Gai akademikoen inguruko ebazpenak

Gradu amaierako lanen defentsa

Erabakia, 2020ko martxoaren 13koa, UPV/EHUko Graduko Batzordearena, COVID-19 koronabirusaren epidemia geldiarazteko indartze neurrien eraginpean dauden gradu amaierako lanen defentsari buruzkoa

2020ko martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzak zenbait indartze neurri hartu zituen Covid-19 koronabirusaren epidemia geldiarazteko, eta horietako neurri bat da martxoaren 10etik 23ra bitartean UPV/EHUren Arabako Campuseko ikastegietan ikasgelako jarduerak etetea. 

Aparteko egoera honetan, unibertsitateak irakaskuntza beste modalitate batean antolatzera bideratuko ditu bere ahaleginak, ikasleei prestakuntza ematen jarraitzeko. Neurri horien eraginpean daude, besteak beste, gradu amaierako lanen defentsak, eta orain artean hartutako neurriak Arabako Campuseko ikastegietarako baino ez diren arren, kontuan izan behar dugu litekeena dela gainontzeko ikastegietan ere ezarri behar izatea neurriok.

UPV/EHUn gradu amaierako lanak egin eta defendatzeari buruzko arautegiak (Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 12an onartuak) hau dio 6. artikuluan: Ikasleak aurrez aurre defendatu beharko du Gradu Amaierako Lana.

Egoera eta epidemia saihesteko neurriak kontuan hartuta, beharrezkoa da premiazko irtenbideren bat zehaztea irakaskuntzaren arloko prozeduretarako, ahal den heinean aurrera egiteko eskola jarduerekin.

Bestalde, kontuan izan behar dugu UPV/EHUn gradu amaierako lanak egin eta defendatzeari buruzko arautegiak xedapen gehigarrian dioena: Unibertsitateko Akademia antolakuntzako batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko, bai eta arautegia aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ere.

Horrela, bada, kontuan izanda UPV/EHU aparteko egoeran dagoela eta COVID-19 koronabirusaren epidemiaren inguruan ezarritako neurri bereziek, eta oinarri hartuta UPV/EHUn gradu amaierako lanak egin eta defendatzeari buruzko arautegiak xedapen gehigarriaren bidez emandako ahalmenak, Graduko Batzordeak 

 

ERABAKI DU:

 

Aukera ematea neurri bereziak ezarrita dauden bitartean gradu amaierako lanak bideokonferentzia bidez edo online-ko beste bitarteko batzuen bidez defendatzeko, betiere, bitarteko horrek aukera ematen badu ikaslea eta gradu amaierako lanerako epaimahaia harremanetan egotea. Neurri hau apartekoa da eta COVID-19 koronabirusaren epidemiaren inguruko neurriek dirauten bitartean ezarriko da.

 

Leioa, 2020ko martxoaren 13koa

 

Araceli Garín Martín

UPV/EHUko GRADUKO BATZORDEKO BURUA