 
www.ikertzaileengaua-ehu.org