euskaraespañol

Félix M. Goñi eta Géza Toth saritu ditu Alexander von Humboldt Fundazioak

Sari hauek zientziaren arloko esanguratsuenetarikoak dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/04

Felix M. Goñi eta Géza Toth. UPV/EHU
Felix M. Goñi eta Géza Toth | Argazkia: UPV/EHU

Felix M. Goñi Biokimikako eta Biologia Molekularreko katedradunari eta Géza Toth Ikerbasqueko ikertzaile eta Fisika Teorikoko eta Zientziaren Historiako irakasleari, biak Euskal Herriko Unibertsitatekoak, eman dizkiete Alexander von Humboldt Alemaniako Fundazioak 2023ko edizioko sariak. Goñik Humboldt saria jaso du, 2021ean irabazi zuena, eta Tothek Friedrich Wilhelm Bessel Research Award saria, 2019an lortu zuena. Biak ala biak dira Europako zientziaren esparruan ospe handienetakoak. Izan ere, Tothek lortutako saria, ordura arte, hiru pertsonak baino ez zuten jaso Estatuan. 

Humboldt Fundazioak Goñi euskal zientzialariaren “ikerketa eta irakaskuntzako lorpen garrantzitsuak” aintzatestu ditu. Sariak zientzialari alemanekin batera ikerketa-proiektu berriei ekiteko berariazko gonbidapena jasotzen du. Sariari buruz, esan du: "Topikoa da esatea sari batek talde-lana saritzen duela, baina, kasu honetan, egia da. Doktoregoko eta doktoratu ondoko dozenaka ikaslek lagundu dute nire laborategiko lanean lau hamarkada luzetan”. 

Friedrich Wilhelm Bessel Research Award, berriz, Alemaniako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioak sortu zuen. Sari hau Alemaniatik kanpo bizi diren nazioarteko ikertzaile ospetsuei ematen zaie, ikerketan egindako lorpenak eta abangoardiakoak saritzeko, beren diziplinan funtsezko eragina izan duten, edota ikerketek etorkizunean izan dezaketen ahalmen aparta aitortzeko sortu ziren. Zehazki, Gézak bereizketa hori lortu du optika kuantikoaren arloan, informazio kuantikoaren zientzian eta elkarlotura kuantikoaren teorian egindako lanagatik. 

Curriculum zabala 

Félix M. Goñi Medikuntza eta Kirurgian doktorea da Nafarroako Unibertsitatean. Londresko Unibertsitatean osatu zuen bere prestakuntza. 1978tik UPV/EHUko irakasle laguntzailea izan zen eta 1984tik Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna. Bere ikerketa gai nagusia zelula-mintzak dira, 300 artikulu baino gehiago argitaratu baititu aldizkari espezializatuetan, beste argitalpen batzuetan 14.000 aldiz baino gehiagotan aipatu direnak. 
 
Géza Tothek hainbat aintzatespen jaso ditu dagoeneko bere lan zientifikoagatik. Horrela, 2011n 1,3 milioi euro jaso zituen Europar Batasuneko ERC Starting Grant (ERC = Kontseiluaren Ikerketarako Europarra) programatik, bere ikerketak finantzatzeko. Ikerbasqueko kide eta UPV/EHUko Fisika Teorikoko eta Zientziaren Historiako irakaslea da 2008tik, eta hainbat erakundetan egin du ikerketa-lana, hala nola Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Bartzelonako ICFOn (Zientzia Fotonikoen Institutua), Wigner Fisikako Ikerketa Zentroan (Hungariako Zientzia Akademia, Budapest) eta Max Planck Optika Kuantikoko Institutuan (Munich, Alemania).