euskaraespañol

Haurtzaroko nutrizioari buruzko gida praktikoa

UPV/EHUk argitaratua, tresna baliagarria izan nahi du bizitzako lehenengo urteetan elikadurak duen garrantzia ulertzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/15

Ezkerretik eskuinera, Iñaki Milton-Laskibar, Asier Léniz, Naroa Kajarabille, Alfredo Fernández-Quintela eta María Puy Portillo Baquedano
Ezkerretik eskuinera, Iñaki Milton-Laskibar, Asier Léniz, Naroa Kajarabille, Alfredo Fernández-Quintela eta María Puy Portillo Baquedano. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako gida berriak nutrizioak lehenengo haurtzaroan nola eragiten duen azaltzen du, eta, ebidentzia zientifikoan oinarritutako irizpideen arabera, elikadura egokiena aukeratzen laguntzen du, haurraren ezaugarri indibidualak kontutan hartuta. Hori guztia, aldi horretan eta helduaroan osasun egoera ezin hobeari eusten laguntzeko.

Bizitzako lehenengo urteek berebiziko garrantzia dute hazkundean, orduan ezartzen baitira helduen bizitza osasuntsuaren oinarriak. Haurtzaro goiztiarrean (0 eta 3 urte bitartean), nutrizioak funtsezko eginkizuna du haurraren garapen eta hazkunde egokian, bai eta helduaroan gaixotasun jakin batzuen agerpenean eragiten duten arrisku faktoreen prebentzioan ere. Etapa horretan, elikadura ohiturak ikasteko prozesuak ere garrantzi berezia hartzen du; izan ere, nutrizio egokia emateaz gain, helduaroan ohitura osasungarriak hartzea sendotzen laguntzen du.

Sei hilabete bete arte, amagandiko edoskitze esklusiboak estaltzen ditu energia eta nutrizio beharrak (edo, bestela, formula laktikoen bidez). Epe horretatik aurrera, elikagaiak pixkanaka eta kantitate egokietan txertatzen dira, organismoaren sistemen heldutasunera, garapen psikomotorrera eta haurraren interesera egokituta. Fase horretan, garrantzitsua da elikadura ohitura osasungarriak pixkanaka hartzea eta janariarekin harreman ona izatea ahalbidetuko duten baldintzak erraztea.

Aldi horretan puntu garrantzitsua da pediatriako nutrizio balorazioa izatea. Nutrizio egoera ezagutzeak berebiziko interesa du; izan ere, mantenugai bat edo batzuk kontsumitzeak ondorio negatiboak izango ditu bizitzaren etapa horren berezko garapenean eta hazkundean. Era berean, gehiegizko energia hartzeak gehiegizko pisua eta obesitatea garatzen lagun dezake, eta hori helduaroko gaixotasun metabolikoekin erlazionatu da.

Nutrizio aholkuak

Gidak, besteak beste, lehenengo haurtzaroko elikadurari buruzko zenbait argibide ematen ditu:

  • Amagandiko edoskitzea, esklusiboki eta eskariaren arabera, elikagairik onena da 6 hilabetera arte, eta beste elikagai batzuekin batera ematen da bi urtetara arte. Halakorik ezean, egokitutako esneki-formulak erabiliko dira.
  • Elikadura osagarriaren aldian, gomendagarria da elikagaien gama ahalik eta gehien zabaltzea, komeni baita 2 urtetako haurrek helduek jaten duten jaki ia berberak jatea. Askoz errazagoa da lehenengo haurtzaroan elikagai berrietara egokitzea adin berantiarragoetan baino.
  • Mastekatzea atzeratzeak elikadura ohitura arazotsuetara garamatza, hala nola jateko orduan sortzen diren gatazketara, eta gainelikadura eragin dezakete.
  • Esneaz bestelako elikagaiak sartzeak aldaketa handia dakar haurraren garapen fisiologikoan, psikomotorrean, nutrizionalean eta sozialean. Banaka ebaluatu behar da kasu bakoitza, eta haur bakoitzaren ezaugarriak eta garapen maila hartu behar dira kontuan, hautatutako metodoa beren beharretara egokitzen dela ziurtatuz.
  • Haurtxoa jagon behar da otorduetan, eta saihestu fruitu lehorrak, haziak dituzten frutak, gozokiak eta, oro har, trabatzea eragin dezaketen elikagaiak. Era berean, ez da janari prestatu eta prozesatua  eskaini behar, azukre edo gatz gehiegi izaten baitu. Edari azukredunak edo gasdunak ere ez dira eskaini behar.
  • Otorduetan haurra familiarekin mahaian jartzeak errazten du nutrizio ohitura egokiak ikastea. Era berean, garrantzitsua da haurtxoari janariarekin esperimentatzen uztea, interesa pizteko.
  • Haur batzuk apetatsuak izaten dira elikagai jakin batzuekiko duten lehentasunari eta beste batzuekiko duten gaitzespenari dagokionez. Dieta selektibo eta homogeneoek, elikagai gutxirekin, zenbait mantenugairen gabeziak sor ditzakete eta garapen psikomotor normala zaildu ahal dute.
  • Garrantzitsua da elikagaiak ez saritzea eta ez zigortzea, eta jateari uko egiten diotenean elikagai alternatiboak ez eskaintzea.

Gidaren egileek diotenez, "Hezkuntza funtsezkoa da elikadura ohitura egokiak hartzeko. Helduak haurrek imitatu beharreko eredua dira; beraz, jatea eta askotariko elikaduraz gozatzea izango da haurrak elikaduraz hezteko modurik onena. Haurren elikadurak lotura estua du faktore soziokulturalekin, eta ez dago jarraibide bakar bat nola egin behar den zehazteko. Gurasoek aukeratu behar dute beren haurrarentzat egokiena iruditzen zaien aukera ".

Aldi horretan agertzen diren digestio konplikazio ohikoenetako batzuk ere jasotzen ditu lanak. Konplikazio horiek egoera onberak izan ohi badira ere, larritasuna eta ondoeza eragiten diete haurrei eta gurasoei, eta maiz eragiten diete osasun arloko profesionalei kontsultak egitea. Horri guztiari elikagaien alergiei buruzko atal bat ere gehitu behar zaio.

Azken batean, gidak tresna baliagarria izan nahi du elikadurak haurtzaroan duen garrantzia ulertzeko. Horretarako, haurtzaro osasungarrirako gomendioak eta balizko konplikazio ohikoenetako batzuen maneiuari eta prebentzioari buruzko aholkuak bildu nahi ditu, haurren elikaduraren kalitatea eta garapena hobetzeko. Hala ere, obrak ez ditu pediatriako medikuek emandako gomendio klinikoak ordeztu nahi.

Informazio osagarria

"Haurtzaroko nutrizio-gida praktikoa" Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du. UPV/EHUren Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileen lanaren emaitza da, María Puy Portillo Baquedano, Alfredo Fernández-Quintela, Iñaki Milton-Laskibar, CIBER erakundeko kideak ere badirenak, Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia arloan, Karlos III.a Osasun Erakundearen Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroan. Horiez gain, Naroa Kajarabille eta Asier Leniz, azken hau Osakidetzaren Arabako ESIko kide.