euskaraespañol

Gaurko irudia

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak 40. urteurrena ospatuko du

Hitzaldiak, erakusketak, txapelketak eta pertsona ospetsuen kolaborazioak dira ikasturte osoko programa trinko batean sartu dituzten jardueretako batzuk

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/10

Kazetaritzako ikasle talde bat ekitaldien programaren aurkezpena ikusten ari dira
Kazetaritzako ikasle talde bat ekitaldien programaren aurkezpena ikusten ari dira. ARGAZKIAK: Tere Ormazabal. UPV/EHU

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak azteazkenean, azaroak 10, jarri du abian bere 40. urteurrena ospatzeko antolatutako egitarau trinkoa.  Ana Irene del Valle Fakultateko dekano hautatu berriak prentsaurrekoan aurkeztu du 1981eko urriaren 2tik egindako ibilbidea gogorarazteko ekitaldien eta bestelako ekimenen programa. Egun hartan, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak bere ofizialtasuna aitortu zion Fakultateari; orduan, Bartzelonako Unibertsitatearen mende egoteari utzi zion, eta gaur egun arte iritsi da.

Ana Irene del Vallek aurkezpenean azaltzen zuenez: “Fakultatearen memoria berreskuratzean, balioa ematen zaio ikastegi hau urtetan ehundu duen komunitateari; izan ere, komunitate horrek esperientziarik eta ezagutzarik onena garatu du ikastegiaren administrazioan eta kudeaketan, graduko eta graduondoko trebakuntzan, ikerketaren garapenean eta proiekzio akademiko eta sozialean. Ikastegitik igarotzen den ikasle oro da ondare horren parte. Horregatik, gure ospakizunak haien guztien ‘arrastoa’ ere berreskuratu nahi du”.

Del Vallek azpimarratu zuen “lau hamarkada hauetan Fakultateak lortu duena gizartearekin partekatu beharreko aktibo bat dela. Hemen komunikatzeko talentua, talentu kulturala, soziala eta politikoa lantzen da, eta aukera hau baliatu nahi dugu gure unibertsitate-komunitateak sortzeko eta berritzaile izateko duen ahalmena erakusteko, zabaltzeko eta ospatzeko. Honaino iritsi garela ospatzeak bultzada ematen digu erronka berrietan pentsatzeko”.

Bestalde, Beatriz Zabalondo ikastegiko irakasle eta Bizkaiko campuseko Euskara eta Kultura Zuzendariak hau ekarri zuen gogora: “Euskal Herriko Unibertsitateko gazteenetako bat izan arren, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak ibilbide luzea egin du, eta ez oztoporik gabe, baina hasi besterik ez da egin eta gizartearen beharrei erantzuten jarraituko du: eskaintza akademikoa egokituko du; titulazio berriak proposatuko ditu, erakargarriagoak, eta, bereziki, irakaskuntza eta trebakuntza egokia eskainiko du”.

Zabalondok garrantzia eman zion fakultatean ikasle izan diren izen handiko pertsona asko izateari. “Ziur asko, politikagintzako eta soziologiako pertsona asko datozkigu burura, baita kazetaritzako, zinemagintzako eta publizitateko pertsona asko ere. Badira beste milaka profesional ere, ez hain ezagunak, hemen ikasi dutenak eta, orain, gure gizartearen euskal kultura-ehuna osatzen dutenak: bertsolariak, aktoreak, zuzendariak, idazleak, aitzindariak, euskaltzaleak, youtuberrak, etab.”; haren iritziz, “ekosistema aberats” gisa definitu duen ikastegi batetik atera dira horiek denak.

Jarduera-egitaraua

Ikastegiak urteurrena ospatzeko jarduera guztiak biltzen dituen web-orria jarri du martxan. Webgune dinamikoa izango da, eta ekimen berriz hornituko da ikasturtean zehar; halaber, irakasleen, ikasle ohien eta ikasle berrien ekarpenak ere jasoko ditu.

Fakultateko Komunikazio eta Gizarte Proiekziorako dekanorde Terese Mendigurenek azaldu zuenez, “Fakultateko kolektibo guztiek dute lekua ospakizunetan, eta arreta berezia jarri dugu ikasleengan; izan ere, ikasleek aukera izango dute webgunerako eta sare sozialetarako bideoak egiteko, eslogan-lehiaketa batean parte hartzeko eta 40. urteurrenarekin lotutako Gradu Amaierako Lanen sariketara aurkezteko, besteak beste. Horrenbestez, urteurrena haien ikuspegitik hausnartzeko, bizitzeko eta ospatzeko aukera izango dugu”.

“Jarduera-egutegiarekin batera —erantsi zuen Mendigurenek—, webguneko Gure ikasle ohien oroitzapenak atala nabarmendu nahi dut. Atal horretan, fakultatetik igaro diren pertsona ospetsuen kolaborazioak jasoko dira; Borja Cobeaga, Jon Garaño eta Begoña Beristainek bidalitako bideoekin abiarazi da, zeinetan fakultatean ikasle zireneko garaiak ekartzen baitituzte gogora”.

Era berean, dekanordeak azaldu zuen “agendan garrantzitsuak izango direla, bestalde, hainbat hitzaldi eta ekimen, hala nola Irrati Maratoia (aurten ikastegiaren urteurrenaren ingurukoa izango da) eta zenbait erakusketa. Dagoeneko, Fakultateko lehen solairuko sarreran ikusgai dago 40 urte hauetako bilakaera erakusten duen argazki-bilduma.

Prentsaurrekoaren ondoren, Letamina Txalaparta elektronikoa arduratu da ospakizunen hasiera girotzeaz; une horretan, urteurrenaren logoaren eskultura bat aurkeztu da (sarreran izango da ikasturte osoan), bai eta fatxadan jarritako plaka handi bat ere, zeinak bisitariei gogoraraziko baitie aurtengoa ikasturte berezia dela Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearentzat.

