euskaraespañol

UPV/EHUren ikerlan batek giza enbrioiaren bestelako definizio bat proposatzen du, lege-ikuspegia kontuan hartuta

UPV/EHUko Ikerbasque irakasle eta ikertzaile Iñigo de Miguel Beriainek aurkeztu duen testua baliagarria izan daiteke giza enbrioien erregulazioa bideratzeko eta hainbat herrialdetan bateratzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/26

Iñigo de Miguel Beriain
Iñigo de Miguel Beriain UPV/EHUko Teknozientzia Berriei aplikatutako Gizarte eta Lege Zientzien ikertaldeko kidea | Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Iñigo de Miguel Beriain UPV/EHUko Teknozientzia Berriei aplikatutako Gizarte eta Lege Zientzien ikertaldeko kidea da, eta, aurkeztu duen artikuluan, lege-ikuspegi bat ematen da enbrioiari unibertsalki ontzat emateko moduko definizio bat emateko. De Miguelek aurkezturiko proposamena lagungarri izan daiteke erregulazioa errazteko eta hainbat herrialdetan bateratzeko. Proposamenaren arabera, enbrioitzat hartu beharko litzateke gizaki jaio bat sortu arte garatzeko gai den edozein zelula-egitura.

Bioteknologiak modu erabakigarrian lagundu dezake giza bizitzaren lehen etapen gaineko ezagutza eta kontrola hobetzen. Alabaina, inguruabar horrek eztabaida desafiatzaileak sortzen ditu ikuspegi etikotik zein juridikotik. Izan ere, gai bioteknologiko gutxik pizten dute giza enbrioiekin loturikoek adinako ika-mika. Berriki izaniko eztabaidetan, halere, bada gutxi azterturiko alderdi bat. Nahiz eta enbrioiaren estatus morala funtsezko gaia izan den debate publikoan, egundoko garrantzia hartu du giza enbrioi bat zer den zehazteak eta antzeko beste entitate batzuetatik bereizteak. Ez da arazo semantiko hutsa, ezpada normatiboa, eta ondorio praktiko garrantzitsuak ditu ikerketarako.

Ildo horretan, ugalketa-biologian izaniko aurrerapen zientifiko eta teknologikoek giza enbrioiaren definizioa berrikusteko premia sortu dute azken bi hamarkadetan. Ernalketaz bestelako prozeduren bidez giza enbrioiak sortzeko aukerak —transferentzia nuklearra baliatuz, kasu— eta gaur egun enbrioi-egiturak imitatzeko gai diren zelula-ereduak sortzeko teknologiak garatu izanak duda-mudan jarri dute enbrioi termino zientifikoa, eta horrek ondorio etikoak nahiz juridikoak ditu.

“Garapen teknologikoek aurretik finkatutzat jotzen ziren zenbait kontzeptu-kategoria birpentsatzeko beharra planteatzen dute batzuetan. Gaur egun, ezin da esan enbrioi bat  beti eta beti ernalketaren emaitza baino ez denik”, adierazi du Iñigo de Miguel Beriain Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoa Saileko Ikerbasque irakasleak.

Iñigo de Miguel Beriainek artikulu bat argitaratu du, Kalifornia-San Diegoko Unibertsitateko Jon Ruedarekin eta Granadako Unibertsitateko Adrian Villalbarekin batera, eta hirurek ere gogoeta egiten dute giza enbrioiaren definizio juridikoei buruz. Hala, definizio sendo bat eskaintzen dute legearen ikuspegitik. “Artikuluan, bestelako ikuspegi bat iradokitzen da: enbrioitzat hartu beharko litzateke gizaki jaio bat sortu arte garatzeko gai den edozein zelula-egitura, eta gaitasun horren inguruan eraiki beharko litzateke definizioa. Ikuspegi hori, bide batez, dagoeneko baliatzen da herrialde batzuetan, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ere emana du haren aldeko irizpena”.

De Miguelek dioenez, "enbrioiaren definizio juridiko unibertsal bat izatea, luze-zabal ontzat emana, lagungarria izango litzateke segurtasun juridikorik eza arintzeko eta araudiak harmonizatzeko". “Gure gogoetarekin sortu nahi dugun enbrioi kontzeptuaren bidez, bioteknologiaren aurrerapenek planteatzen dituzten erronkei aurre egiten lagundu nahi dugu”, gaineratu du. Horrekin batera, hau adierazi du: “Baliteke legezko ondorioak izatea egungoa baino sistema juridiko koherenteago bat finkatzerakoan, eta sistema berri hori gai izatea enbrioiaren ideia eta gizaki jaioarena lotzeko (kontuan izanik azken ideia horrek definitzen duela pertsona Zuzenbidean)”.

De Miguelen ustean, definizio hori “baliagarria izango da azpimarratzeko badela beste eztabaida bat, enbrioiari eta haren estatutu moralari buruz tradizionalki formulatu izan dena baino lehenagokoa dena eta lotura duena enbrioiaren definizioarekin berarekin. Enbrioi batek zer babes merezi duen eztabaidatu aurretik, zer den eta zer ez erabaki behar dugu; izan ere, ez da gauza bera transferentzia-prozesu bat burutzeko gai ez den egitura bat —DNAn akats bat duelako— edo prozesu hori burutzeko gai den beste bat, adibidez”.

Informazio osagarria

Iñigo de Miguel Beriain Ikerbasqueko irakasle eta ikertzailea da. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da, baita Zuzenbideko lizentziatua eta doktore europarra ere. Horretaz gainera, Filosofian ere doktorea da. Iñigo de Miguelek irakasle dihardu UPV/EHUren Globalizazioa Aztergai: Erronkak eta Diziplinarteko Erantzunak Doktoregoan eta Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterrean.

UPV/EHUren Zuzenbide Publikoa Saileko Teknozientzia Berriei aplikatutako Gizarte eta Lege Zientzietako ikertaldeak (GI-CISJANT) bioetika, biozuzenbidea, datuen babesa edo adimen artifizialaren aplikazioa aztertzen eta garatzen ditu osasun-laguntzaren alorrean, besteak beste.

Erreferentzia bibliografikoa