euskaraespañol

Eguneko irudia

Hondakin organikoak murriztearen garrantziaz DBHko ikasleak ohartzeko proiektua

UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaileek garatu dute egitasmoa, ERASMUS + programaren barruan, eta emaitzen artean joko interaktibo bat dago

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/12/20

Nahia Idoiaga Mondragon eta Idoia Legorburu Fernández Bilboko Hezkuntza Fakultatean. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Circular Organic Management ‘COM’ proiektua Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko ikerlarien egitasmoa izan da. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta ikasleei zuzendutako proiektua da, batez ere, eta ingurumen-kontzientzia sortzea, elikagai hondakinen murrizketa eta tokiko ekosisteman eragiten duten elementuak eta jarrerak lantzea bilatzen du. Ekimena Europako hainbat bazkiderekin elkarlanean garatu egin da eta ikasleak, irakasleak eta tokiko komunitateak inplikatu ditu, laguntzaile moduan, eraginkortasuna neurtzeko. Proiektuaren materialak aztertu ondoren, baliabide guztiak prest daude eta laster zabaltasunez aplikatu ahal izatea espero da.

‘COM’  KideOn ikerketa taldeak zuzendu duen proiektua da, eta  Bilboko Hezkuntza Fakultateko Nahia Idoiaga Mondragon eta Idoia Legorburu Fernández ikerlariek gidatu izan dute. Horrez gain, beste hainbat erakundeek parte hartu dute, 5 Europako bost herrialdeetakoak: Innovation Hive eta Incommon (Grezia), Asociatia Grupul de Actiune Localanapoca Porolissum (Rumania), Miitr (Eslkobenia), Exeo Lab SRL  (Italia) eta Innomate LDT (Turkia). Egitasmoa Erasmus+ programari esker aurrera eraman ahal izan da eta 2030erako Agendaren   4. eta  13. Garapen Jasangarriaren Helburuak kontuan izan dira bere garapenean.

Proiektuan lan egin duten ikerlarien arabera hauek izan  dira helburuak: ikasleen eta irakasleen artean hondakin organikoak arduraz kudeatzeko kultura hedatzea, jarrera jasangarriak sustatuz; baliabide hezigarriak eta joko interaktiboak erabiliz, ikasleek elikagai-hondakinen murrizketa eta birziklatze-teknikak ikastea; eta tokiko erakunde eta komunitateekin lan eginez, ingurumenarekiko ardura kolektiboa garatzea eta eskola-komunitatean zirkulartasuna integratzea

Proiektuaren talde parte-hartzaile nagusia 12 eta 18 urte bitarteko ikasleak badira ere, eskola-komunitate osoa ere kontuak izan da partaidetza-metodoen bidez: irakasleak, eskola-administrazioko langileak, jantokiko edo sukaldeko langileak, guraso eta tutoreak, bizilagunak eta bertako eskola eta auzoetako udal-agintariak. Eragile guzti horiek guztiek hondakin organikoen kudeaketaren arazoei eta planteatutako konponbide posibleei buruzko azken txostena taxutzen lagunduko dute.

Emaitzak eta etorkizuneko pausoak

Proiektuaren lehen fasean, irakasleen prestakuntza garatu da, eta, ondoren, toolkit hezigarria sortu da, ikasleek ingurumenarekiko ardura garatzeko baliabideak eskaintzeko. Horrez gain, elikagai-hondakinen murrizketa eta zirkulartasunaren inguruko joko interaktibo bat sortu da, gai horiek modu dinamiko eta entretenigarrian lantzeko. Horrez gain, ingurumen-hezkuntzaren aldeko politika-agiria ere sortu da, tokiko erakundeentzako.

Prozesu osoan zehar hezkuntzako profesionalekin kontrasteak egin izan dira, garatutako produktuen egokitasuna neurtzeko asmoz, eta horren arabera, egin beharreko moldaketak egiteko. Hortaz, emaitza kalitate handiko materialak izan dira, gure hezkuntza-sisteman txertatzeko eta eraginkortasunez lantzeko modukoak, alegia. Etorkizunari begira, ‘COM’ proiektuak lortu duen arrakasta oinarri hartuta asmoa da ingurumen-hezkuntza eredu hau beste eskualdeetara hedatzea, beste ikastetxe eta erakundeetan aplikatzea.