euskaraespañol

Gure txokoak: Ikosaedro moztua edo fullerenoa

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/01

Pedro Alegria, Zientzia eta Teknologia Fakultateko fullerenoaren ondoan. | Argazkia: Unai Zorriketa. Komunikazio Bulegoa UPV/EHU.

Urteotan Zientzia eta Teknologia Fakultateak aldaketa asko izan ditu, izena bera eta egiturazko eraldaketek behartutako ikasketa planak, besteak beste. Urtez urte presaz igarotako ikasgela, laborategi eta bulegoetako tatxetezko korridore amaigabeetatik harago, leku bat nabarmentzen da berezia delako: atondo nagusia, eskola batetik besterako tartean ikasgune eta topagune bihurtu baita, edo jarduera akademikoaren grabitate zentro. Atondoan badago beste ikur bat, fakultatean garatzen diren espezialitateak zientzia isolatuak direla pentsarazi ordez, elkarrekin oso lotuta eta mundu errealarekin oso konektatuta daudela pentsarazten diguna. 

Bolez eta hagez osatutako eskultura handi batek leku pribilegiatua dauka: kimikan fullereno deitzen diote, matematikan ikosaedro moztu, eta kiroletan, berriz, futboleko baloi deitu ohi zaio. Zer izan zen lehenago? Duela 22 mende baino gehiago, Sirakusako Arkimedesek hamahiru poliedro deskribatu zituen, orain Arkimedesen solido deitzen diegunak, bi mota edo gehiagotako poligono erregularrez osatuak. Horietako batek, ikosaedro moztuak, 32 aurpegi ditu —horietako 20 hexagonoak eta 12 pentagonoak dira—, 60 erpin eta 90 ertz. Ikosaedro baten 20 izkinak erpin bakoitzetik distantzia berdinera moztuta lortzen da. Forma ia esferikoa daukanez —esfera zirkunskribatuaren % 86,74ko bolumena hartzen du— eta eraikitzeko erraza denez, futboleko baloiak egiteko gehien erabiltzen den figura da (ehunekoa % 95era igotzen da puzten denean). 

Poliedro hori han kokatuta egoteko arrazoiak, ordea, ez dira horiek: 1985ean, ikertzaile batzuk esperimentuak egiten ari ziren izar erraldoi gorrien atmosferen kimika erreproduzitzeko; bada, horretan ari zirela, deskubritu zuten karbonoaren arkitektura molekular ohikoenetako bat 60 karbono atomozko molekula hutsak zirela, 12 pentagonotan eta 20 hexagonotan banatuta, ikosaedro moztuaren forman. Egiturari buckminsterfullereno edo besterik gabe buckyball izena jarri zioten, Buckminster Fuller-en eraikuntzetan oinarrituta. Arkitekto irudikor hori izan zen kupula geodesikoen asmatzailea, hala nola 1967an Montrealeko Erakusketa Unibertsalean eraikitakoa. Aurkikuntza horren omenez jarri zen fullerenoa Fakultatean, 2011n, kimikaren nazioarteko urtea zela eta. Beraz, ikasle, irakasle eta bisitarien topagunea da, baita zientziaren batasunaren ikurra ere.  

Leku hori aukeratu du Pedro Alegriak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko irakasleak. Bera da aurreko lerroen egilea ere. 

 

Nola iritsi: 43°19'50.2"N 2°58'08.3"W