euskaraespañol

Hiri eraldaketa jasangarrirako egitasmo pilotua zuzentzen

Unibertsitatea eta hiriak konektatzen ditu unicitiES 2030 proiektuak, neutraltasun klimatikoa lortzeko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/15

Ezkerretik eskuinera, Ibai Ortiz de Arri, Mikel Saez de Vicuña eta Javiera Jaras | Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUren Arabako Campusa unicitiES 2030 egitasmo pilotua gidatzen ari da, Unibertsitatearen eta hirien arteko konexioa oinarri duen eta Unibertsitate Ministerioak babesten duena ekimena. City Studio metodologian inspiratuta dago, eta hirien beharrekin bat datozen titulazio amaierako lanak (GRAL/MAL) gara daitezen bultzatzen du; ikasleek, irakasleek eta udal teknikariek batera lan egiten dute, elkarrekin soluzioak sortzeko eta hiri eraldaketa jasangarria lortzen laguntzeko, hiriek neutraltasun klimatikoa lortzeko dituzten berariazko erronkak gaindituta.

28 proposamen aurkeztu ziren aurtengo deialdian, eta horietatik sei hautatu ziren:

  • ‘Hiri Partehartzaile eta Erresilienteak: Morea Berdearen gainean Gasteizko Hiri Diseinuan’, Javiera Jaras Castaños (Partaidetza eta Komunitate Garapena Masterra)
  • ‘Lakua auzoko bizi kalitatearen pertzepzioaren azterketa soziologikoa’, Ane Fernández Blanco (Ingurumena, Iraunkortasuna eta GJH Berezko Masterra).
  • ‘Elikagaien hondakin organikoak murrizteko jardunbide egokien gida, Gasteizko etxe eta saltoki txikietarako’, Julen Azcarate Bengoechea (Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua).
  • ‘Horizon 2030: Gasteizko klima misioaren lezioak Emisioen Neutraltasunetik GJHen Lokalizaziora’, Mikel Saez de Vicuña Blanco (2030 Agendaren eta GJHen Integrazio Estrategikoko, Jarraipeneko eta Komunikazioko Graduondokoa).
  • ‘Gasteizko Ekonomia Zirkularreko jardueretan enpresak identifikatzea’, Lander Martínez Diez (Ingeniaritza Mekanikoa + Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza Gradu bikoitza).
  • ‘Gasteizko hegoaldeko ibaien balorazio hidrogeomorfologikoa’, Ibai Ortiz de Arri Barrondo (Geografia eta Lurralde Antolamenduko Gradua).

Campusa aldizkarian, hautatutako hiru lagunekin hitz egin dugu, haien lanak azal diezazkiguten.

Batan ibaiaren ebaluazioa

Ibai Ortiz de Arri

Ibai Ortiz de Arrik Gasteiz udalerriko Batan ibaiaren ebaluazio hidrogeomorfologikoa egin du, haren egoera geologikoaren erreferentzia bat edukitzeko. Ibaiaren inpaktu, presio eta prozesu geomorfologikoak ezagutzeko, eta ibai arroko lurzoruaren erabilerek izan duten bilakaera eta ibilguaren trazadurak azken hamarkadetan izan duen aldaketa aztertzeko landa lana egin ondoren, IHG Indize Hidrogeomorfologikoa aplikatu da, ibaiaren egoera erakusten duena.

Ebaluazioa egin ondoren, ibaiaren egoera hobetzeko hainbat neurri proposatzen ditu Ibaik. “Nire proposamena da ibaiari haren berezko dinamika itzultzea, dituen presio antropikoak murriztuz eta kenduz, izan ere, azken batean, eta beste habitat batzuetan bezala, ibaia narriatu izanaren eragile nagusiak baitira. Horregatik, egungo ingurumen egoera larria konpondu nahi badugu, naturarekin beste modu batera bizitzen ikasi behar dugu, haren berezko prozesuak errespetatuz, Naturan Oinarritutako Soluzioei lehentasuna emanez, era horretan lurralde jasangarriago, osasungarriago eta erresilienteagoak sortzeko”, azaldu du Ibaik.

