euskaraespañol

Gaurko irudia

Hastear da 2023-2024 ikasturtea UPV/EHUn, 46.000 ikaslerekin eta eskaintza akademiko zabal batekin

Ikasturtea hasteko ekitaldi nagusia irailaren 13an egingo da, Arabako Campuseko Letren Fakultatean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/08

2023-2024 ikasturtea abiatzeko puntuan dago UPV/EHUn, eta aurkezpenak eta klaseak hastear daude ikastegietan.  Aurten, euskal unibertsitate publikoan, 35.000 ikasle inguruk egingo dituzte gradu ikasketak, eta beste 11.000 ikaslek, graduondokoak eta etengabeko prestakuntzakoak. Ikasturtea hasteko ekitaldi nagusia irailaren 13an egingo da, asteazkenez, Arabako Campusean, eta bertan izango dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea.

Graduko matrikularen seigarren (eta azken) epea itxi gabe dagoen honetan, orain arte 8.601 ikasle berri matrikulatu dira UPV/EHUren graduetan (iaz baino % 3,4 gehiago). Ikasle berrien % 72k lehen aukera gisa hautatutako graduan lortu dute plaza; % 15ek, bigarren aukera gisa hautatutakoan. Ikasle berrien % 57,4 emakumeak dira; % 42,5, gizonak. Hizkuntzari dagokionez, % 53,4k euskarazko taldeetan egingo dituzte graduko ikasketak; % 46,5ek, gaztelaniazkoetan.   Campusen arabera, % 52 Bizkaiko Campusean matrikulatu dira, % 26,4 Gipuzkoan eta % 21,6 Araban.

Gutxieneko notari dagokionez, Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua izan da aurten gutxieneko nota altuena izan duena: 12,985. Ondoren: Medikuntza, gaztelaniaz (12,830), Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa (12,648), Biomedical Engineering gradu berria (12,533), Medikuntza, euskaraz (12,506), Odontologia (12,486), Bioteknologia (12,398), Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,345), Fisika (12,167), Erizaintza (12,153, Leioa), Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika gradu bikoitza (12,121) Ikus-entzunezko komunikazioa + Kazetaritza gradu bikoitza (12,016). Nabarmentzekoa da Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza gradu bikoitz berriaren gutxieneko nota: 11,196.

Eva Ferreira errektorearen hitzetan: “2023-2024 ikasturtea hasiko dugu aukera askorekin prestakuntzaren alorrean. Ikasturte honetan izango ditugu gradu, gradu bikoitz eta graduondoko berriak, gizarte premia berriei erantzuteko, bereziki hezkuntzaren, osasunaren eta ingeniaritzaren alorretan. Helburu argi bat duen prestakuntza: gure ikasleak pertsona jantzi eta profesionalki trebe bihurtzea, kontzientzia kritikoarekin”.

107 gradu

UPV/EHUren graduko ikasketa eskaintza zabalari, bi titulu batu zaizkio: Biomedical Engineering, osorik ingelesez emango dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza gradu bikoitza, hezkuntzaren alorreko lehenengoa, Gipuzkoako Campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean emango dena. Guztira, 107 titulu eskainiko dira, jakintza arlo guztietakoak, alor ugaritan -ohikoak nahiz berriak- trebatzeko ikasleak.

Biomedical Engineering graduarekin, bi dira jada UPV/EHUn osorik ingelesez ematen diren graduak. Izan ere, 2020-2021 ikasturtetik, Ekonomia eta Enpresa Fakultateak Business + Economics gradu bikoitza eskaintzen du, Sarrikon. Gainera, gradu gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago dagoeneko), bai eta beste hizkuntza batzuetan ematen diren ikasgaiak ere (180 inguru). Bost graduk Unibasq-en nazioarteko aipamena lortu dute, beren ikasleen nazioartekotzea sustatzeko egiten duten lanagatik, eta euskal unibertsitate publikoaren lau ikasletik batek lauhileko bat gutxienez egingo du beste unibertsitate batean, Estatukoa nahiz atzerrikoa. Bordeleko Unibertsitatearekin sortu dugun mugaz gaindiko campusak eta ENLIGHT aliantzan (Europako beste bederatzi unibertsitaterekin) parte hartzeak aukera berriak zabaldu dizkigute, erronketan oinarritutako nazioarteko diziplina anitzeko ikaskuntzaren alorrean.

Prestakuntza dualari dagokionez, hamaika graduk lortu dute jada Unibertsitateen Ministerioak ematen duen aipamen dualaren zigilua. Prestakuntza dualak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak konbinatzen ditu, unibertsitatean eta enpresan. Prestakuntza duala albo batera utzirik, ia ikasle guztiek dute aukera praktikak egiteko Euskal Herriko enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan.

Bestetik, 2023-2024 ikasturtean, berritasun gisa, euskaraz osorik emango den Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza gradu bikoitzak irakasleak trebatuko ditu 0-12 adin tarteko irakaskuntzan aritzeko. Ikasleek lau praktikaldi egin ahal izango dituzte, bost urtean zehar, eta azken urtean Lehen Hezkuntzan eskaintzen diren aipamenetako bat lortzeko aukera izango dute; besteak beste, Hezkuntza Berezia edo Atzerriko Hizkuntza. Honekin, hamabost dira jada UPV/EHUk 2023-2024 ikasturtean eskainiko dituen gradu bikoitzak.

Graduondokoak

UPV/EHUk, ikasturte honetan, 100 unibertsitate master baino gehiago eta 70 doktorego programa inguru eskainiko ditu, eta sei nobedade izango dira, graduondoko ikasketen katalogo zabala osatzen jarraitzeko.

UPV/EHUk bi Erasmus Mundus proiektu berri gidatuko ditu, eta horrek bihurtuko du euskal unibertsitate publikoa kategoria horretako masterren eskaintzarik zabalena duen Estatuko unibertsitateetako bat. Erasmus Mundus masterrek bikaintasun zigilua dute, Europako Batzordeak deialdi lehiakor batean hautatutako programei ematen diena. UPV/EHUk orain gidatzen dituen bi partzuergo berriak dira: Erasmus Mundus Master in Architectural and Urban Contemporary Heritage (Arurcohe), XX. mendeko arkitekturari eta hiri inguruneei espezifikoki eskainia, eta Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterra, UPV/EHU, Southampton, Bordele, Lieja eta Azoresetako unibertsitateetako adituen arteko eztabaiden emaitza, hainbat herrialdetako 40 kide baino gehiagok osatutako sare bat duena. Horrela, parte hartzen duen Erasmus Mundus master guztien artean, lau gidatuko ditu UPV/EHUk. Euskal unibertsitate publikoaren graduondoko eskaintzaren nazioartekotzea gero eta zabalagoa da. Gaur egun, nazioarteko 28 titulazio ditu, eta horietatik 15 titulazio bikoitzak dira (titulua lortzen da UPV/EHUn eta atzerriko unibertsitate batean).

Gainera, bi master berritu dira: Filosofia: Zientzia, Gizartea, Teknologia masterra, eta Historia Garaikidea masterra. Lehenengoan, zientziak eta teknologiak sortutako erronken ikerketa filosofikoa egiten da; bigarrena, aldiz, Espainiako bederatzi unibertsitatek parte hartzen duten unibertsitate arteko programa bat da, orain UPV/EHU buru duena.

Azkenik, doktoregoan, Zientzia Esperimentalen Didaktikari buruzko programa berri bat sartuko da, eta 67 izango dira ondorioz jakintza adar guztietan eskainiko diren programak. Doktoregoetan izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 29ra arte.