euskaraespañol

Gaurko irudia

Dislipemiak kudeatzeko gida bat argitaratu da

Lan hori UPV/EHUko Farmazia Fakultatearen, Sevillako Quirón Infanta Luisa ospitalearen eta Osakidetzaren lankidetzatik sortu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/13

Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo, Leixuri Aguirre eta Asier Léniz
Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo, Leixuri Aguirre eta Asier Léniz. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen-zerbitzuak “Dislipemiak kudeatzeko gida” izeneko lana argitaratu du, Quirón Infanta Luisa ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko José Contreras doktorearen, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa taldeko Alfredo Fernández-Quintela, Leixuri Aguirre eta María Puy Portillo doktoreen eta CIBERreko Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioa Arloko kideen (Carlos III Osasun Institutuaren mendeko Sareko Ikerkuntza Biomedikorako Zentro bat da) elkarlanari esker. Lanaren edizioan Asier Léniz, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa taldeko kidea, ere aritu da (Osakidetzaren Arabako ESIren barneko taldea).

Dislipemiak metabolismoaren aldaketak dira, eta oso ohikoak dira gure gizartean. Isilak izaten dira, hau da, dislipemiak dituzten pertsonek ez dute minik ez ageriko arazorik; hala ere, aterosklerosia garatzeko arrisku-faktore garrantzitsua dira.

Elikagaietako gantzak (lipidoak) energia iturri nagusietako bat dira, eta gantz horien osaerak eragin handia du osasunean. Batez ere gantz azidoek osatzen dituzte, triglizerido forman; hala ere, fosfolipidoak eta kolesterola ere badituzte. Lipido plasmatikoen kontrolak garrantzi handia dauka; izan ere, odolean substantzia horren maila desegokiak izateak lotura zuzena dauka gaitz kardiobaskularrekin. Gure gizartean, helduen % 50ek kolesterol maila altuegia dauka.

Hiperlipidemien tratamenduaren xedea da plasmako kolesterolaren kontzentrazioa 200 mg/dL-tik behera jaistea, LDL kolesterolaren maila 130 mg/dL-tik behera eta triglizeridoen maila 150 mg/dL-tik behera. Hori arrisku kardiobaskular oso txikia duten pertsonen kasuan bakarrik da baliagarria. Arrisku kardiobaskularra zenbat eta altuagoa izan (faktore kardiobaskular erantsiak daudelako), balio horiek txikiagoak izango dira. Beste helburu bat izan ohi da HDL kolesterola 40 mg/dL edo 50 mg/dL-tik gora egotea, pazientearen sexuaren arabera, arazo kardiobaskularrek eragindako morbimortalitatea murrizteko.

National Cholesterol Education Program izenekoaren arabera, lehen mailako prebentziorako tratamenduak bizi-estiloan aldaketa hauek egitea hartzen ditu barne, besteak beste: dieta aldatzea eta ariketa fisikoa egitea. Era horretan ezin badira zehaztutako helburu terapeutikoak erdietsi, tratamendu farmakologikoak erabili beharko dira, betiere dieta egokiarekin.

Gida honetan, irakurleek nahasmendu horiek prebenitu eta tratatzeko hainbat gomendio aurkituko dituzte, ebidentzia zientifikoak oinarri hartuta. Gidak ez du inolaz ere irizpide klinikoa ordeztu nahi; izan ere, pazienteen zaintzari eta tratamenduari buruzko erabakiek aintzat hartu behar dituzte paziente bakoitzaren ezaugarri klinikoak eta egoera pertsonala.