Aztertutako ibai zati bat Larragorri Parkean dago, datozen urteetan Gasteizko Eraztun Berdean sartu nahi den eremuan. Horrekin lotuta, zera gaineratu du Ibaik: “udal administrazioarentzako azterketa oso interesgarria eta erabilgarria iruditzen zait, ibaiaren egoerari buruzko zertzelada bat eta egoera hori hobetzeko neurriak ematen baititu, kontuan izanda ibai osasuntsuek onura ugari dutela ingurumenari eta alderdi sozialari dagokionez, hala nola: biodibertsitate handiko habitatak dira; tokiko klima erregulatzen laguntzen dute; uraren kalitatea kontrolatzen dute eta uholdeen efektu negatiboak arintzen laguntzen dute. Eta, horrek guztiak, hiriaren garapena jasangarria izan dadin eta hiria klima aldaketaren inpaktu negatiboak arintzeko egokitzen laguntzen du”.

unicitiES 2030 proiektuaren helburuekin bat datorren lana da, zalantzarik gabe, eta baliteke epe laburrean/ertainean abian jartzea.

Gasteiz 2030 Hiri Agenda

Mikel Sáez de Vicuña

Mikel Saez de Vicuñak Gasteizko diplomazia klimatikoaren eta ekintza klimatikoaren arteko harremana eta 2030erako karbono neutraltasuna lortzeko haien helburua ikertu ditu. Horretarako, Gasteiz 2030 Hiri Agenda (AU2030VG) eta Hiriaren Klima Kontratua aztertu ditu, tokiko ekintzak Parisko Hitzarmenean eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan ezartzen diren helburu klimatiko orokorrekin zenbateraino bat datozen ikertuz.

Egin duen analisiaren ondoren, honako ekintzak planteatzen ditu: agiri eta erregistro ofizialak sakon aztertzea, Gasteizko agenda klimatikoa hiriaren erronka orokorretan eta diplomazia klimatikoan nola integratzen den ulertzeko; gaur egun ebaluaziorako dauden metodoak berrikustea; analisi konparatiboa egitea, AU2030VG agendaren jarraipenerako metodoen eraginkortasuna hobetzeko txerta litezkeen mekanismoak identifikatzeko; eta beste hiri batzuetan arrakasta izan duten jardunbideetan oinarritutako politiken gomendioak garatzea, koordinaziorako, jarraipenerako eta txostenetarako mekanismoetan berariazko hobekuntzak eginda.

“Epe labur eta ertainean ekintza horiek martxan jar litezkeela uste dut, eta funtsezkoak iruditzen zaizkit Gasteizek dituen helburu klimatikoek arrakasta izan dezaten. Gaur egungo planak testuinguruan jarrita eta alderatuta oinarri sendo bat ezarriz gero, hobetu beharreko funtsezko arloak identifikatu ahal izango dira. Jarraipenerako metodoen ebaluazioa egin eta beste hiri batzuen jardunbide egokiak txertatuta, politika eraginkorrak ezartzeko esparru sendoa lortuko da. Berariazko politiken gomendioek 2030. urterako karbono neutraltasuneko helburuak lortzeko bidean tokiko ekintzak bideratzen lagunduko dute. Interesdun aldeen edo stakeholder-en etengabeko partehartzea eta gobernantza eraginkorra funtsezkoak izango dira ekimen horiek arrakasta izan dezaten ziurtatzeko”, nabarmendu du.

Bere ikerketaren aurkikuntzetako bat izan da Gasteizko 2030 Hiri Agendako 85 erronka estrategikoetatik 35 soilik (% 41,14) datozela bat deskarbonizazioko misioarekin; horrela, adierazten du beharrezkoak direla ekintza zehatzagoak eta bideratuagoak.

Erronka estrategikoen helburuak lortzeko, hainbat zeregin proposatzen du: adierazle tekniko konplexuak monitorizatzeko mekanismo aurreratuak garatzea, datu handiak biltzeko sistemak eta analisirako tresna aurreratuak barne, hala nola adimen artifiziala eta ikaskuntza automatikoa; interesdun alde guztien koordinazioa eta kudeaketa hobetzea; sektore bakoitzaren erronka bereziei egokitutako estrategiak ezartzea; hainbat sektoretako funtsezko eragileak sartzea, aldaketa politikoak gorabehera, planaren iraunkortasuna ziurtatzeko; eta komunikazioko estrategia sendo eta ulergarria garatzea, ikusgaitasuna eta konpromiso publikoa sustatzeko, plataforma digitalak eta kanpaina mediatikoak erabilita.

