Bizkaia Aretoan egin zen, joan den urriaren 25ean (astelehena), Fisioterapiako graduaren hamargarren urteurrenaren ospakizuna. Ekitaldi hunkigarria izan zen eta unibertsitateko kide ugari bildu ziren, bai eta osasun arloko kideak, agintariak eta askotariko erakundeetako (elkarteak, enpresa erakundeak...) ordezkariak ere.
Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak Fisioterapiako graduaren hamargarren urteurrena ospatu du
Unibertsitateko, erakundeetako eta gizarteko ordezkari ugari bildu ziren ekitaldian
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2021/10/27
Mitxelena aretoan egin zen ekitaldia, eta Verdini Dantza Taldearen emanaldiarekin hasi zen. Dantza modernoko konpainia hori Down sindromea eta beste desgaitasun batzuk dituzten dantzariz osatuta dago. Oraingoan, bi gizonezko dantzari eta emakumezko dantzari bat aritu ziren, eta bi pieza antzeztu zituzten.
Gogoratzeko denbora
Haien interpretazioaren ondoren, solasaldi bat egin zen, eta osasun arloko gradu berriaren sorrerari buruz eta gaur egunera arte izan duen eraginari buruz hitz egin zen. Ana Rodríguez Larrad Fisioterapiako irakaslearen gidaritzapean, Eva Ferreira errektoreak, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekano Joseba Pinedak eta Leongo Unibertsitateko Fisioterapiako irakasle Jesús Secok (ezinbestekoa izan zen gradu berriaren sorreran) gogora ekarri zuten diziplina honen sorrera eta aldakortasuna, ez bakarrik arlo praktikoan, baita ikerketan ere.
Joseba Pineda dekanoak Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak titulazio berri hau eratzeko izan zituen zailtasunak azpimarratu zituen: “Ordura arte landu zenaz bestelako eskaintza bat izan zen. Beste graduak sortzean, aurreko lizentziatura edo diplomaturetako esperientzia eta programazioa genuen, baina Fisioterapiarekin hutsetik hasi behar izan genuen”, adierazi zuen.
Pinedak promozio berrien profil nagusia ere nabarmendu zuen: emakumeak eta euskaldunak nagusi dira. “Gaur egun, berrogei zentrotan baino gehiagotan egiten dira praktikak, enplegagarritasun maila % 90etik gorakoa da urtean, eta gaitasunekin bat datorren enplegua, % 100ekoa», azpimarratu zuen.
Bestalde, Jesus Secok proiektuaren lehen urratsak gogorarazi zituen: “Kalitatezko eta proiekzio sozialeko titulazio bat eskaini behar zen. Izugarrizko lana izan zen: UPV/EHUren Fisioterapiako graduak, hamar urtean, beste batzuek hamarkada askotan lortu ez dutena aurreratu du”.
Errektoreak, ekitaldiari amaiera emateko, eskerrak eman zizkien eskaintza akademiko berri honen errealitate zoriontsua ahalbidetu zutei, egindako ahaleginagatik: “Gure unibertsitateko Fisioterapiako graduak lehen mailako azpiegiturak eta irakasle eta ikertzaile bikainak ditu gaur egun. Horrek ederki frogatzen du nolakoa izan behar duen gradu berri baten ezarpenak: unibertsitate politikako erabaki bat, erakundeek irmo babestua eta beharrezko bitartekoak jarrita”.
Ospakizunean, gainera, Fisioterapiako graduaren arima alderdi ezberdinetatik jorratu zuten hiru proiekzio jarri ziren. Bideoetako batean, ikasle ohiak agertu ziren; beren lantokitik omenaldi bero bat bidali zioten prestatzen ziren bitartean beren etxea izan zenari.
Gaur egungo ikasleak ere izan ziren ekitaldiko aktore nagusi; asko eta asko bertaratu ziren Mitxelena aretora, baina, gainera, arratsaldeko beste bideo bateko protagonistak izan ziren. Bideoan, fakultatearekin hitzartutako zentroetan praktikak nola egiten dituzten ikusi ahal izan zen.
Hirugarren bideoaren helburua gradu gazte honetan garatzen ari diren ikerketa lana azpimarratzea izan zen. Izan ere, denbora tarte labur honetan, hamaika proiektu ari dira gauzatzen, hamasei tesi irakurri dira eta beste hamazazpi bidean dira.
Hamar urte eta ibilbide luzea
Jon Irazusta irakasleak, gradu berriaren sustatzaileetako batek, gogoratzen duenez, “Eskaera handiko titulazioa zen aspaldidanik Fisioterapia Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ikasleek beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten zuten ikastera. UPV/EHUk aspaldi adierazi zuen titulazio hori eskaintzeko asmoa, eta gradu sistema berria sartzearekin batera egin zuen. “Une hartan, Eusko Jaurlaritzak Fisioterapia ezartzearen aldeko apustu irmoa egin zuen, eta horrek erraztu egin zuen unibertsitatearen erabakia”, azaldu du.
Gradua 2011n hasi zen; 60 ikasle eta sei irakasle zituen orduan. Gaur egun, 215 ikasle ditu. Orduz geroztik, 379 pertsona igaro dira ikasgeletatik (242 emakumezko eta 137 gizonezko).