Hobi komun berriak aurkitu dituzte Mendebaldeko Saharan
UPV/EHUko ikerketa talde forentse batek, Francisco Etxeberriaren zuzendaritzapean, Meheris eskualdean lurpetik ateratzeko lanak egin ditu
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/07/09
Asociación de Familiares de Presos y Desaparecidos Saharauis (AFAPREDESA) elkarteak gonbidatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde forentse batek, Francisco Etxeberria Gabilondo irakaslearen zuzendaritzapean, Saharako Errepublikako gune liberatuetan Meheris eskualdean hiru hobi komun berri lurpetik atera ditu. Hobi horietan, hiru emakumeren gorpuak aurkitu dira. Gertakariak Marokoren inbasioaren sasoiko lehen hilekoak izan litezke; izan ere, biktima batzuen alboan, besteak beste, Espainiako sasoi hartako 689 pezetako balioa zeukaten 68 txanpon aurkitu zituzten.
Hau 2013. urtetik egin den hirugarren espedizioa izan da. Egun arte, 16 gorpu atera dituzte eta, horietatik, 10 DNA analisiaren bidez identifikatu dituzte eta beren hurbilekoei bueltatu zaizkie; gorpu horien artean, bi adingabeenak ziren. Gorpuak Fadret Leguiaan lurperatu ziren; hura, Mendebaldeko Saharan desagerpen derrigortuen biktima guztientzako memoria leku bilakatu da.
Zientzia Elkartearen (Aranzadi) taldeak eta Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak (Hegoa) lurpetik ateratzeko lehen lanak 2013ko ekainean egin zituzten; orduan, Francisco Etxeberria irakaslearen eta Carlos Martín Beristáin irakaslearen zuzendaritzapean zeuden ikertzaile eta forentseek 8 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituzten, eta, horien artean, adingabe birenak. DNA analisi bidez identifikatzeko lanen bitartez, honako hauek zirela ondorioztatu zen: Salma Daf Sidi Salec (Espainiako NANa: A-4525013), Bachir Salma Daf (adingabea), Sidahmed Segri Yumani (Espainiako NANa: A-3136048), Salama Mohamed-Ali Sidahmed Elkarcha (Espainiako NANa: B-1324045), Sidi Salec Salma (adingabea), Salma Mohamed Sidahmed (Espainiako NANa: A-3509018), Mohamed Moulud Mohamed Lamin (Espainiako NANa: A-4520032) eta Mohamed Abdelahe Ramdan (Espainiako NANa: A 9013149).
2013ko azaroan bigarren bidaia egin zuen aditu independenteen talde berak, eta lehen gorpuzkiak atera zituen lurpetik; biktimen familiartekoei bueltatu zizkieten gorpuzkiak eta behin betiko lurperatzea aurkitu zituzten lekuan bertan egin zen. Hildakoen hurbilekoez gainera, ekitaldian Saharako Gobernuko arduradunak eta Mendebaldeko Sahararen erreferendumerako Nazio Batuen Misioko (MINURSO) kideak ere izan ziren. Aldi berean, 5 gorpu atera ziren lurpetik, eskualde berean, beste hobi komun batzuetan.
Aurkikuntza berri hau 2018ko ekainean egin da, eta urrats garrantzitsua izan da familiartekoentzat eta AFAPREDESArentzat, Mendebaldeko Saharan desagerpen derrigortuen biktima izan direnen inguruan dokumentatu diren 400 kasu baino gehiago bilatzeko bide luzean. Desagerpen horietako gehienak lurraldearen okupazio militarraren lehen urteetan izan ziren (1975aren eta 1976aren artean).