Espazio publikoak diseinatzeko beste ikuspegi bat

Javiera Jaras

Javiera Jarasek Gasteizko hirigintza plangintzaren kalitate demokratikoa eta espazio publikoen diseinu partehartzailea aztertu ditu, genero ezberdintasunak eraldatzeko eta ingurumen jasangarritasuna hobetzeko helburuz. “Hiri batek jasangarritasuna bere zentzurik zabalenean lor dezan, hau da, gaur egungo beharrak asetzeko gaitasuna lor dezan, horretarako arriskuan jarri gabe etorkizuneko belaunaldien haien beharrak asetzeko gaitasuna, funtsezkoa da printzipio demokratiko eta partehartzaileetan oinarritzea. Printzipio horiek boterearen bidezko banaketa sustatzen dute, gobernatzeko eredu inklusiboa bultzatuz, pertsona guztien partehartze aktiboa bilatzen duena, batez ere, historikoki baztertuta egon diren komunitateetako kide direnena”, azaltzen du bere lanean.

Horretarako, haien artean lotuta dauden eta osagarriak diren hiru zutabetan oinarritzen dira hiri plangintza eta diseinua: zuzentasuna eta justizia soziala islatuko dituen gobernantza partehartzailea; hiri diseinuan eta erabileran aniztasuna eta inklusioa sustatuko dituen ikuspegi feminista bat txertatzea; eta klima aldaketaren aurkako estrategia proaktiboak ezartzea, era horretan ingurumen jasangarritasuna ziurtatuz.

“Nire lana izan da hiri eremuan esperientzia partehartzaileek botere harremanak nola demokratiza ditzaketen ebaluatzea, horretarako botere dinamikak eta erabakiak hartzeko mekanismoak aztertuz. Gainera, ikertu dut ikuspegi feminista eta genero ikuspegia hirigintza plangintza partehartzailean txertatzeak hiri diseinuan nola eragin dezakeen eta hura nola indartu dezakeen, espazio publiko seguruagoak, irisgarriagoak eta pertsona guztientzako bidezkoagoak sortzen lagunduz. Prozesu partehartzaile horiek jardunbide jasangarriak eta ingurumenarekiko errespetuzkoak nola susta ditzaketen ere aztertu dut, era horretan klima aldaketa arintzeko eta haren aurrean egokitzeko estrategietan lagunduz. Laburbilduz, nire lanaren helburua da herritarren partehartzeak hiri plangintzaren kalitate demokratikoa nola hobetu dezakeen aztertzea, genero desberdintasunei aurre eginda eta ingurumen jasangarritasuna sustatuta, kudeaketa inklusiboago eta eraginkorrago baten bitartez”, adierazi du.

Javierak modu aktiboan parte hartu nahiko luke espazio publikoak diseinatzeko proiektuetan, eta horietan presazkotzat jotzen dituen funtsezko hiru zutabeak ezarri nahiko lituzke: demokrazia eta herritarren partehartzea, ikuspegi feminista eta trantsizio ekologikoa. “Printzipio horiek funtsezkoak dira hiri inklusiboagoak, bidezkoagoak eta jasangarriagoak sortzeko. Demokraziaren eta partehartzearen arloan, uste dut garrantzitsua dela tokiko komunitateak inplikatzea eta hiri diseinuan ikuspegi feminista txertatzea; hori funtsezkoa da espazio publikoak seguruagoak, irisgarriagoak eta pertsona guztientzako erosoagoak izan daitezen bermatzeko, batez ere historikoki baztertuta egon diren taldeetako kide direnentzako. Horrek herritarren esperientziak eta beharrak kontuan hartuko dituen ikuspegi inklusibo batekin diseinatzea eskatzen du. Trantsizio ekologikoa funtsezkoa da klima aldaketaren erronkei heltzeko. Gainera, jardunbide jasangarriak eta naturan oinarritutako soluzioak sustatzeko interesa dut, ez ingurumen inpaktua arintzeko soilik balioko dutenak, baizik eta baita hiriko bizi kalitatea hobetzeko ere”, adierazi du amaitzeko.