euskaraespañol

Gaurko irudia

Ikerketa batek genero desberdintasunak hauteman ditu nerabeen artean, antsiolitikoen eta hipnosedatzaileen kontsumoarekin lotuta

OPIK Ikertaldeak egin du lana, eta 14 eta 18 urte arteko neska nerabeen kontsumoa adin horretako mutilena baino altuagoa dela egiaztatu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/10

Xabi Martínez, Opik. Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeko ikertzailea | Argazkia: Ibai Biritxinaga

Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak (OPIK) egindako ikerketa batek hauteman duenez, neska nerabeek antsiolitiko eta hipnosedatzaile (AHS) gehiago kontsumitzen dituzte adin bereko mutilek baino. Gurasoen hezkuntza maila zenbat eta txikiagoa izan (bereziki, amen prestakuntza akademikoa), orduan eta handiagoa da aldea. Dena den, badirudi jatorri geografikoak ez duela eraginik farmako horien kontsumoan. 

Horiek dira UPV/EHUko OPIK ikertaldeak 2021ean egindako ikerketa honetan ateratako ondorio nagusiak: “Desigualdades de género en el consumo de ansiolíticos e hipnosedantes (AHS) por parte de los adolescentes en España”. Ikertaldearen arabera, “biztanleriaren osasun mentalaren narriaduraren gero eta zantzu gehiago daude; batez ere, emakumeen eta nerabeen artean”. Gainera, “azken hamarkadetan modu progresiboan hazi da antsiolitikoen eta antidepresiboen kontsumoa”. Eta horretaz ohartu zirelako jarri zuten martxan ikerketa. 

Zehazki, AHSen kontsumoari lotuta Espainiako Bigarren Hezkuntzako hamalau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleen artean dauden genero desberdintasunak eta bilakaera (2010-2021) aztertu dituzte. Horretarako, beste desberdintasun faktore batzuk ere izan zituzten kontuan, hala nola jatorria eta gurasoen hezkuntza maila. 

Ikerketan ikusi dutenez, “neska ikasle guztiek adierazitako kontsumoa nabarmen handiagoa da adin bereko mutilena baino: nesken % 24,1ek eta mutilen % 15,3k kontsumitu dituzte psikofarmakoak noizbait; eta nesken % 17,6k eta mutilen % 9,7k kontsumitu zituzten azken urtean. Gainera, adinarekin kontsumoa handitu egiten dela hauteman da: emakumeen % 26,9k kontsumitu zituzten mota horretako farmakoak hamazazpi urte zituztenerako, eta % 30,7ra igo zen ehunekoa hemezortzi urterekin. Dena den, kontsumoaren hazkundea handiagoa izan zen mutilen artean, horien kontsumoa bikoiztu egin baitzen hamalau eta hemezortzi urteren artean”.  

Bestetik, ama-alaben arteko harremanaren eta AHSen kontsumo handiagoaren arteko lotura nabarmentzen du ikerketak. Ikerketaren arabera, “amak egoera sozioekonomiko eta mental txarra izateak eta haren ondoezaren medikalizazio posibleak lagundu egin lezake kontsumoa alabei helarazten, amak alaba zaintzeko bide gisa, familia barneko leialtasun sistema ikusezin baten barruan”. 

Era berean, ikerketak nabarmendu du gurasoen ikasketa maila lotuta dagoela antsiolitikoen eta hipnosedatzaileen kontsumo handiagoa izatearekin. Ikerketaren emaitzen arabera, aitaren eta amaren ikasketa maila gero eta baxuagoa izan (bereziki, amarena), produktu horien kontsumoa orduan eta handiagoa zen neska nerabeen artean. Aitzitik, faktore horrek ez zuen eragin handirik mutilen kontsumoan. 

Aldiz, badirudi gurasoen jatorriak ez duela inolako eraginik. Izan ere, “antzeko portaerak hauteman ziren errenta ertain-baxuko herrialdeetatik etorritakoen eta bertako ikaskideen artean”.  

Diskriminazioa, ohiko indarkeriak eta AHSen kontsumoa 

Ikerketak adierazi duenez, “emakumeek jasaten dituzten diskriminazio materialaren eta ohiko indarkerien ondoriozko ondoez psikikoa da emakumeen kontsumoa handiagoa izatea eragiten duten arrazoietako bat”. Nerabeei dagokienez, OPIKen arabera, honakoa izan liteke nesken kontsumoa handiagoa izatearen arrazoia: “Adin horretan, feminitatearen eraikuntza konplazentzian eta perfekzionismoan oinarritzen da, autoexijentzia akademikoaz gain, eta mendekotasun eta gehiegikeria harremanekin hasten dira”. 

