euskaraespañol

Ikasleek 115 GrAL aurkeztu dituzte planeta hobetzeko

Ikasleak GJHekin lotutako Gradu Amaierako Lanak egitera bultzatzeko ekimena da. Bostgarren edizio horretan arlo guztietako ehundik gora proposamen jaso ditu.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/10

Saritutako ikasleak Kongresuaren antolatzaileekin batera | Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Joan den ostegunean, azaroaren 3an, Ikasleen V. Kongresua egin zen; bertan, Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH) lotutako Gradu Amaierako Lan (GrAl) onenen sariak banatu zitzaizkien irabazleei. ‘Gure GrALek mundua aldatzeko balio dute’ lelopean, ekimen honek karrera amaierako ikerketa Nazio Batuek diseinatutako eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere sustatzen duen GJHen baten ikuspegitik egitera animatzen ditu ikasleak urtero. 

Bosgarren edizio honetara zientzia arlo guztietako 115 proposamen aurkeztu dira, 42 titulazio desberdinetakoak eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez. Zientzia Batzordeak, ezagutza arlo guztietako 85 kidez osatutakoak, zortzi GrAL saritu ditu proposatutako ardatz bakoitzeko (pertsonak, planeta, oparotasuna eta bakea eta aliantzak) 300 eta 150 euroko sariekin. Berritasun gisa, V. edizio honetan kategoria berri bat ireki da, ikasleek taldean lan egin dezaten kongresu hau egiten den egunetan; horretarako, beste sari bat deitu zen campus bakoitzeko egin zen taldeen dinamika onenari. Talde irabazleari 300 euroko saria eman zaio. 
Sari banaketa Guillermo Quindós Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak eta Estibaliz Saez de Camara Oleaga Iraunkortasunaren eta Gizarte konpromisoaren arloko zuzendariak egin zuten, aurkeztutako lanen kalitatea, kantitatea eta aniztasuna azpimarratuz. Hauek izan ziren saritutako ikasleak: 

 

Naia Gambra Garcia

Ardatza: Bakea eta aliantzak 
Lehen saria 
GrALa:
Babes-agindua genero-indarkerian: gaur egungo sistema judizialak babesten ditu? 
Gradua: Zuzenbidea 

Naia Gambra García

Naiak genero indarkeriari buruzko Zuzenbide Fakultatean gauzatzen ari zen proiektu bat baliatu zuen praktikak GrALarekin konbinatzeko; “interes handia dut gai horien inguruan”, ziurtatu du. Bere lanean Espainian indarrean dagoen genero-indarkeriaren biktimak babesteko mekanismoa jorratzen du. “Nire motibaziorik handiena prozesu judizialak alderdi horretan dituen gabeziak eta mekanismoak ikuspegi kritiko batetik ikertzea izan zen”, azaldu duenez. 

Ikasle horrek bere ikerketan ondorioztatu duenez, biktima babesteko agindua “gaur egun ez da eraginkorra”; bere ustez, “epaileek, fiskalek eta abokatuek ez dute genero-ikuspegirik sistema judizialean”. Ikasle horrek adierazi du, halaber, “askoz ere koordinazio handiagoa” behar dela prozesuan parte hartzen duten organoen artean, “baita baliabide askoz gehiago ere”, adibidez, “biktima ez dadin izan babestuta egotearen zain egon behar duena”.  

 

Uxue Casanova Puccini

ARDATZA: Bakea eta aliantzak 
Bigarren saria 
GrALa:
El bien jurídico de los sentimientos religiosos en el actual marco constitucional Gradua: Zuzenbidea 

Uxue Casanova Puccini

Uxuek Kontzientzia Askatasuna ikasgaia jaso zuen fakultatean, eta horrek interes handia sortu zion. Hori dela eta aukeratu zuen erlijioaren inguruko Gradu Amaierako Lana egitea. Ateratako beste ondorio batzuen artean, ikasle honek sentimendu erlijiosoen aurkako delituei eta eskubide horiek tipifikatzen dituzten jokabideei buruzko hausnarketa bat nabarmendu nahi du; bere ustez, “delitu horiek ez dute fededunen oinarrizko eskubide baten aurka egiten, baizik eta horien sentimendu intimo eta pertsonal bat da, komunitate erlijiosoaren esparruan geratu beharko litzatekeena”.  

