euskaraespañol

UPV/EHU hidrogeno berdea biltzeko eta garraiatzeko teknologia eraginkorrago bat garatzeko Europako proiektu baten buru da

SUPREN ikertaldea buru duen UnLOHCked proiektua 3 milioi eurorekin finantzatzen du Clean Hydrogen Partnership-ek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/05

Ezkerretik eskuinera, Ion Agirre irakaslea, Rafael Canales eta Kevin Alconada doktoregoko ikasleak eta Laura Barrio irakaslea. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU

Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) ezinbestekotzat jotzen du klima neutraltasuna lortzea berotze globala gelditzeko. Kontzeptu horrek, gutxienez, berotegi efektuko gasen isurketen eta planeta modu naturalean xurgatzeko gai denaren arteko oreka lortzea eskatzen du. Europar Batasunak 2050ean lortu nahi du neutraltasun hori; horretarako, A Clean Planet for All programa jarri du abian, energia eredu jasangarriagoa lortzeko.

Ekimen horren funtsezko ardatzetako bat teknologia berriak garatzea da, H2-a (CO2 isuririk gabeko hidrogenoa, hidrogeno berdea ere deitua) fabrikatzeko, garraiatzeko eta biltegiratzeko aukera emango dutenak, erregai fosilen kontsumoa murrizteko eta hainbat sektoreren deskarbonizazioa lortzeko, hala nola zementuaren, produktu kimikoen, altzairuaren edo distantzia luzeko garraioaren fabrikazioa –hor zaila da lortzea–.

LOHC: H2-a garraiatzeko eta biltegiratzeko gakoa

Dauden kanalen bidez hidrogeno berdea garraiatu eta biltegiratzeko lantzen ari diren aukera nagusietako bat LOHC teknologia da (Hidrogenoaren Eramaile Organiko Likidoak, ingelesez): erreakzio kimikoen bidez hidrogenoa xurgatzen edo askatzen duten konposatu organikoak dira, eta helburu horretarako erabil daitezke.

Dauden kanalen bidez hidrogeno berdea garraiatu eta biltegiratzeko lantzen ari diren aukera nagusietako bat LOHC teknologia da (Hidrogenoaren Eramaile Organiko Likidoak, ingelesez)

Alternatiba horrek hainbat abantaila ditu, hala nola H2-a modu seguruan eta denbora luzez ingurumen baldintzetan biltegiratu ahal izatea; gaur egun erabilgarri dauden azpiegituren bidez (gasbideak, itsasontziak, etab.) garraiatzeko gaitasuna; era berean, hidrogeno hori azkar eta eraginkortasunez aska daiteke.

Gaur egun, LOHCko hidrogeno gasa material kritikoak (CRMak) erabiltzen dituzten sistemen bidez askatzen da; hau da, kostuagatik edo horien hornidura eteteak ekarriko lukeen arriskuagatik garrantzitsutzat jo diren lehengaien bidez. Hala ere, oraindik ez da lortu industria eskalan zentzuzko ekoizpen bat lortzeko eta horrek dakartzan erronka teknikoak gainditzeko jauzia ematea. Horrek esan nahi du oraindik beharrezkoa dela CRM horiek gabeko katalitikoen sistemak garatzea, merkeagoak, oparoagoak eta errendimendu handiagokoak.

Hiru milioi euro hori lortzeko

Helburu horrekin, Clean Hydrogen Partnership-ek, Europako hidrogenoaren teknologien ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak babesten dituen elkarte publiko eta pribatuak, 3 milioi eurorekin finantzatuko du UnLOHCked proiektua. Proiektu hori UPV/EHUko SuPrEn ikertaldea buru duen nazioarteko partzuergo batek aurkeztu du. Partzuergo honek teknologia berritzaile bat garatzea proposatu du, H2-a distantzia luzeetara biltegiratzea eta garraiatzea eraginkorragoa izan dadin. Horretarako, LOHC teknologien potentzial osoa lortzeko, deshidrogenazio instalazio bat eraikiko du (ez du CO2-ren emisiorik izango, eta eraginkorra eta industria handian eskalagarria izango da). Horri esker, komertzialki elektrizitate berriztagarria eta hidrogenoa sortzeko erabiliko da, modu garbi eta zirkular batean, eta energia kontsumo hobetu eta eskuragarriarekin.

Proiektua egingo den hiru urteetan, partzuergo horrek CRM gutxiko edo CRMrik gabeko sistema katalitikoak garatuko ditu; ondoren, ekoizpena eskalatuko dute eta tamaina handiagoko erreaktore batean aplikatuko dituzte, beharrezko bero hornidura akoplatutako erregai pila batetik lortzeko. Deshidrogenazio sistema eta pila integratzeak ekarriko du LOHC teknologia berritzaile, errentagarri eta jasangarri bat garatzea. Gainera, eraginkortasun termiko hobetua izango du deshidrogenazio etapan, eta katalizatzailearen produktibitate eta egonkortasun handia ere bai.

Bestalde, partzuergo horrek deshidrogenazio erreaktorea erregai pilarekin termikoki integratuko duen sistema berritzaile bat garatuko du. Deshidrogenazio unitatearen energia eskari osoa erregai pilak beteko du, eta, gainera, energia elektrikoa eta hidrogeno soberakina sortuko ditu azken produktu gisa.

UnLOHCked proiektua gaur egun garatzen ari diren SherLOHCk proiektuaren jarraipena da, eta LOHCen hidrogenazio eta deshidrogenazio teknologietan dago oinarrituta halaber.

Industriak eta ikertzaileak dituen partzuergo bat

Diziplinarteko partzuergoa bost herrialdetako zazpi bazkidek osatzen dute (hiru industrialek eta lau ikertaldek): Bilboko Ingeniaritza Eskola, partzuergoaren liderra; Frantziako bi ikerketa zentro: CEA (Commissariat à L'énergie Atomique et Aux Énergies Alternatives) eta CNRS (Centre National de la Recherche Scientifique); North-West NWU unibertsitatea (Hegoafrika); sektoreko enpresa liderrak: Heraeus eta Framatome (Alemania), eta Hygear (Herbehereak).

Partzuergo honek esperientzia, baliabideak, azpiegitura eta ospe handia ditu LOHC teknologiaren arloan, eta bat egin du CO2-ren emisiorik gabeko deshidrogenaziorako LOHC teknologia garatzeko.

Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen Saileko katedradun eta eta SuPrEn ikertaldeko kide Victoria Laura Barrio dago UnLOHCked proiektuaren buru. Bere curriculumean eskualdeko, nazioko eta Europako ikerketa proiektuak ditu.