IkasLagun programako ikasturte amaierako ekitaldia
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2024/07/01
IkasLagun programako ikasturte amaierako ekitaldia ospatu zen Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Programa hau, orain dela 7 urte Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean bultzatu zuten programa bat da, beti SM Fundazioaren laguntzarekin. UPV/EHUtik IkasGaraian ikerketa taldeko Joana Miguelena, Joxe Garmendia eta Aintzane Rodriguez irakasle eta ikertzaileek bultzatu dute, Iker Callado ikaslearen laguntzaz.
IkasLagun, boluntariotza programa bat da, zeinetan UPV/EHUko ikasleak Gipuzkoako babes sistemako egoitza harreretan artatuta dauden haur eta nerabeei astero bi orduz errefortzu akademikoa eskaintzera joaten dira. “Aipatzekoa da, gure ikasleak egoitza harrerako haurrekin kontu akademikoaz aparte, sarea egitean laguntzen dietela, berain erreferente bihurtzen direla, baita bidelagun ere”, dio IkasGaraian ikerketa taldeko Joana Miguelenak.
2023-2024 ikasturtean, 14 egoitza harretan aktibatu da programa, denera, 56 haur eta 50 UPV/EHUko ikasle parte hartuz.
“Azken bi urteetan, egoitza harrerako haurrak UPV/EHUra gonbidatzen ditugu, beraiek ere etorkizunean gure fakultate zein eskolaren baten ikastera animatuko balira, lehenago ezagutu dezaten. Aipatzekoa da, egoitza harreran artatuta izan direnen %1a soilik unibertsitate ikasketak burutzen dituela, ibilbide motz eta profesionalizatuetara bideratuz (18 urterekin babes sistema utzi behar dute eta beraien bizitza autonomoarekin hasi)”.
Orain dela bi urte, Porrotx eta Marimotosekin Gipuzkoako Campuseko zelaian zuhaitz bat landatu zuten, “beraiena ere izan daitekeen horizonte akademiko baten sinbolo. Harrezkeroztiz, urtero datoz beraien zuhaitza bisitatzera eta ureztatzera”, azaltzen du Joana Miguelenak.
Aurten ere Porrotx izan zuten bidelagun, baita Bizipoza elkarteko Leire Elizegi eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoa, Beñat Amenabar, ere.
Ekitaldian egoitza harrerako haur zein UPV/EHUko ikasleen lana goraipatu eta eskertu zen. Ostean, haurrei diploma bana banatu zitzaien, eta gero, guztiok Porrotxekin gozatu zuten puxikekin jolasten, amesten eta disfrutatzen. Ostean, denok zuhaitzaren inguruan merienda eder bat egin zuten.