 

Naroa Campo Iglesias

Ardatza: Pertsonak 
Lehen saria 
GrALa:
Las y los menores como víctimas e instrumentos de la violencia de género. La violencia vicaria 
Gradua: Zuzenbidea  

Naroa Campo Iglesias

“Feminismoarekin eta, bereziki, genero-indarkeriarekin oso sentsibilizatuta egon naiz beti”, esan du Naroak. Abokatutzako bulego batean egindako praktiketan, epaiketetara joateko aukera izan zuen, eta ikusi zuen aintzatespenik eza eta indarkeria bikarioarekiko babesgabetasun handia zegoela.  

Atera zuen ondorio nagusia izan zen, egungo lege-aldaketekin sartzen ari diren neurri guztiak indarrean egon arren, neurri horiek ez direla modu eraginkorrean aplikatzen. Zuzenbideko ikasle honen iritziz, "aldaketak egon arren, beti egongo da gutxiegitasun juridikoa, aplikatu behar dituenak pentsamolde heteropatriarkala eta matxista izaten jarraitzen badu".   

 

Oihane Villate Uribe

Ardatza: Pertsonak 
Bigarren saria 
GrALa:
Amatasuna burdin hesien atzean: ama diren emakumeen espetxeratzearen azterketa feminista. 
Gradua: Gizarte Langintza 

Oihane Villate Uribe

Oihanek haurdun dauden emakume presoen egoera aztertu du bere lanean. Interes handia zuen gai horretan; gainera, gaurkotasun handiko arazoa dela uste du, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi bereganatu baititu espetxeen kudeaketarako eskumenak. Bere ondorioen artean, ikasle honek nabarmendu du “ez dagoela genero-begiradarik" egoera berezi honetan beren beharrei erantzun behar dieten pertsonengan.  

Ondorio nagusia da: “sistema patriarkalak, kapitalistak eta neokolonialistak indarkeria estrukturala eta sistematikoa erabiltzen dutela biktimak sortuz, preso dauden pertsonak mota horretako zapalkuntzen elkargunean jartzen baititu”. 

 

Ane Rodriguez Iza

Ardatza: Planeta 
Lehen saria 
GrALa:
Análisis de una comunidad energética rural en busca de la autosuficiencia energética 
Gradua: Industria teknologiako ingeniaritza

Ane Rodriguez Iza

Energia berriztagarriak izan dira Aneri gehien interesatu zaiona karrera osoan zehar; horregatik, Burgosen egiten ari den benetako proiektua den bere GrALerako landa-komunitate energetiko hau aztertzeko aukera izan duela esan du. 
 
“Horrelako proiektuak askoz gehiago sustatu beharko lirateke, aurre egin behar diogun klima-aldaketaren konponbidea direlako eta erregai fosilekiko mendekotasun energetikoa murrizten lagun dezaketelako”, dio ikasleak. GrAL horri esker, ondorioztatu du landa-komunitate energetikoak bezalako ekimenak ez direla planteamendu teorikoak bakarrik, errealitateari aplika dakiokeen irtenbidea ere badirela.

 

Sara González González

Ardatza: Planeta 
Bigarren saria 
GrALa:
Preparación de recubrimientos biodegradables para papel con propiedades barrera 
Gradua: Kimika 

Sara Gonzalez Gonzalez

“Elikagaiak (hanburgesak, snack-ak, eta abar) kontserbatzeko bilgarri gisa erabiltzen diren paperek  dituzten estaldurak ikertu ditut”, deskribatzen du ikasleak. “Gaur egun plastikoak erabiltzen dira, eta mila urte behar izaten dira horiek degradatzeko”, gogorarazi du. Hasierako eskaera papergintzako enpresa batek egin zuen: “arazoa modu jasangarrian konponduko zuen produktu berri bat nahi zuten”. Tutoreak erronka bota zion eta berak onartu egin zuen. 

Sarak hainbat estaldura biodegradagarrirekin lan egin du, almidoiarekin, kaolinaren karga inorganikoarekin, mikrokelulosarekin eta latexarekin egindakoak, eta horiekin hainbat emaitza lortu zituen, gutxi gorabehera onak, elikagaiek babestu behar zituzten elementuen arabera (ura, olioak, etab.).

