euskaraespañol

G-9 Unibertsitate Taldeak aurrerapausoak eman ditu ikerketaren eta transferentziaren arloko lankidetzan

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/03

G-9 Unibertsitate Taldeko Ikerketa, Berrikuntza eta Ezagutzaren Transferentziaren arloko errektoreordetzetako arduradunak | Argazkia: G-9

Oraingo honetan EUEB-Espainiako Unibertsitateak erakundearen egoitzan egin dute sei hilean behingo bilera. G-9 Unibertsitate Taldeko Ikerketa, Berrikuntza eta Ezagutzaren Transferentziaren arloko Errektoreordetzetako arduradunak bildu dira, arlo horien kudeaketa hobetzeko aukerez hitz egiteko. “Jardunbide egokiak partekatzeko, elkarlana indartzeko eta gure unibertsitate publikoetako ikerketarako baliabideak eta gaitasunak optimizatzera bideratutako estrategiak azaltzeko” balio dute lan saio horiek, Julián Garde G-9 Ikerketa Batzorde Sektorialeko presidentearen eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateko errektorearen esanetan.

Ikerketa plan propioen deialdien ebaluazioa

Unibertsitateek ikerketa plan propioen deialdi ugari egin dituzte, eta ebaluazio agentziek deialdi kopuru handi horren aurrean izandako erantzuteko aitasuna izan da bilerako beste aztergai bat. Hainbat soluzio aztertu dituzte; adibidez, unibertsitateen arteko ebaluazio kolaboratiboa, bereziki hizkuntza ofizialak partekatzen dituzten erkidegoetan. Hala,Estatuko agentziaren karga arinduko litzateke eta ebaluazioak inpartzialak eta eraginkorrak izaten jarraitzea ziurtatuko litzateke.

 Zientzia Irekia sustatzen

Hainbat unibertsitatek Zientzia Irekirako trantsizioan egin dituzten aurrerapenak azaldu dituzte. Unibertsitate ereduak Ikerketa Irekiko jardunbide okorretara egokitzearen garrantzia nabarmendu dute, modu horretan ikusgarritasun eta inpaktu akademiko handiagoa izateko.

 CoARA eta ikerketaren ebaluazioaren hobekuntza

Unibertsitate guztiek ez dute konpromiso maila bera Ikerketaren Ebaluazioan Aurrera egiteko Koalizioarekin (CoARA, ingelesezko siglak direla eta), baina barneko ebaluazio prozesuetan CoARA printzipioak pixkanaka txertatzen joateko beharra dagoela uste dute orokorrean. Ekoizpen zientifikoan kantitatearen gainetik kalitatea lehenesten duten adierazleak bilatzen dituzte unibertsitateek, ebaluazio kualitatiboagoak eta adierazgarriagoak lortzeko, hori ezartzeak dakartzan zailtasunekin.

 Berrikuntzak azpiegituren eta ekipamenduen kudeaketan

Bileran zehar, halaber, zerbitzu eta ekipamendu zientifiko-teknikoen barneko tarifez hitz egin dute. Pizgarriek eta deskontuek ikertzaileen eta Unibertsitateen interesak nola lerroka ditzaketen eztabaidatu dute, eskuragarri dauden baliabideak modu eraginkorragoan eta estrategikoagoan erabiltzeko.

G-9 Unibertsitate Taldea

G-9 Unibertsitate Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, Espainiako unibertsitate publikoez osatuta (horietako bakoitza bere autonomia erkidegoko unibertsitate publiko bakarra da): Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea. Gainera, 2023az geroztik, Murtziako  Unibertsitatea ere G-9 taldekoa da, unibertsitate kolaboratzaile gisa.