euskaraespañol

Bilboko Hezkuntza Fakultateak EAEko lehen Unibertsitatea-Gizartea Gela sortu du

Zentroak gune bat utzi die Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioko ikasleei, eta hezkuntza eta ikerketa proiektuak garatzen ditu ikasle horiekin lankidetzan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/11

 

Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu du Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioarekin, elkarlanerako akordio horren bidez, abian jarri dute EAEko lehen “Unibertsitatea-Gizartea Gela”. Ikasgela horren sorrerari esker, adimen desgaitasuna duten zenbait ikaslek eskolak jasoko dituzte Bilboko Hezkuntza Fakultateak fundazioaren esku jarri duen gunean. UPV/EHUk beste urrats bat egin du unibertsitate publikoaren eta gizarte eragileen arteko lankidetzaren alorrean, gizarteari balioa emango dioten sinergiak abian jartzeko. Ikasgela otsailean jarri da martxan eta akordioa lau urterako sinatu da.

Asier Sopelakoa da, “klasera etortzeko autobusa hartzen dut nire herriko okindegiaren ondoan, ‘2166 autobusean’ joaten naiz grebarik ez dagoen egunetan, eta dagoenean nire gurasoek ekartzen naute”, dio Bilboko Hezkuntza Fakultatean ikasten duen Unibertsitatea-Gizartea Gelako ikasle honek. Euskal Herriko Down Sindromeren Fundazioko gazte horiek egunero etortzen dira Santurtzitik, Elorriotik, Zornotzatik, Laudiotik eta inguruko beste hainbat herritatik, beren ikasketak egitera, hemen Leioan, baita unibertsitateko giroa ere bizitzera.

“Haientzat, ekimen hori aurrerapauso handia izan da autonomiari, garraio publikoarekin maneiatzeari, edo unibertsitatearen beraren jardueretan parte hartzeari dagokionez. Gainera, jakina, kolektibo horri ematen dion ikusgarritasunaz gain”, nabarmentzen du Anuska Sánchezek, fundazioko talde horretako irakasleak. “Eskolak ematen dizkiet Administrazioko lehen mailako profesionaltasun-ziurtagiria eskura dezaten”, azaltzen du.

“Gazte hauek euren bizitza akademikoa garatzen dute, eta aldi berean, unibertsitate bizitzaren esperientzia bizi dute: fakultate bizitza daramate, non leku komunetan harremanak sortzen baitira, hala nola kafetegian eta ikasketa aretoetan. Halaber, unibertsitateko kultura, aisialdi eta ikaskuntza jardueretan ere parte hartzen dute”. “Horrek esan nahi du elkarbizitza sustatzen dela, ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean loturak sortzeaz gain, horrelako ikasleen eguneroko bizitzan errespetutsua eta adeitsua izango den fakultate bat eratzen lagunduta betiere”, erantsi du dekanoak.

“Unibertsitateko baliabideak erabiltzea zoragarria da, gainera, campuseko jardueretan parte hartzen dute: Arte Ederren Fakultatean, Ostalaritza Eskolan, eta zer esango dizut ‘Hezkuntza Fakultateaz’, dio Anuskak, fundazioko irakasleak; gure erakundearen ikasgeletan biziko balute baino modu helduagoan bizitzen ari dira hemen, eta beste espazio batzuetan gertatuko ez liratekeen gertaerak sortzen dira: aurrekoan, adibidez, Asierrek Maitane ikaskideari proposatu zion kafetegian menu bat bazkaltzen geratzea, edo Arantzazuk dioen moduan, leku gehiago du hemen taka-takarekin ibiltzeko campusetik” azpimarratzen du irakasleak.

Gainera, sinatutako akordioari esker, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertaldeek eta irakasleek gela horrekin, eta haren jarduerarekin lotutako ikasketak egiteko aukera ere izango dute. Orobat, gelak hezkuntza arloko GrAL, MAL, eta doktorego tesiak ere sustatuko ditu, gelaren barruan hezkuntza inklusioarekin eta abarrekin zerikusia duten alderdietan eta erakundearekiko lankidetzaren testuinguruan. Ikerlanak errespetuz, etikoki eta egokiro gauzatu daitezen lortzeko, ikerlan horiek egiteko jarduketa protokolo bat prestatu da.

Erakundeko kudeatzaile Óscar Seoanek azaldu duenez, “Fundazioak zera galdetu zion bere buruari, zergatik ez hurbildu unibertsitate publikoa desgaitasun intelektuala duten pertsonengana? Izan ere, halako pertsonek oso gutxitan sartu ohi dira unibertsitatean, bizi duten errealitatea dela-eta”. Seoanek hau gehitu du: “unibertsitate bizitza pertsonen, kulturen eta errealitateen arteko harreman elementu sendo batek markatzen du; unibertsitateak hirugarren sektoreko erakundeen eta unibertsitatearen beraren arteko lankidetza sinergiak sortzeko bidea ematen du. Gainera, unibertsitateak prestatu egiten ditu etorkizunean legeak sortzeko, irakaskuntzan aritzeko eta abarretarako ardura izango duten pertsonak, eta sekula ezingo dugu esan gure gizartea inklusiboa denik baldin eta pertsona horiek ez badute adimen desgaitasuna duten pertsonen errealitatea ulertzea ahalbidetzen dien ezagutza eta begirada”.

