euskaraespañol

Eguneko irudia

Empar Pineda sarien banaketa UniDibertsitate Egunean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/12

Talde argazkia irabazleekin
Talde argazkia irabazleekin | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Arabako Campusean egin zen UniDibertsitate Egunaren III. edizioa. UniDibertsitate Eguna 2021ean sortu zen, Empar Pineda sariak banatzeko eta, gaur egun, aniztasuna aldarrikatzeko jardunaldi bihurtu da Euskal Herriko Unibertsitatean, helburu argi batekin: genero edo orientazioagatiko aniztasuna errespetatuko duen unibertsitate bultzatzea.

Empar Pineda sarien sorrera UPV/EHUko Batzordeko kide den Julen Zabala Alonsori zor zaio, bere proposamena izan baitzen LGTBI+ ikuspegiari entitate eta izaera propioa ematea, genero ikuspegitik aterata. Horrela sortu ziren Empar Pineda sariak, aktibista feminista eta LGTBI+ eskubideen defendatzaile nekaezinaren ibilbide luze eta konprometitua aitortzeko.

Hirugarren edizio honek partaidetza esanguratsua izan du, gradu amaierako eta master amaierako 11 lan jaso baitira, hainbat ezagutza eta esparrutatik. Horregatik, hiru sari eman dira, bi euskaraz eta bat gaztelaniaz, eta akzesit bat.

Hauek dira Empar Pineda sarien irabazleak:

Euskaraz

Aitana Pérez Ortiz (Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia masterra), ‘Queer diskurtsoak egungo euskal poesian: Arregi Diaz de Heredia, Borda, Eizagirre, Erro eta Olasagarreren poemak aztergai’ izeneko lanagatik.

Maider Arregi Markuleta (Gizarte Antropologia masterra), ‘Bollera bertsolarien bizipenak. Konplexutasunez beteriko oholtzaratzeak’ izeneko lanagatik.

Gaztelaniaz

Laín Díez López (Medikuntzako gradua), ‘Consumo de drogas y salud mental en el colectivo LGTBIQ’ izenburua duen lanagatik.

Accesita

Arantza Martinez Munita (Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoa gradua) ‘Feminismoaren baitan sortutako gatazka trans pertsonen euskubideen aurreproiektu-legearen inguruan’ izeneko lanagatik.

UniDibertsitatea film laburrak

Ekitaldi horretan bertan, UniDibertsitate film laburrari ere eman zitzaion saria, UPV/EHUko ikasleek unibertsitatean eta gizartean LGTB+ ikuspegia lantzen duten film labur onenaren saria. Aurtengo edizioan 9 lan aurkeztu dira eta bi film irabazi dute. Epaimahaiak ikasleen konpromisoa eta aurkeztutako lanen maila nabarmendu ditu.

Hauek izan dira irabazleak:

Soy bisexual’. Egileak: Garazi Cassany Robledo, Sara de Domingo Revuelta, Jorge Ferdman Jorquera eta Irene del Amo Fernández.

Epaimahaiak saria eman dio filmaren ideia nagusia egoki jaso izanagatik, hau da, ideia era labur, zehatz, minimalista eta eraginkorrean eman izanagatik.

Crecer en el pueblo’. Egileak: Marta Lizarbe Simón, Oihane Elexpe García eta Marina Rodríguez Villar.

Epaimahaiak saria eman dio jasotako testigantzengatik.