Unibertsitateen G-9 Taldearen Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialak ikasle afganiarren egoera jorratu du
Lehen bilera batean, Asiako herrialdetik datozen unibertsitateko kideek izan litzaketen arazoen berri eman dute
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/09/09
Unibertsitateen G-9 Taldearen Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektoriala online bildu da haren presidente eta Kantabriako Unibertsitateko errektore den Ángel Pazosek eskatuta. Bederatzi unibertsitateetan nazioartekotzeko eskumenak dituzten errektoreordeez osatua dago batzordea, eta horien artean dago Kantabriako Unibertsitateko (KU) Nazioartekotze eta Konpromiso Globaleko errektoreorde Matxalen Llosa.
Espainian hartzen diren Afganistango errefuxiatuek izan litzaketen arazoei batera erantzutea zen ezohiko bilera horren helburu bakarra, batez ere unibertsitatera sartzeari edo unibertsitate ikasketak jarraitzeari dagokionez.
Gai horri buruzko lehen bilera horretan, Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialeko kideek kezka berezia agertu zuten emakume afganiarren egoeragatik eta oraingo inguruabarretan unibertsitatera sartzeko dituzten baldintzengatik.
Lehenik eta behin, G-9 Taldeko unibertsitateek hauxe erabaki zuten: kasuan kasuko eskualde gobernuekin harremanetan jartzea autonomia erkidego bakoitzak hartzen dituen errefuxiatu afganiarrei buruzko ekintzak koordinatzeko. Erabaki zuten, orobat, EUEB Unibertsitateak erakundearekin elkarlanean aritzea Unibertsitateen Ministerioarekin mintzatu dadin pertsona horiek Espainiako unibertsitateetara sartzeko prozesuak malgutu beharraz.
Taldearen ekintza zehatz modura, errefuxiatuei Hizkuntza Zentroen bitartez espainiera ikastaroak eskaintzea proposatu dute G9 taldea osatzen duten unibertsitateek, eta kultur alderdiei buruzko ad hoc ikastaroak aztertzea horien osagarri; eskaintza hori haien familiei zabaltzeko aukera ere utzi dute zabalik.
Topaketaren barruan, Asiako herrialdetik heldu diren gazteak unibertsitatera sartzeko prozesua arautu bitartean (tituluen homologazioa, etab.), eta haiek unibertsitateetan onartzeko, matrikula osagarriak edo berezko tituluak baliatzeko konpromisoa izan zuten hizpide, halaber.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan beste unibertsitate publikorik ez duten unibertsitateek osatutako elkarte bat da. Hauek dira unibertsitate horiek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako
Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.