Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore Nekane Balluerkak, gaur, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela bat sortu eta abian jartzeko. Horiek ere iragarri dute Barrualde-Galdakao ESIa Medikuntza Graduko prestakuntzaren barne hartuko dela, ikasleei irakasgai klinikoen formakuntza emanez.
UPV/EHUk eta Osasun Sailak Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela sortzeko hitzarmena sinatu dute
Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk ikasgela bat eratu dute medikuntza graduko ikasketetan lehen arretako prestakuntza esparru gisa familia eta komunitateko medikuntza sendotzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/07/04
Asteazkenean, uztailak 4, Bilbon egin den sinadura-ekitaldian azpimarratutakoaren arabera, hitzarmen honen azken helburua da Lehen mailako Arretako prestakuntza-esparru gisa Familia eta Komunitateko Medikuntza sendotzea UPV/EHUko Medikuntza Graduko ikasketetan.
Horretarako, osasunaren lehen mailako arretarekin, komunitate-arretarekin, osasun publikoarekin eta Lehen mailako Arretaren esparruan interesgarritzat jotzen diren beste arlo batzuekin lotutako gai espezifikotan ikerketa-jardueraren emaitzak eraldatzeko, ikerketako eta irakaskuntzako arloan jarduketak lantzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan finkatutako diru-laguntza nominatiboa artikulatzen du.
Akordioaren bitartez, beraz, UPV/EHUn Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela sortzeko bi erakundeen interesa gauzatzen da. Ikasgela hori prestakuntzako, dokumentazioko eta ikerketa babesteko sistema integratua izango da Lehen mailako Arretan. Esparru hori indartzea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren helburu estrategiko nagusietako bat.
Gaur izenpetutako hitzarmenaren barne hartuko da konprometitutako helburuen jarraipen-batzorde bat sortzea, baita helburu horiek lortzeko behar diren jarduerak proposatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko den sustapen-talde bat ere.
UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkaren iritziz, “ikasgela berri hau sortuz, herritarrei osasun-arreta eskaintzeko lehen fase gisa familia eta komunitateko medikuntzaren garrantzia azpimarratzen dugu eta, gainera, osasuneko sistema integral baterako hain garrantzitsua den esparru honetan bokazio profesional berriak sustatu nahi ditugu”.
Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek ekimen honen garrantzia azpimarratu du, Lehen mailako Arretaren papera indartzeko bere saila lantzen ari den estrategiaren barruan. Ekimenak, gainera, etorkizunean Euskadiko osasun-arreta hobetzen eta familia-medikuen lanari garrantzi handiagoa ematen lagunduko du”.
Graduko prestakuntza Barrualde-Galdakao ESIan
Osasun sailburuak eta UPV/EHUko errektoreak emandako prentsaurrekoan ere bi erakunde horiek Barrualde-Galdakao ESIa Medikuntza Graduko prestakuntzaren barne hartzeko lortutako akordioa jakinarazi dute.
Hala, ezagutzera emandakoaren arabera, osasun-erakunde horretako zentroetan prestakuntzako azken ikasturteetako irakasgai klinikoen praktikak zein eskola teorikoak emateko behar diren arauzko, antolakuntzako eta egiturako urratsak jada ematen hasi dira.
UPV/EHUko, Barrualde–Galdakao ESIko eta Osasun Saileko ordezkariek hainbat lan-bilera egin dituzte profesionalen eta ekipamenduen inguruko premiak analizatzeko, eta horrela, Galdakaoko Ospitalea eta Barrualde eskualdeko osasun-zentroak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen barne hartzeko. Osasun sailburuak azpimarratzen zuen bezala, beti ez bakarrik ikasleentzako baita osasuneko profesionalentzako eta zentroen erabiltzaileentzako ere kalitate-estandarrak eskainiz.
Era berean, Nekane Balluerka errektoreak bi elementu garrantzitsu azpimarratu zituen ESI berri hau Medikuntza graduko heziketaren barne hartzeko garaian. “Alde batetik, ospitaletako irakaskuntza-unitateen sare oso bat osatzen amaituko dugu, Txagorritxu, Donostia, Basurto eta Gurutzeta ospitaleei, Galdakao-Usansolo ospitalea gehituz. Baina, horretaz gain, bat egite horrek Medikuntza gradua euskalduntzen urratsak ematen lagunduko du. Izan ere, ospitale-unitate honek euskaraz irakasteko behar den gaikuntza duen pertsonal mediko ugari dauka, eta paziente euskaldun asko daude bertan”.