Historia pixka bat

1981eko urriaren 2an, duela berrogei urte dagoeneko, ofizialki sortu zen Euskal Herriko Informazio Zientzien Fakultatea. Erditzea ez zen erraza izan. Izaera ofiziala hartu aurretik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren babespean (Bellaterra) eman zituen lehen urratsak. Kataluniako unibertsitatearen konplizitatearekin, 1977ko urrian hasi zen ernatzen kazetaritza-fakultate propioa izatea amesten zuen ikasle eta irakasle multzo baten ekimena. Bilboko Unibertsitate Autonomoak Medikuntza Fakultatean utzitako ikasgela batzuetan hasi ziren. Garai ilun baina ilusioz beteriko haietan, lelo bat ezagun bihurtu zen, eta unibertsitate hasiberri hura bultzatzeko balio izan zuen: "Euskadik euskal informatzaileak behar ditu". Halaxe zen, Euskal Herriak euskal informatzaileak behar zituen. Gaztelaniaz... Eta, bereziki, euskaraz.  1981ean, azkenean, Estatuko Buletin Ofizialean argitaratu zen Fakultatearen sorrera ofiziala.

Hurrengo lau hamarkadetan, komunikatzaileak bi hizkuntzatan trebatzen aritu da Euskal Herriko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Horretan dihardu orain ere; ibilbide horretan guztian, bere eskaintza akademikoa gizartearen beharretara egokituz joan da, eta ikasketa-aukerak zabalduz: gaur egun, Fakultateak bost gradu, hiru gradu bikoitz eta hamar master eskaintzen ditu.

Fakultatearen eskaintza, etengabe haziz

Fakultatea 1981ean jarri zen martxan, eta gradu bakar bat eskaintzen zen: Kazetaritza. Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio Zientzien Fakultatea deitzen zitzaion orduan. Euskal Autonomia Erkidegoan eskaera handia zuten ikasketak ziren horiek; eskaera handiena zutenetako bat bihurtu zen; izan ere, ikasturte akademiko bakoitzean 1.200 matrikulatu baino gehiago izaten ziren, eta 200 ikaslek amaitzen zituzten ikasketak”.

Soziologia eta Zientzia Politikoak. 1988-89 ikasturte akademikoan sartu zen Soziologiako titulazioa fakultatearen eskaintza akademikoan. Soziologiako lizentzia. 5 urteko lizentzia zen, eta lehen bi urteak Zientzia Politikoen titulazioarekin partekatzen ziren. 1995-96 ikasturtetik aurrera, Soziologia eta Zientzia Politikoak titulazioak bereizi egin ziren, eta Soziologiakoa lau urtera murriztu zen. Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparrua ezartzeko eta haren arabera egokitzeko hezkuntza-arloan egin behar izan ziren aldaketen esparruan, esperientzia handi horrek bermea eman zion Soziologiako Gradua ezartzeko eskaerari.

1995ean, Publizitatea eta Harreman Publikoak hasi zen irakasten Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, lizentziaren ikasketa-plana onartu ondoren. Aurrekaria hau zen: Informazio Zientzien Fakultateko ikasketa-plan zaharraren bigarren zikloko publizitateko espezializazioa (zeina Kazetaritzarekin batera jarri baitzen martxan).

Ikus-entzunezko Komunikazioa: Lizentzia hori Kazetaritza karrerako bigarren ziklo gisa hasi zen eskaintzen, eta irudiaren eta zinemaren ikasketari lotutako irakasgaiak ematen ziren. 1995 arte ez zen Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentzia gisa ezarri, eta 1998-1999 ikasturtean izan zen ikasketa hauetako lehenengo graduatuen promozioa.

Gainera, hiru gradu bikoitzak 2021/22 ikasturtean ezarri dira.

- Gradu Bikoitza: Ikus-entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza

- Gradu Bikoitza: Kazetaritza + Publizitatea eta Harreman Publikoak

- Gradu Bikoitza: Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia

 

Fakultatea zenbakitan:

Gaur egungo ikasleak: Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak gaur egun 2.679 ikasle ditu matrikulatuta:

- Gradua: 2.358.

- Erasmus/Sicue eta beste mugikortasun-programa batzuk: 118.

- Masterrak: 203.

Gaur egungo irakasleak: 313.

- Ikasle graduatuak (40 urtean): 18.208 titulatu, guztira.

- Komunikazioaren adarra: 14.690.

- Gizarte Zientziak: 3.518.

Sariak eta aintzatespenak

Berrogei urte hauetan guztietan, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak oso aintzatespen garrantzitsuak jaso ditu, hala nola Euskal Kazetarien Elkarteak duela gutxi erakunde edo entitatearen kategorian emandakoa (2021).

Era berean, EUSKALITeko Ebaluazio Klubak Kudeaketa Aurreratuaren Zilarrezko aintzatespena eman zion 2020an. Sari horrekin, berrikuntzaren eta kudeaketaren hobekuntzaren esparruan egindako ahalegina saritzen du Eusko Jaurlaritzak.

Bestalde, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren aintzatespena jaso zuen Fakultateak iaz, zeinaren bidez ikastegian ematen diren ikasketa ofizialen kalitate-bermea ziurtatzen baita.

2018an, halaber, “Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria” lortu zuen ikastegiak, barne-kudeaketan euskara ezartzeko egindako lanagatik.

Gainera, lan hori, euskararen hedapenarena, ere aitortu egin zaio Rikardo Arregi XXX. Kazetaritza Sariaren bidez, 1969az geroztik bost hamarkadaz euskarazko kazetaritzaren alde egindako lanagatik.