euskaraespañol

i ber hiru: efektu biderkatzailea hezkuntzan

UPV/EHUren IKD-i3 hezkuntza eredu berrituak ikerkuntza eta konpromiso soziala sartu nahi ditu ikasgeletan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/22

IKD 2019. EHUagenda 2030: IKD i3 esperientzien elkargunea. Filosofia berriarekin lerrokatuta dauden zenbait proiektu didaktikoen aurkezpena. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Joan den azaroan, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreorde Idoia Fernándezek IKD-Jendartea 2019 jardunaldian, Unibertsitatearen hurrengo urteetarako hezkuntza ereduaren ildo nagusiak ezagutarazi zituen: ikd i3.

Agertokia propio aukeratu zen; izan ere, bertan aurkeztu ziren zenbait hezkuntza berrikuntzarako proiektu, dagoeneko abian daudenak eta, funtsean, IKD (ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoa), i3 (i ber hiru= ikaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna) eredu eguneratuan bereizgarri izango den muina biltzen dutenak. 

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak etapa berri honetan bereizgarri izango diren funtsezko alderdiak iradoki ditu honako hauekin: “Ocean i3” kostaldean plastikoen kutsadura murrizteko proiektuaren aurkezpena; Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren eta diskriminazioarekin erlazionatutako hainbat arazori jorratzen dituzten elkarte eta erakunde sozialen arteko elkarlana; praktikaldiak El Salvadorren, Nikaraguan eta Guatemalan, Gaztenpatiak kudeatzen dituena;  komunikabideetako genero ikuspegiaren jarraipena;   Campus Bizia lab-eko Arabako Campuseko baratze ekodidaktikoa. Etapa horretan, hori bai, ikasleak eta curriculum garapenak hezkuntza ereduaren erdigune izaten jarraituko dute.

Unibertsitateak berrikuntza proiektuen beste deialdi bat argitaratuko du: IKD i3 laborategia

Ereduak unibertsitate bizitza osoa hartu nahi du, eta, bere garapenean, zenbait tresna aurreikusten ditu; tartean, zeharkako gaitasun ugari sartzea; baita ikasleentzat eragin handiko prestakuntza esperientziak ekarriko dituzten ekimenak ere, besteak beste.

Eredu arrakastatsu bat eguneratzea

Hamar urte funtzionatzen eman eta gero, Unibertsitatea bere hezkuntza eredua errealitate berrietara eguneratzen hasi zen joan den urtean. Mirari Ayerbe HELAZen zuzendariak azaldu duenez: “Lehenik eta behin, IKD ereduaren berrirakurketa bat egin behar da, egungo orientazio pedagogikoak eta Europako politikek markatzen dituzten lehentasunak sartzeko” (ikaskuntza).

Jarraian, eredu berriaren beste zutoinetako batean zentratu ziren: ikerketa ikaskuntzari aplikatzea, zenbait estrategiaren eta mailaren bidez.

“Lehen –ekarri du gogora Mirari Ayerbek–, ‘Eragin’ programarekin irakaskuntza eta ikaskuntza erlazionatzen dituzten metodologiak garatzen ziren, arazoak ebaztearen eta kasuaren metodoaren eta proiektuen bidez.

HELAZen zuzendariak aurreratu zuenez, eredua berritzearekin “ikerkuntza eta ikaskuntza eskutik joan beharko dira, eta ikasgeletan ere erronkak planteatu beharko dira, eta galderak egin, ikertzen dugunean egin ohi dugun bezala”. Azaldu duenez: “Hori bai, diziplina bakoitzaren espezifikazioekin”.

Ayerbek ziurtatu duenez: “Horrek trebetasun konplexuak emango dizkie ikasleei; esaterako, pentsamendu kritikoa eta UPV/EHUren Zeharkako Gaitasunen Katalogoak deskribatzen dituen beste batzuk. Azken hori, bada, hezkuntza eredua eguneratzeko erabili ditugun dokumentuetako bat da”.

“Eredua ikasgeletan sartzea lortzeko, berrikuntza proiektuen beste deialdi bat egin dugu (IKD i3 laborategia), eta horren helburua da curriculumean sartzea lortzea”, adierazi du zerbitzuko arduradunak.

Garapen jasangarrirako ikaskuntza

Karreraren esperientzia intelektual eta instrumentalaz gainera, “ezin dugu ahaztu Unibertsitateak konpromiso ukaezina duela gizartearekin, eta horri erantzun behar dio”, Mirari Ayerbek adierazi duenez.

