euskaraespañol

Eguneko irudia

Hitzaldia: 'Materiales inteligentes y multifuncionales para impulsar el desarrollo tecnológico'

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2019/02/27, 19:00 - 00:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Material adimendunak, material aktiboak edo multifuntzionalak deritzenak, presioa, tenperatura eta inguruneko hezetasuna bezalako kanpoko estimulu fisiko edo kimikoei erantzunez, ohiko propietateak aldarazteko gaitasuna duten egiturak dira.

Ezaugarri horien harira, osagai hauek garraioa, energia eta biomedikuntza bezalako esparruetan aplikatzeko aukera handiak dituzte. Fabrikazio aditiboa eta inprimaketa-teknologia berriak bezalako fabrikazio aurreratuko teknikekin konbinatuz gero, material hauek garrantzia handikoak izan daitezke 4.0 Industria eta “Gauzen Interneta” bezalako esparruetan, eta garrantzi handiko ondorioak ekar ditzakete gizartean, ekonomian nahiz lan arloan, besteak beste.

BCMaterials (Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures) zentroaren egungo zuzendari zientifikoa den Senentxu Lanceros-Mendez fisikariak osagai horen garrantzia aztertuko du otsailaren 27an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian (Bidebarrieta kalea, 4) eskainiko duen “Material adimendun eta multifuntzionalen garrantzia egungo garapen teknologikoan” izenburuko hitzaldian.

Jendaurreko agerraldian, Ikerbasqueko ikertzaileak material adimendun berrien arloan egindako ikerketaren alderdirik nabarmenenak emango ditu ezagutzera, baita material horiek ahalbidetuko dituzten aplikazioak eta horien ondorio ekonomiko eta sozialak ere.

Senentxu Lanceros-Mendez UPV/EHUko Fisika lizentziaduna eta Julius-Maximilians-Universität Würzburg (Alemania) Unibertsitateko doktoreduna da. Sentsoreetan, aktuadoreetan, energian eta biomedikuntzan aplikatzeko moduko material adimendun eta multifuntzional berrien garapena da ikertzaile honen jardunaren ardatz nagusia.

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilabetero gaurkotasunezko gai zientifikoak ezagutzera emateko antolatzen duten “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloari atxikita dago.

Hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da aforoa bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, otsailaren 22tik aurrera. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera.

Bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldiak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte esteka honen bitartez.