euskaraespañol

Eguneko irudia

Hitzaldia: ‘Cambio climático: una visión desde el agua’

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2022/06/15, 19:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Klima-aldaketak gure ibaien emarietan duen eragina azaltzeko, Ane Zabaleta Zientzietako doktore eta UPV/EHUko Prozesu Hidro/Ingurumenekoen taldeko ikertzaileak “Cambio climático: una visión desde el agua” (Klima-aldaketa: ikuspegi bat uretatik) izenburuko hitzaldia emango du ekainaren 15ean Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Ibaiak funtsezko bizitza-iturri dira Lurrean. Gizakientzat edateko uraren erreserba garrantzitsua ez ezik, planktonaren, onddo eta landareen, anfibioak eta arrainak bezalako animalien eta era askotako beste hainbat izaki bizidunen bizilekua dira. Egun, klima-aldaketaren eta honi lotutako beroketa globalaren ondorioak begi-bistako aldaketak eragiten ari dira planetako baliabide hidrikoetan, planetako hainbat eremutan sortutako lehorteak eta ur-eskasiak kasu.

Baina nolako eragina izango dute beroketa globalaren ondorioek gure ibaietan? Zeintzuk izango dira sasoirik kritikoenak? Azken batean, nolakoak izango dira gure ibaiak etorkizunean? UPV/EHUko Prozesu Hidro/Ingurumenekoen taldean galdera horiei erantzuten saiatzen dira gure inguruneko baliabide hidrikoen egungo egoeraren azterketatik abiatuta. Besteak beste, ibaiak aztertzen dituzte, toki mailan zein maila globalean aurreikusita dauden erronkei aurre egiteko. Beren azken ikerketek joera argia islatu dute datozen urteetarako: ibaien emariek behera egingo dute apurka-apurka urtaro guztietan, batez ere udazkenean.

Hitzaldian, klima-aldaketak ur-baliabide hauetan izango dituen eraginak zehazteaz gain, egun klimaren aldakuntzen eraginez egiazta daitezkeen zenbait ondorio ere azalduko ditu. Era berean, klimaren inguruko gaietatik harantzago, mahai gainean jarriko ditu ibaien oraina eta geroa baldintza ditzaketen beste gai batzuk, hala nola, toki zein eskualde mailako erabakien arabera lurzoruaren erabileretan izandako aldaketak, baliabide natural horiek zaintzeko duten funtsezko garrantziaren harira.

Sarrera

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloari dagokio. Aurrez aurre ikusi ahal izango da, baita streaming bidez ere, KulturguneaTB kanalaren bitartez. Sarrera librea da aforoa bete arte.

Hizlaria

Ane Zabaleta Geologian lizentziatu eta Zientzietan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Horrez gain, UPV/EHUko Prozesu Hidro/Ingurumenekoen taldeko ikertzailea da, eta honen barruan, arroen hidrologia, ibaietako sedimentuen dinamika, klima-aldaketa, estaldurak lurzoruan dituen ondorioak eta baliabide hidrikoekin lotutako bestelako gaiak izan ditu ikerketa-jardunaren ardatz. Zientzia-dibulgazioari dagozkion hainbat jardueratan ere parte hartu du, mahai-inguruak edo prentsa eta irratiko kolaborazioak tarteko direla, besteak veste.