 

Baterako praktikak MakerLab tailerrean

Gaur fakultateko MakerLab tailerrean aurkitu ditugu, Bertan, STEAM irakaskuntzak prestatzeko erabiltzen diren materialekin kontaktua izango dute. Horretarako, graduko eta fundazioko ikasleak elkartu dira esperientzia berria partekatzeko: robotikan lan egitea, Chroma Key-rekin muntaketak egitea… Bilboko Hezkuntza Fakultateko zenbait ikaslek prestatu dituzte jarduerak, eta orain praktikan jarriko dute, ikaskide berri horiekin mahaia partekatuz. Mikel, fundazioko ikaslea, esperientziarekin hasteko irrikitan dago, “batez ere bideoak eta betaurrekoak egiteko irrikan”; Endika, ordea, hainbeste teknologiaz arduratzen zen, baina beldurra kentzen ari zaio.

Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da proiektuan parte hartzen duten alde guztientzat. Asier Muñozek, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleak, “parte-hartzaileen jarrera proaktiboa” nabarmendu du. “Ilusio berezia egiten dit gaurko proiektuan talde honekin lan egiteak; ekintza txiki horiek oso garrantzitsuak dira benetako inklusio batera iristeko; espero dut gaurkoa bezalako proiektuak sortzen jarraitzea”. Bere ustez, “etorkizuneko irakasle gisa, gure errealitateak ez bezalakoak ezagutu behar ditugu”.

Saioa Koskorrotxa ere iritzi berekoa da, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikaslea da ere bai: “oso aberasgarria iruditu zait pertsona gisa eta nire etorkizuneko lanbide-heziketarako proiektu honetan parte hartzea”. Ikasle horrek azpimarratu duenez, “esperientzia paregabea da bi aldeentzat: guretzat, guztiek ez dutelako horrelako proiektu batean parte hartzeko aukerarik, gela hau hemen izatea urrats handia da inklusiorako bidean, eta ezin hobea da kolektibo hori ikusarazteko; haientzat ere, horrelako proiektuetan lan egiteko aukera ematen dien urrats handia delako”.

“UPV/EHUk martxan jarri duen lehen Unibertsitatea-Gizartea Gela dugu hau, baina ez da azkena izango”, aurreratu du Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak. Gela horiek komunitatearen gizarte eta kultura sarearekin lankidetzan aritzeko asmoz sortu dira, UPV/EHUren gizarte inpaktua lortzeko jomuga ere izanik, eta horretarako, gure goiburuari jarraitzen diogu: «Eman ta Zabal Zazu». Gela honek gure gizartearentzat ongizate handiagoa izan dezan nahi dugu”. Morenok azpimarratu du, “Gurea herritarren unibertsitatea dela esatea gustatzen zait, hots, bere lurraldearekin eta pertsonekin inplikatuta dagoen unibertsitatea dela UPV/EHU, eta Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioaren eskutik abiarazitako Unibertsitatea-Gizartea Gela hau horren adibide garbia da”.

Garayk azaldu duenez, “ekimen honen bidez, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) garatzen ere lagundu nahi dugu, horien bitartez fakultate jasangarria, atsegina eta eguneratua eratzeko». Zehazki, dekanoak gaineratu duenez, «gela horren bidez Garapen Jasangarrirako laugarren Helburua garatzen dugu (inklusioan, ezagutzan eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako kalitateko hezkuntza), eta Garapen Jasangarrirako hamargarren Helburua –desparekotasunak murrizteari buruzkoa– ezartzea ere bultzatzen dugu”.

Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioak balorazio positiboa egin du, eta han dihardutenek espero dute “esperientziaren gela hau epe ertain-luzerako proiektu baten hasiera izatea, unibertsitatea inklusioaren erreferente bilakatu dadin. Gizarteratze aktiboa eta erreala, non adimen desgaitasuna duten pertsonak unibertsitate bizitzan sartuta egongo diren eta unibertsitate komunitateak urtean zehar garatzen dituen ekimen eta proiektu guztietan parte hartuko duten”, Óscar Seoane kudeatzaileak proposatzen duen bezala.

Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoak, bere aldetik, adierazi du: “Ekimen honek izan dezakeen arrakasta agerian utziz, gure fakultatean Garapen Jasangarrirako Helburu (GJH) gehiago garatzeko lagungarriak izango diren horrelako gela gehiago sortzea sustatu nahi dugu”.