euskaraespañol

Eguneko irudia

G-9 taldeak administrazio eta zerbitzuetako langileentzako prestakuntza areagotuko du, 66 ikastaro eta 3.630 plaza eskainita

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/10

Gerentzien Batzorde Sektorialak Oviedon
Gerentzien Batzorde Sektorialak Oviedon

Unibertsitateen G-9 taldeak (Grupo 9 de Universidades) % 40 baino zertxobait gehiago handituko du Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalari (AZP) zuzendutako prestakuntza eskaintza bateratua. Hala ebatzi dute Oviedon egindako Gerentzien Batzorde Sektorialean. Bertan, datorren ikasturtean 66 ikastaro programatzea erabaki dute, aurreko edizioan egindako 47 ikastaroen aldean. Plaza kopurua, berriz, 2.215 izatetik 3.630 izatera igaroko da. Aurreko ikasturteko online prestakuntza eskaintzaren datuak aztertu ondoren hartu da erabakia; izan ere, 5.363 lagunek eman zuten izena aipatutako 2.215 plazetarako.

AZPko prestakuntza arduradunen txostena izan da gai zerrendako lehen puntua, eta honako gai hauei buruzko lan saio bat ere jorratu da: USLO eta haren ondorio ekonomikoak, AZPko erretiro sariak, Gizarte Segurantzaren kudeaketa enpresaren eremuan prestakuntza praktikoan daudenen etorkizuneko estatutuaren aurrean (bekadunaren estatutua). Oviedoko Unibertsitateko errektorea, Ignacio Villaverde, pozik agertu da bilkura sektorial hori hartzeagatik, eta halakoak egitearen garrantzia azpimarratu du: “Unibertsitateok, eta bereziki G-9 taldea osatzen dugunok, oso antzeko errealitateak bizi ditugu; gure arazoak, kasu askotan, berberak dira, eta, beraz, funtsezkoa da, gerentziaren edo kudeaketa ekonomikoaren eremuan, gure egoera elkarrekin aztertzea”, azaldu du.  

Lehen aldiz hartu du parte bileran Francisco José Cámara García Murtziako Unibertsitateko gerenteak, bere erakundea Unibertsitateen G-9 taldean unibertsitate laguntzaile gisa sartu ondoren, eta erabaki da Giza Baliabideetako arduradunen lantalde bat sortzea, kudeatzaileen sektorialaren mendekoa. Talde horrek unibertsitate bakoitzaren barneko arazoak mahaigaineratuko ditu, jardunbide egokiekin eta etorkizunerako proposamenekin batera.  

USLOk unibertsitateetan dituen ondorio ekonomikoei buruzko saioa Oviedoko Unibertsitateko Ogasun Publikoko eta Espainiako Zerga Sistemako irakasle Santiago Álvarez Garcíaren gidaritzapean egin da. Bertan, arauaren edukian agertzen diren gaiak aztertu dituzte, hala nola autonomia erkidegoek BPGren % 1 bideratzeko gomendioa. Era berean, parte hartu duten hamar unibertsitateek kezka adierazi dute bekak jasotzen dituzten edo praktiketan dauden pertsonen Gizarte Segurantza kudeatzearen inguruan, batez ere bekadunaren etorkizuneko estatutua aplikatzeari dagokionez.  

Bilera amaitzeko, lan saio bat egin da, eta, bertan, aztertu da nola jorratzen dituen unibertsitate bakoitzak bere premiak (informatikoak, egiturazkoak edo langileenak) oporraldietan edo itxiera energetikoetan, bai eta campusetako espazioen kudeaketa ere.   

UNIBERTSITATEEN G-9 TALDEA 

Unibertsitateen G-9 taldea (Grupo 9 de Universidades) elkarte bat da, eta haren kideetako bakoitza bere autonomia erkidegoko unibertsitate publiko bakarra da: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea ere erakunde laguntzaile gisa.