euskaraespañol

Gure txokoak: Nire semeari esker ezagutu dudan lekua

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/25

Irudia
Kepa Castro, Leioa-Erandio Eremuko Umeak Fundazioko haurtzaindegian. | Argazkia: Ibai Biritxinaga.

Bilbon jaio nintzen arren, Leioan bizi izan naiz beti, eta horregatik UPV/EHU oso presente egon da nire bizitzan. Txikitan, gurasoekin batera, baserrien artean paseatzen ibiltzen nintzen campusaren alboko landetan. Gero, nerabezaroan, gertuko J.M. Barandiaran institutuko ikaslea nintzela, lagunak eta biok olgetan joaten ginen campusaren inguruko zelaietara, eta boleibolean jolasten ginen gure amek prestatzen zizkiguten ogitartekoen zilarrezko paperarekin egiten genituen pilotekin. Gogoan dut campusa inguratzen zituzten hesiak sare gisa erabiltzen genituela.

Garai batean, campusera igotzen nintzen footing egitera (hala zuen izena orduan; orain, running), Arboretumean dauden harri eta lagin geologikoen bildumaren inguruan. Azkenean, UPV/EHUren deiari men egin nion eta Kimika ikasi nuen Zientzia Fakultatean (orain Zientzia eta Teknologia Fakultatea). Arboretum bihurtu baino urte asko lehenago nire lagunekin urtegira eta Arboretumera egiten nituen sartu-irtenak ere ez ditut ahazten. Oihan bat zen hura.

Urte hauetan zehar Leioako campusaren eraldaketa handia ikusi dut, Arte Ederren Fakultatearen eraikuntza, Hezkuntza Fakultatearen lekualdaketa eta campusaren birmoldaketa osoa. Halaber, nire fakultatearena eta liburutegiarena jasan nituen ikasle garaian.

Uste dut ez dagoela campusean lekurik edo fakultaterik ni egon ez naizenik, eta horregatik zaila zait erabakitzea zein den nire txoko gogokoena. Hala ere, ondo pentsatuta, leku batean ez naizela egon gogorarazi dut: campuseko haurtzaindegian, hain zuzen ere. Ilusio berezia egiten dit nire semearen bidez ezagutu ahal izateak. Nire txoko gogokoenetako bat izango dela ziur dakit. Batek daki berak ere nik bezain harreman estua izango duen UPV/EHUrekin.

Lerro hauek amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiot unibertsitateari zerbitzu hori campusean izateagatik, familia eta lana bateragarri egiteko ezinbestekoa da.

Honako hau da Kepa Castrok, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko saileko irakasle eta ikertzaileak, aukeratu duen lekua.

Nola iritsi: 43 ° 19 '53.1 "N 2 ° 58' 14.8" W