euskaraespañol

Eguneko irudia

Lehenengo ‘Euskararen historia’ argitaratu da

Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, euskararen bilakaera historikoa aztertzen du aditu garrantzitsuenen eskutik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/09

Iván Igartua, Bingen Zupiria, Miren Dobaran eta Joaquín Gorrochategui. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

‘Euskararen historia’ izeneko liburua aurkeztu da, Historiaurretik gaur arteko euskararen historia eta mendeetan zehar beste hizkuntzekin izan duen harremana laburbiltzen duen lan handinahi eta zabala. Ekitaldian izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Iván Igartua UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordea; Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea; eta Joaquín Gorrochategui UPV/EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna eta liburuaren egile eta koeditorea. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu duen lan honetan, gaian adituak diren ikertzaile handienetako batzuek parte hartu dute, eta helburu nagusia izan da erreferentzia lan bat eskaintzea euskararen bilakaera historikoa ezagutu nahi duten pertsonei.

Liburuaren aurkezpenean, euskararen historia luze eta konplexua bolumen bakar batean biltzen duen lan honen garrantzia nabarmendu du Bingen Zupiriak. Sailburuak adierazi duenez, “mendeetan zehar, euskararen berezitasunak hizkuntzalarien eta adituen interesa piztu du, baita gure mugetatik kanpo ere: Wilhelm von Humboldt, Louis Lucien Bonaparte, Larry Task, Theo Vennemann... Euskararen inguruan askotariko teoriak sortu dira, haren jatorriari eta beste hizkuntza batzuekin duen ahaidetasunari dagokienez. Lan honek ikuspegi zabal eta zorrotz bat ematen digu, euskararen historiari buruz, eta gaian adituak diren ikerlari nagusien eskutik egiten du hori. Gainera, gure hizkuntzaren aldi historikoak laburbiltzen dituen liburuki bakar batean biltzen da ekarpen interesgarri hori”.  

‘Euskararen historia’ talde lan zabal baten emaitza da, hizkuntzaren bilakaeraren fase bakoitzean adituak diren pertsonen lanaren emaitza. Eusko Jaurlaritzako argitalpen zerbitzuak argitaratu duen liburu honen kapituluetan, espezialista bakoitzak zehatz eta egoki laburbildu du euskarari buruz gaur egun dakiguna, ikerketa berriak beharko dituzten alderdiak ere nabarmenduz. “Saiatu gara erreferentziazko historia bat osatzen, gure inguruko hizkuntzetan egin direnen antzekoa, izaerari eta oinarri teoriko-metodologikoei dagokienez” adierazi du Ivan Igartuak, UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreorde eta liburuaren egile eta koeditoreak. Hizkuntzalariez eta filologoez gainera, historialariak ere aritu dira lantaldean. Egile gehienak UPV/EHUkoak badira ere, nabarmentzekoa da ere Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitateko (UPPA-IKER) kideen ekarpena. Joaquín Gorrochategui UPV/EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun eta liburuaren egile eta koeditorearen esanetan, “liburu hau har dezakegu Euskararen historia eta hizkuntzalaritza historiko-konparatua (IT698-13) ikertaldearen lan garrantzitsuenetakotzat”.

Liburuak aztergai ditu euskararen bilakaera historikoa baldintzatu duten faktore nagusiak, faktore horien gainean dugun ezagutza, aztertutako aldiaren arabera, nahitaez desberdina bada ere. Nolanahi ere, bolumen osoari barne koherentzia emateko, liburuko kapituluek antzeko egitura dute, berdin-berdina ez esatearren, eta hizkuntzaren bilakaera aldiak alderatzea –besteak beste– errazten du horrek. Horrela, kapitulu bakoitzaren hasieran, ikuspegi historiko bat eskaintzen duen sarrera bat ageri da, hizkuntzaren garapena dagokion testuinguruan kokatzen laguntzen duena. Sarrera horren ondoren, atal bakoitzak euskararen hedadurari buruzko informazioa ematen du (nolabaiteko ziurtasunez zehatz daitekeenean hedadura hori). Atal bakoitzean landutako hirugarren gaia hizkuntzaren lekukotasun dokumentala da: euskararen historia marrazteko erabil daitezkeen datu linguistikoak ematen dira; datu horiek ondorio historikoak ateratzeko nola erabiltzen diren adierazten da; azkenik, lekukotasun idatzien azaleko analisi grafiko, fonologiko eta morfosintaktiko bat eskaintzen da. Behin informazio hori xehatuta, laugarren atal batean, euskarak historian zehar inguruko hizkuntzekin izan duen harremana azaltzen da: hizkuntz komunitateen arteko kontaktuak hizkuntzen egoera baldintzatzen du, eta oso nabarmenki ikus daiteke hori euskararen kasuan. Amaitzeko, eta kapitulu guztietan ez bada ere, atal espezifiko batek aztergai ditu aldi bakoitzeko ideia linguistikoak eta garapen gramatikografikoa.

