Ikertzaileen Europako Gauak zientziarekiko ilusioa piztuko du berriro
UPV/EHUk antolatutako dibulgazio zientifikoko ekitaldi honen jarduera nagusia irailaren 30ean Bilbon izango da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/09/29
Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du aurten ere Ikertzaileen Europako Gauarekin; izan ere, Europako zientzia-dibulgazioko ekitaldi handienetako bat izango da, eta aurten ere irailaren 30ean (ostirala) izango da, Europa osoan bezala. Hirugarren aldia da UPV/EHUk Ikertzaileen Gauean parte hartzen duela G-9ko unibertsitateek osatutako partzuergoarekin.
Jarduera nagusia Campo Volantin pasealekuan izango da. Zientziaz beteko da, arratsaldeko 17:00etatik 21:30era, Ikertzaileen Europako Gaueko Azokan. Edizio honetako xedeekin zerikusia duten gai, ikerketa eta proiektuetan adituak direnen eskutik ezagutu ahal izango dira bertan (1. Klima-aldaketara egokitzea, gizarte-eraldaketa barne. eta 2. Hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak), GJHak dituztenak eta UPV/EHUko taldeek gauzatzen duten Europako Itun Berdearen helburuekin bat datozenak. Ekonomia zirkularra, klima-aldaketa, biodibertsitatea, eraginkortasun energetikoa, osasuna, kutsadura, material berriak... dira zientziaren txoko hauetan jorratuko diren gaietako batzuk.
100 ikertzaile inguruk hartuko dute parte Gauean
Gaua amaitzeko aurreiktusita zegoen Calar Altotik (Almeria) behaketa astronomikoa egitea, baina eguraldia dela eta, bertan behera geratu da.
Gainera, urriaren 9ra arte Bilbora hurbiltzen denak, Zientzia kalean erakusketa ikusi ahal izango du Arriaga plazan eta Metro Bilbaoko Zazpikaleak/Casco Viejo geltokian: UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren ekimena da eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren, Euskampus Fundazioaren eta Metro Bilbaoren laguntzari esker plazaratzen da, eta eguneroko objektuetan dagoen zientzia agerian jartzen duena.
Azkenik, Zientzia zirkularra izeneko programa, 31 hitzaldi biltzen dituena, irailaren 28tik urriaren 5era bitartean izango da bideokonferentzia bidez. UPV/EHUko ikertzaileek Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleekin konektatzea lortuko dute. Jarduera honetan Euskadiko ikastetxeetako 2.957 ikaslek hartuko dute parte.
Nazioarteko proiektua
Ikertzaileen Europako Gaua kontinenteko 370 hiritan baino gehiagotan ospatzen da, eta Europako Batzordeak finantzatzen du Marie Sklodowska-Curie (MSCA) ekintzen bidez —Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena—. Ekintza hori Europako Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzarako Horizon Europa programaren barruan dago. Helburu nagusiak hauek dira: ikertzaileen irudia herritarrei hurbiltzea, haien lana eta gizarteari dakarzkioten onurak ezagut ditzaten; halaber, ikerlarien artean karrera zientifikoa egitea sustatzea, genero-oztopoak ezabatuz.
UPV/EHUk Go for the Missions! Europako proiektuaren testuinguruan antolatu du ekimen hau. (G9Missions), Unibertsitateen 9. taldeak (G-9) sustatua. G9Missions Europako Batasunak abian jarri dituen bost ikerketa- eta berrikuntza-misioetan oinarritzen da, mundu osoko gizarte-arazo handiei irtenbideak planteatzeko helburuarekin. Helburu hauek dituzte: Minbizia, Klima-aldaketara egokitzea, Gizarte-eraldaketa, Ura eta ozeanoak, Hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta Lurzoruaren osasuna eta elikagaiak. Horiek guztiek Europako Itun Berdearen, Minbiziaren aurkako Europako Planaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GJH) helburuak lortzen lagunduko dute.
2022. urtean, bi misio landuko dira:
1. Klima-aldaketara egokitzea, gizarte-eraldaketa barne.
2. Hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak.
Gainerako misioak hurrengo edizioetan aztertuko dira.
#NIGHTG9 #NIGHTspain #EuropeanResearchersNight
www.ikertzaileengaua-ehu.org