Ayerbek: «Unibertsitateak pertsonak hezten ditu, mundu honetan eragina izan dezaten eta, hori dela eta, kontuan izan genituen GJH» 

“Unibertsitateak pertsonak hezten ditu, bizi garen mundu honetan eragina izan dezaten eta, hori dela eta, kontuan izan genituen Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) –HELAZen zuzendariak azaldu duenez–; bestela –ohartarazi du–, ez ditugu pertsona egokiak heziko: batetik, argi izan behar dute etorkizun hurbilean erabakiak hartuko dituztenak izango direla, eta jakin behar dute lortu beharreko helburuak eta gurutzatu ezin diren mugak zeintzuk diren”.

Hori guztia Unibertsitateak azken urteetan martxan jarri dituen proiektuetako biren ildotik:2018/2021 Plan Estrategikoa eta EHUagenda 2030, garapen jasangarriaren alde.

Plan estrategikoak jasotzen duen bezala, UPV/EHUk “unibertsitate balioak, lankidetza, berdintasuna, pentsamendu kritikoa, sormena eta konpromiso soziala sustatu behar ditu ikasleen artean, eta horien prestakuntza integralean (herritar gisa) lagundu behar du”.

Hori estuki erlazionatuta dago Nazio Batuen Erakundeak bere  Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendan egin zuen adierazpenarekin. Unibertsitateak bere egin zuen Agenda, eta horretan jasotako helburuak bere errealitatera egokitu.

Horrela, ikaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna hirukotea osatzen duten elementuak batu baino gehiago biderkatuko dituen efektua lortu nahi du proiektuak.

Azkenik, jakintza hori berreskuratu nahi du deialdiak, unibertsitate bizitza berrelikatzeko. Horrela, “finantzaketa jaso eta proiektuotan parte hartzen dutenek jasotakoa itzuli egingo diote UPV/EHUri eta gizarteari, hitzaldi, argitalpen eta bestelako hedapen moduen bidez”, HELAZen zuzendariak azaldu duenez. 

Hezkuntza komunitatearen inplikazioa 

Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak berrikuntza proiektuetarako deialdi berria (IKD i3 laborategia) iragarri du, IKD i3-ren osagai berri guztiak biltzen dituena.

Honako honetan, lau lan proposamen ez baztertzaileri irekitzen die eskaintza: Garapen Jasangarriko Helburuen gaiak ikastearekin erlazionatutako proiektuak; gaitasun konplexuen garapena, aldaketa metodologikoen edo orientaziokoen bidez; titulazioan zeharreko ikerkuntzarekin erlazionatutako gaitasunen garapena; eta beren proposamenetan GJHak barnean hartzen dituzten curriculum praktikak, GRALak eta MALak sustatzera bideratutakoa.

HELAZen zuzendariak jakin badaki horrek guztiak Unibertsitatearen hiru estamentuek parte hartzea behar duela: IRI, AZP eta ikasleak.

HELAZen zuzendariak jakin badaki horrek guztiak Unibertsitatearen hiru estamentuek parte hartzea behar duela: irakasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak. Baina zalantzarik ez dauka lortuko dituztela jarritako helburuak.

Ikasleei dagokienez, “haietako asko ez badira ere, batzuek parte hartu izan dute hezkuntza berrikuntzako proiektuetan eta, ikdGazte, Ocean i3 eta beste esperientzia batzuengatik, badakigu horien inplikazioak inpaktu handiko produktuak dituela emaitza, ez haientzako eta haien ikaskuntza prozesurako bakarrik, unibertsitate komunitatearentzako ere bai”.

 “Irakasleek –gehitu du– hezkuntza berrikuntzarekiko konpromisoa dutela frogatu dute. Hain zuzen ere, azken urteetan talde ugaritan parte hartu dute, eta prestakuntzarako eta akreditaziorako programetan aritu dira”.

“Esate baterako –azaldu du–, Docentiaz irakaskuntza ebaluatzeko programan bakarrik irakasleen % 45en baino gehiagoren lana kalifikatu da, eta 37 IKD irakasle talde egituratu akreditatu dira (horien barruan, 298 irakasle daude)”.

“Gainera, beste programa batzuetan ere parte hartu dute: Eragin, Behatu, Fopu, Doitu, Metak, Hasiberriak eta Iraker, besteak beste. Esperientzia dugu, eta baikorrak izan gaitezke”, gehitu du HELAZen zuzendariak.

“Deialdi berri honetan administrazio eta zerbitzuetako langileek ere parte hartzea espero dugu, Campus Bizia Lab eta Berraktibatu + programetan egiten duten bezala. Bada, hori horrela, UPV/EHU osatzen dugun estamentu guztien arteko kooperazioaren balio erantsia dute programok”, esan du amaitzeko Mirari Ayerbek.