Giza-portaeraren bilakaera, Eboluzioari eta Neurozientziari buruzko IV. Jardunaldi Nazionalaren protagonista
- Ekitaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2022/04/28 Noiz arte: 2022/04/29, 16:00 - 13:00
Deskribapena
Benetan diseinatuta gaude besteekin konektatzeko? Hala bada, zergatik daude oraindik psikopatak? Paranoia eta eldarnioak tarteko dituzten bestelako nahasmenduak tratatu ahal dira eboluzioaren ikuspegitik? Eta nola aldatu da sexu-erakarpena gure ‘aitona-amona’ hominidoen garaietatik hona?
Galdera hauei eta giza-portaeraren bilakaeraren inguruko beste batzuei erantzuten saiatuko dira UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak apirilaren 28tik 29ra bitartean UPV/EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan antolatuko duten Eboluzioari eta Neurozientziari buruzko IV. Jardunaldi Nazionalean.
Jardunaldi honen lehen edizioa 2017an antolatu zuten Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zenbait psikiatrak, eta harez geroztik, hitzordua ezinbesteko topagune bilakatu da psikiatria, psikologia, biologia, filosofia eta bestelako esparru zientifikoetako profesionalentzat, betiere baterako interes honen inguruan: giza-portaera ikuspegi eboluzionistatik aztertu eta horren dibulgazio zientifikoa egitea publiko guztiei egokitutako eta erabat eguneratutako formatu zorrotz eta atseginean.
Horretarako, aurten ere, jardunaldiak zientziaren arloko Estatuko hainbat pertsona ospetsu izango ditu partaide, hala nola, Luis Caballero eta Julio Sanjuán psikiatrak, Helena Matute eta Laura Morán psikologoak, José Miguel Martínez neuropsikologoa, Emilio Bruner eta Fernando Valladares biologoak, Santiago Sánchez-Migallón filosofoa eta osasun fisiko eta mentalean aditutako Marcos Vázquez ingeniaria.
Ekitaldia zuzentzeaz arduratu diren Eva Garnica de Cos eta Pablo Malo psikiatren hitzetan, “ikuspegi eboluzionista funtsezkoa da gizakiaren garuna, adimena eta portaera sakontasunean ulertu ahal izateko. Hain da garrantzitsua, ezen, askotariko jakintza-arloetara zabaltzen da, baina oraindik ez du lortu prestakuntza-programetan dagokion lekua, eta askotan ezin ulertuta eta estigmatizatuta gelditzen da”.
Jardunaldi honen bitartez, aurreiritzirik gabeko ikuspegi zorrotz eta atsegina eskaini nahi dute, mendez mende giza-portaeraren bilakaera markatu eta oraindik markatzen jarraitzen duten eboluzioari lotutako zenbait alderdiren inguruan.
Izen-ematea
Sarrera doan, aretoaren edukiera bete arte, baina bertaratu nahi izanez, gero izen-ematea gauzatu behar da, kzk.ehu@gmail.com helbidera mezua bidaliz honako datuekin: izen-abizenak eta lantokia adieraziz.
Bertaratzeko aukerarik ez dutenek zuzenean ikusi ahal izango dituzte, streaming bidez, EiTBren Kosmos kanalaren bitartez.