 

 

Noelia Da Costa Reviriego

Ardatza: Oparotasuna 
Lehen saria 
GrAL:
Dibertsitate Funtzionala, Hirugarren Sektorea eta Gizarte Lana: Bizimodu independente baterantz  
Gradua: Gizarte Langintza 

Noelia Da Costa Reviriego

“Gai honen inguruan nire lana egitea erabaki nuen, nire dibertsitate funtzionala dela eta, kolektibo honen parte gisa, hirugarren sektorea ikusarazteko eta karreran aniztasun funtzionalari eman zaion garrantzi txikiagatik — azaldu du Noeliak. 

Ikasle honen iritziz, dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa “ez da erreala, ezta eraginkorra ere”, eta oraindik ere kolektiboaren “premia nagusietako bat da hori, hain zuzen ere”. Era berean, egiaztatu ahal izan du “mendekotasuna duten pertsonen familiak direla oraindik zaintza-eredu osoa beren gain hartu behar dutenak, administrazioek ez baitiete behar adina laguntzen”. 

 

Ane Sainz de la Maza Escobal

Ardatza: Oparotasuna 
Bigarren saria 
TFG:
Análisis cinético de la degradación térmica de polialcoholes para su uso como materiales de almacenamiento térmico 
Gradua: Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua 

Ane Sainz de la Maza Escobal

Anek material berriak ikertu ditu, eguzki-energia edo industria-prozesuetan sortutako beroa bezalako iturrietan sortzen den beroa modu jasangarrian biltzeko, atmosferara isurtzen baita eta ez da erabiltzen eta. “Material asko dago hori lortzeko, azaldu du ikasleak, ezagunenak gatzak dira, baina ni elikaduraren industrian erabili ohi diren azukreak landu ditut: silitola eta eritritola. Alferrik galdutako bero hori gordetzean, erregai fosilen kontsumoa murriztea lortzen dugu, energia garbia lortzeko” dio. 

Lana laborategiko fasean egin da; hor egin ditu entseguak. Horri esker, eredu matematikoen bidez, jasango duten degradazioa eta, beraz, material horiekin lortu beharreko beroaren eraginkortasuna iragartzen duten datuak lortu ditu. Horien artean, Anek silitola proposatzen du, laborategian portaera ona duelako. 

 

Aitana Jiménez Ruiz, Leire Abecia Ramos, Mª Celeste Baeza Llanos eta Elena Landa Guimarai.

Ardatza:Talde-lan onena: Mugitu Taldea
Lehen saria

Maria Celeste

Estreinakoz, kongresuaren antolakuntzak proposatu zien Kongresuan parte hartu zuten campus bakoitzeko ikasle guztiei taldetan antolatzea, horietako bakoitzak GrALekin lotutako proposamen bat egin zezan eta taldeko kide bakoitzaren GJHak abiapuntu izan zitzan. “Elkartu ginenean, oso zaila iruditzen zitzaigun hain proiektu desberdinak uztartzea, kontuan izan Farmaziatik eta Gizarte Langintzatik gentozen lagunak ginela”, azaldu du Aitanak. Baina lanean hastea izan zen, eta hura aurrera zihoala ikusten hasi ziren. Abiapuntua hau izan zen: adinekoen zaintzari heltzea, haien GrALetan egindako planteamenduetatik abiatuta. “Hasteko, adineko askok bizi duten bakardadearen arazoa eta horrek dakartzan arazoak landu ditugu: polimedikazioa, dosifikazioetarako arazoak…”, Farmaziako ikasleak azaldu duenez. “Nahi ez den bakardade horrek, kasu askotan, antsietate-nahasmenduak eta beste patologia batzuk eragiten ditu. Patologia horiek farmakologiaren eta gizarte-laguntzaren ikuspegitik artatu behar dira, eta kalean bertan lan egiten dute arazo hori duten pertsonekin”. “Talde-lan honek medikamentuen kontsumo antolatua eta adineko pertsona horien isolamendua hausten laguntzeaz gain, medikamentuen kontsumo desegokiak eragindako ingurumenaren kutsadura murrizten ere laguntzen du”. Arabako Campuseko lau ikasle horiek aurkeztutako talde-lana esteka honetan ikus daiteke: https://youtu.be/vAYGqAaz53E