Graduatu egin da UPV/EHUren ‘Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra’ berezko masterraren lehenengo promozioa
Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategiak 3.000 lanpostu sortuko ditu alor honetan 2030. urtera bitartean
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2021/07/02
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ‘Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra’ berezko masterraren lehen edizioaren amaiera ekitaldian, diplomak eman zaizkie 23 gradudunei.
Bizkaia Aretoaren Mitxelena Auditorioan egin den ekitaldian, hitza hartu dute, besteak beste, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen saileko Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, Guillermo Quindós UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak, José María Fernández Alcalá IHOBE Ingurumen Kudeaketako sozietate publikoaren Ekonomia Zirkularreko zuzendariak eta Rikardo Minguez masterraren zuzendariak.
Master Amaierako Lan onenak labur aurkeztu ondoren, diplomak eman zaizkie graduondokoa gainditu duten 23 ikasleei.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta UPV/EHUk bultzatutako ‘Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra’ berezko masterraren lehen promozioak nota bikain batekin amaitu du ikasturtea: masterra egin duten 23 ikasleek oso positiboki baloratu dute prestakuntza programaren ikuspegi holistikoa eta praktikoa, unibertsitateko irakasleek (% 70) eta kanpoko irakasleek (% 30) osatutako irakasle taldea, eta saio batzuk enpresetan bertan egin izana, nabarmen erraztu duelako horrek ikasgaien irakaskuntza-ikaskuntza.
Gainera, masterra egin duten pertsonen profil askotarikoak direla eta (bai aurretik izan duten formakuntzari bai egun duten lanbideari dagokionez), oso ondo baloratu den beste alderdietako bat izan da alor guztiz berrietan trebatzeko aukera: hala nola ekodiseinuan, ekonomisten kasuan, edo bezero/kontsumitzaile ikuspegian, ingeniarienean. Halaber, ikasleek nabarmendu dituzte irakasleen gertutasuna eta laguntzeko prestasuna, eta “Euskadiko ekonomia zirkularraren komunitateko kide” sentitzera eraman ditu horrek.
Lehenengo edizioaren ikasleen profil nagusia izan da emakumea, Ingeniaritza edo Ekonomia ikasketaduna eta 10 urtetik gorako lan esperientzia duena, aipagarriak izanik ere Enpresen Administrazioaren eta Ingurumen Zientzien alorretatik datozenen profilak. Zehazki, lehenengo promozioa 18 emakumek eta 5 gizonek osatzen dute, horietatik 15 EAEkoak; gainerakoei dagokienez, 2 etorri dira Nafarroatik, 1 Errioxatik, 2 Kataluniatik, 1 Valentziatik, 1 Txiletik eta 1 Brasiletik. Gutxi batzuk izan ezik (dedikazio osoko ikasleak), gainerako guztiek formakuntza uztartu dute beren lanarekin edo masterrak berak enpresetan antolatutako praktikekin. Praktikak egin dira enpresa eta erakunde hauetan: A&B Laboratorios, Eroski, CLCircular, Azti, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Ekonomia Zirkularreko Ikasgela eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Life Cycle Thinking Group ikertaldea.
Ikusirik alor honetan zegoen unibertsitate ondoko eskaintza eskasa, duela bi urte indarrak batzea erabaki zuten Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta UPV/EHUk, graduondoko honen bidez ekonomia zirkularraren alorreko prestakuntza bultzatzeko, industria enpresetara bideratutako ikuspegi argi batekin. Horrela, mota honetako Estatuko lehen graduondokoa sortu zen, hirugarrena Europan (Finlandiako eta Erresuma Batuko antzeko bi eskaintzarekin batera).