Halaber, ikerketaren arabera, “ohiko bizimoduaren medikalizazioaren isla izan liteke psikofarmakoen hazkunde progresiboa, profil oso lehiakorrak eta proaktiboak lortzeko prozesuek eragiten dituzten ondoezak arintzeko edo ziurgabetasun eta zaurgarritasun egoerak arintzeko erabiltzen baitira”. Hortaz, “egiturazko errealitateek eragindako desoreka eta arazoei irtenbide indibiduala emateko balio dute azkenean pastillek”, egileen arabera. Zentzu horretan, ikerketak nabarmendu duenez, “genero desberdintasuna da psikofarmakoen kontsumoaren baldintzatzaile argienetako bat: emakumeen prebalentzia gizonen prebalentziaren bikoitza edo hirukoitza da”.  

Ikerketak ohartarazi duenez, “beharrezkoa da osasun mentala baldintzatzen duten faktore sozialetan esku hartzea eta, hala, nerabezaroko psikofarmakoen kontsumoan esku hartzea”. Komunitate mailan, “hezkuntza afektibo-sexuala” proposatzen du ikerketak, “ikasleak genero berdintasunaren gisako gaietan trebatuko dituena”. Gainera, ikerketaren arabera, “beharrezkoa izango litzateke ehun asoziatibo sendo bat eraikitzea, osasunerako aktiboak bultzatuko dituena eta horiek ikusarazten lagunduko duten eztabaida eremuak ezarriko dituena”. Azkenik, honakoa proposatzen du: “Maila klinikoan, indarrean dauden medikalizazio prozesuak aldatu beharko lirateke. Osasun mentala lantzean faktore sozialak kontuan hartu behar direla eta alborapen androzentrikoak saihestu behar direla ohartarazi behar zaie erakunde medikoei”. 

Egileen iritziz, “emakumeen eskubideak babesteko eta areagotzeko politika pribatuak eta publikoak sustatu behar dira: soldata berdintasuna, prekarietatearekin amaitzea, etxeko lanak eta zaintza lanak aitortzea eta gizarteratzea, eta genero indarkeriarekin amaitzea”. 

Ikerketaren gauzatze prozesuaz 

Ikerketarako, Espainian matrikulatutako hamalau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleen denborazko joera deskribatzeko zeharkako diseinu bat egin zuen OPIK ikertaldeak. Horretarako, Espainiako Bigarren Hezkuntzako drogen erabilerari buruzko inkestako (Encuesta sobre uso de drogas en Enseñanzas Secundarias en España - ESTUDES) datuak erabili zituen. Denboran zeharreko bilakaera aztertzeko, 2010az geroztik eskuragarri dauden datuak erabili dira. Dena den, analisiak 2021eko datuetan jarri du arreta. Horretarako, 531 ikastetxetako 22.321 ikasle hartu ziren aintzat. Mendeko aldagaia honakoa izan zen: AHS farmakoren baten kontsumoa, bizitzan noizbait edo azken urtean, errezetarekin edo gabe. Eta aldagai esplikatzaileak honakoak izan ziren: sexua (gizona/emakumea); adina (hamalau-hemezortzi urte); aitak eta amak eskuratutako hezkuntza maila gorena (lehen mailako ikasketak edo baxuagoak, bigarren mailakoak edo goi mailakoak); eta inkestan parte hartu duen pertsonaren jatorria (Espainia/errenta ertain-baxuko herrialdea). 

OPIKi buruz

Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldea (OPIK) diziplina anitzeko taldea da, eta gizarte zientzien eta osasunaren arloko ikertzaileek osatzen dute.  Batez ere, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek osatzen dute. Honakoekin lotutako ikerketa proiektuak zuzentzen ditu taldeak: biztanleen osasunean eta gaixotasunean eragiten duten faktore sozialak; desberdintasun sozialak osasunean; eta faktore sozial horiek aldatu ditzaketen politikak, biztanleria onerako.  

Ikerketa lanaz gain, emaitzak helarazteko eta hedatzeko askotariko jarduerak egiten ditu OPIKek, bi kanalen bidez: ikerketa jardueretan parte hartzea, administrazio publikoarekin eta erakunde sozialekin lankidetzan; eta profesionalen edo biztanleria orokorraren prestakuntza jarraituko zereginen hedapen jarduerak antolatzea eta horietan parte hartzea.