Aldiak eta adituak

Liburua osatzean, gaur egun onarpen zabala duen periodizazioa erabili da, neurri handi batean zerikusia duena hizkuntzatik kanpoko mugarri historikoen muga kronologikoekin: 711. urtean, Iberiar penintsulara iritsi ziren arabiarrak; 1745a, besteak beste, Larramendiren Diccionario trilingüe ezagunaren argitalpen urtea da; 1876a foruen abolizioaren urtea da (une esanguratsua ikuspuntu historiografikotik, bat datorrena denboran Pizkundea izeneko kultur mugimenduaren sorrerarekin); azkenik, 1968. urtea hizkuntza estandarra sortzeko prozesu garaikidearen abiapuntua da.

Hizkuntzaren historiaurrea –ustez aldi luzea izan zena eta ilun samarra ere zenbaitetan– Joseba A. Lakarrak (UPV/EHU) aztertu du; Joaquín Gorrochategui (UPV/EHU) arduratu da antzinaroari buruzko kapituluaz; Patxi Salaberrik (UPNA) Erdi Aroko euskara aztertu du; eta Céline Mounole (UPPA-IKER) eta Joseba A. Lakarra (UPV/EHU) arduratu dira euskara arkaikoa aztertzeaz (1400-1600). Antzinako euskarari eta euskara modernoari dagokienez, 1600 eta 1745 artean ezarri dira haien muga kronologikoak. Céline Mounole eta Ricardo Gómez (UPV/EHU) arduratu dira aldi hau batera aztertzeaz. Blanca Urgellek (UPV/EHU) hasierako euskara modernoari erreparatu dio, 1745 eta 1876 urteen arteko aldia hartzen duena; aldiz, bigarren (edo azken) euskara modernoaren azterketaz, 1745 eta 1876. urteen arteko aldiaz, Iñaki Camino (UPV/EHU) arduratu da. Amaitzeko, Pello Salaburuk (UPV/EHU) bere gain hartu du euskara garaikidearen azterketa.

Nabarmentzekoa da hainbat historialariren ekarpena liburuaren zenbait kapitulutan: Mikel Aizpuru, Juan José Larrea eta Xabier Zabaltza, denak UPV/EHUko kideak.

Zalantzarik gabe, liburuaren helburu nagusia da oinarrizko erreferentzia bat eskaintzea euskararen historia ezagutu nahi duten pertsonei. Euskalaritza garatzeko, ezinbestekoa zen eskura dugun informazio historikoa era monografikoan biltzea. Gainera, hainbat ikuspegitatik zen ezinbestekoa: euskal filologiako ikasleek beharrezkoa zuten hizkuntzaren historiari buruz urtetan metatutako jakintza egoki antolatuko zuen obra bat; ikertzaileek ere sintesi bat behar zuten, euskararen bilakaeraren ikuspegi global bat eta hizkuntzak denboran zehar izan dituen aldaketei buruzko informazio esanguratsua emango zuena; azkenik, beharrezkoa ikusten zen ere liburu bat eskaintzea gure hizkuntzan interesatuta dauden pertsonei, euskarak historian izan duen bilakaera xehetasunez laburbilduko duena era ordenatu eta erakargarri batean.