2021-22 ikasturtean egingo den masterraren 2. edizioaren ezaugarriak
2019-20 ikasturtean eginiko saio pilotuak (berezko titulu formatuarekin, espezializazio ikastaro mota, 900 orduko dedikazioa eta ikasle kopuru txikia) oso balorazio ona izan zuen, hobekuntza batzuk egiteko beharra ikusi bazen ere. Hala, ikusi zen beharrezkoa zela gai batzuetan sakontzea eta ikasleen nahiz euskal sare industrialaren behar eta interesei egokitutako diseinu bat egitea. Graduondokoaren ebaluazioa eta master berriaren diseinua lankidetzan egin zuten ikasleek, batzorde akademikoak, irakasleek, enpresa parte hartzaileek eta erakunde laguntzaileek: IHOBE Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketa sozietate publikoa eta Basque Ecodesign Center.
2020-2021 ikasturtean, graduondokoa berezko master bihurtu da, izenari eutsiz (‘Enpresari aplikatutako ekonomia zirkularra’), 1.500 orduko dedikazioarekin. Master berezia da, bateratzen dituelako ingeniaritzako gai teknologikoak eta enpresen administrazioko edukiak (ekoberrikuntza, 4.0 industria eta ekintzailetza barne), bi-biak beharrezkoak proiektu arrakastatsuak garatzeko ekonomia zirkularrean.
Irailean, masterraren 2. edizioa hasiko da, formatu erdi-presentzialaz, ostiraletan eta larunbatetan. Prestakuntzaren zati bat egingo da on-line modalitatean, UPV/EHUren plataforma birtualaren eta bideokonferentziak egiteko eta etengabeko prestakuntza-ebaluaziorako dituen tresnen bitartez. Aldiz, aurrez aurreko saioak egingo dira Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko).
Masterra bereziki pentsatuta dago gradudunentzat eta Ingeniaritzaren, Ekonomiaren eta Enpresen Administrazioaren alorrean diharduten profesionalentzat, nahiz eta lizentzia, diploma edo gradua duen edozein pertsonak egin dezakeen, ekonomia zirkularrak jakintza alor ugari hatzen baititu. Aukera ematen du gaitasun profesionalak osatu eta ikasleen prestakuntza hobetzeko, negozio eta ekoizpen jasangarrien alorrean lanpostu aukera zabala sortzen ari den une batean. Europar Batasunak aurreikusi duenez, ekonomia zirkularrak 580.000 lanpostu baino gehiago sortuko ditu hemendik 2030. urtera, eta Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategia berriaren helburua da 3.000 lanpostu sortzea alor honetan 2030. urterako.
Graduondokoa egingo duten ikasleek gaitasunak eskuratuko dituzte ere ekonomia zirkularrak enpresei eman dakiekeen balioa identifikatzeko, eraginkorragoak izango diren materialen zikloak sortzeko, lankidetza ekonomia bat diseinatu eta inplementatzeko, eta enpresei ekonomia zirkularraren ikuspegian oinarritutako negozio ereduak proposatzeko. Ikuspegi horretan, produktuen eta materialen balioa ahalik eta denbora luzeenean mantentzen da, eta hondakinak minimora murriztu eta baliabide bihurtzen dira, behin eta berriro sartzeko ziklo produktiboan, balioa sortuz ondasunak beren balio bizitzaren amaierara iristen direnean.
Kontuan harturik ikasleen beharrak eta interesak eta Europako jarraibideak ekonomia zirkularraren arloan, irakasgai berri bat erantsi zaie 2020/21 ikasturteko masterra osatzen zuten 10 moduluei: ‘Ekonomia zirkularra eta 4.0 industria’. Gainera, berritu egingo dira ere kasu praktikoen enpresa esperientziak, baita trebetasunak garatzeko tailerrak ere. Master Amaierako Lanak 12 ECTS kreditu izango ditu (master osoak, 60).
Zabalik dago jada izen ematea UPV/EHUren webgunean. Uztailean, batzorde akademikoak jakinaraziko die aurreinskripzioa egin duten ikasleei onartuta dauden edo itxaron zerrendan sartu dituen, aurretik izena eman dutenen kopurua eskainitako plaza kopurua baino handiagoa delako.
Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/es/web/graduondokoak/master-economia-circular-aplicacion-empresa