Hitzaldia: 'Química circular: cómo construir una nueva economía a escala molecular'
- Ekitaldia
Noiz eta non
2022/11/02, 19:00
Kokapena
Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)
Deskribapena
Ekonomia zirkularra, denboran zehar, klima-aldaketaren egungo eta etorkizuneko ondorioei aurre eginez, hazkunde jasangarria sustatzen duen ekoizpen eta kontsumoko eredua da. Baliabideen optimizazioa eta lehengaien kontsumoaren murrizketa sustatzen ditu, besteak beste, baita hondakinen aprobetxamendua ere, hondakinak birziklatuz edo bizitza berri bat emanez produktu berriak sortzeko. Egun, era guztietako materialak birziklatzen dira, batzuk besteak baino arrakasta handiagoarekin. Hala ere, gizarteak arlo honetan aurrera egin duen arren, material konposatuen eta bestelako hondakinen birziklapenak erronka izaten jarraitzen du.
Mundu mailako arazoa da, izan ere, zenbait birziklatze-zikloren ondoren gero eta zailagoa da hondakinei bizitza berri bat ematea, zikinkerien pilaketaren eta propietateen galeraren ondorioz. Ildo horretan, ekonomia zirkularrak eraginkorra izaten jarrai dezan, beharrezkoa da berrerabilitako materialek planteatzen dituzten arazoei heltzea, eta kimika zirkularra soluzio bideragarria izan daiteke horretarako.
Publikoari kimika zirkularra zer den eta nolako onurak eskaintzen dituen azaltzeko, Javier Garcia Alacanteko Unibertsitateko Kimika Ez-organikoko katedradun eta bertako) Nanoteknologia Molekularreko Laborategiko zuzendari eta Kimika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasuneko (IUPAC) presidenteak “Kimika zirkularra: nola eraiki ekonomia berri bat eskala molekularrean" hitzaldia emango du azaroaren 2an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Hitzaldian, kimika zirkularraren ezaugarri nagusiak deskribatzeaz gain egiazko adibideen bitartez azalduko du hondakina baliabide bihurtu eta horren laguntzaz klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko prozesua.
Hitzaldi-solasaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan antolatu da, Espainiako Kimikako Errege Elkartearen (RSEQ) eta AVEQ-Kimikaren laguntzaz. Aurrez aurre ikusi ahal izango da, baita streaming bidez ere, KulturguneaTB kanalaren bitartez. Sarrera librea da aforoa bete arte.
Hizlaria
Javier Garcia Martinez Kimikan doktoratutako Alacanteko Unibertsitateko Kimika Ez-organikoko katedraduna da. 2022ko urtarrilaz geroztik, Kimika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasuneko (IUPAC) presidentea da, postu horretara iritsi den lehen espainiarra delarik. Zientziaren aldeko Gadea Fundazioko patroia ere bada, eta 2022ko ekainean Ohorezko Errioxarraren titulua eman zion Errioxako Autonomia Erkidegoak.